Breadcrumb

Albisteak

Bilboko Irakasleen Eskolak Zientziak eta Matematika VI. Argazki Lehiaketaren sariak banatu ditu

Lehenengo argitaratze data: 2013/03/21

Fátima Mañas, Maitane Falagán eta Haydée Díaz UPV/EHUko ikasleak dira irabazleak.

Bilboko Irakasleen Eskolako Matematika eta Zientzia Esperimentalen Didaktika Saileko zuzendari Gurutze Maguregik VI. Argazki Lehiaketaren irabazleak ezagutzera eman ditu gaur goizean. Fátima Mañas, Maitane Falagán eta Haydée Díazek jaso dituzte, hurrenez hurren, 300, 200 eta 100 euroko sariak Juliana Agirrezabalaga Aretoan. Argazki sarituak hauek dira: Fátima Mañasen 'Desfile'; Maitane Falaganen 'Elipse. Zentrukidez osaturiko azalera'; eta Haydée Díazen 'Naturaleza concéntrica'.

Lehiaketaren irabazleak UPV/EHUko ikasleak dira. Díaz Medikuntzako gradua eta Falagánek eta Mañasek Haur Hezkuntzako gradua ikasten dute. Bigarren sarituak, Maitane Falagánek, argazkia aurkezterakoan gogoeta ere egin zuen: "Benetan dagoena ikusteko, maiz, ikuspegia aldatu behar dugu, barrurantz eta barrutik begiratuz". Lehengoak, Fatima Mañasek, Eskolako banku bati "ez ohiko den beste angelu batetik botatako begirada bat" egin zion.

Matematika eta Zientzia Esperimentalen Didaktika Sailen irakasleek epaimahaia osatu zuten eta "aukeraketa nahiko zaila izan zen", Ainhoa Berciano epaikidearen esanetan. Aurten, 38 lan aurkeztu zituzten. Epaimahaiaren ebazpenak originaltasuna, sormenari dagokionez eginiko ahalegina eta gaia jorratzeko modua kontuan hartu du, bai Matematikaren oinarrizko edukien interpretazioan bai zientziaren ikuspuntu hezitzailean. Argazki guztiak erakutsiko dituzte Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako sarreran martxoaren 20tik 27ra arte, eta apirilean 8tik 12ra arte.