Albisteak

Euskal herritarren atzerriko etorkinei buruzko iritzia hobea da orain

Lehenengo argitaratze data: 2014/03/10

Eusko Jaurlaritzako Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendari José Luis Madrazok eta Euskadiko Immigrazioaren Behatokiko zuzendari Gorka Morenok aurkeztu dute gaur Bilbon Ikuspegi Barometroa 2013ren datuak, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreorde Carmelo Garitaonandiarekin batera. Urtean behin egiten den azterlanak euskal herritarren atzerriko etorkinei buruzko jokabideak eta iritziak biltzen ditu. Ekitaldi berean, Morenok Ikuspegiren azken alea, EAEko Immigrazioaren 2013ko urtekaria-Immigrazioa eta krisiaren eragina, aurkeztu du.

Euskal gizarteak, beste askok bezala, kontraesanak eta anbibalentziak agertzen ditu, immigrazioaren fenomenoaz galdetzen zaionean. Ikuspegi Barometroa 2013 Euskal Herriko Unibertsitateak egiten du, Enplegu eta Gizarte Politika Sailak finantzatuta. Azken alearen arabera, aurreko jokabideari eusten dio gizarteak, baina, behintzat, 2012ko emaitzek okerrera egin ostean, joera negatiboak ez du txarrera egin.

Immigrazioaren Behatokiko zuzendari Gorka Morenok adierazi du "Euskadiko immigrazioari buruzko iritzi eta jarreren gaineko Barometro 2013ko datuek erakusten dute 2012ko datuekiko hobekuntza bat, azken horiek markatzen baitute Barometroaren serie historikoaren onarpen-datu baxuenak. Dena dela, krisiaren eragina somatzen da oraindik ere immigrazioarekiko jarreretan, batez ere lan-merkatuari buruzko gaietan edo prestazioetara eta gizarte-zerbitzuetara iristeko kasuetan.

Ildo horretatik, immigrazio-politiketako arduradun Jose Luis Madrazok nabarmendu du "2013an izandako joera-aldaketak immigranteekiko jarrera toleranteago eta atseginagoa marrazten duela, hori guztia kontuan izanda krisiak eragindako geldialdi ekonomiko eta soziala". Urte bukatzean, EAEn kolektibo horrek 148.877 kide zituen, 2006an baino % 74 gehiago.

1998 eta 2013 artean, tokiko biztanleen kopurua 40.625 pertsonatan jaitsi da, baina EAEko biztanle-kopurua 93.054 pertsonatan hazi da. Hazkunde demografikoaren oinarrian 133.679 atzerritarren etorrerak eragin du; atzerritarrak EAEko biztanleen % 6,8 dira, eta Espainiakoen % 12,2.

Atentzioa ematen du, nabarmen eman ere, Euskadi Estatuan etorkin gutxien duen erkidegoetako bat izanda, biztanle autoktonoek uste izatea atzerritarren kopurua egiazkoaren bikoitza dela (% 16,5 direla uste dute, % 6,8 diren arren, erroldaren arabera). Hala ere, galdekatutako pertsonen % 46,6k uste du etorkin "asko edo gehiegi" dagoela. Beste erdiak, zehazki % 49,4k, kopurua "egokia edo are txikia ere" dela uste du.

2013an, Euskal Autonomia Erkidegoak Estatuko laugarren atzerritar-kopuruaren jaitsiera erlatibo txikiena izan du; erroldan 3.017 atzerritar gutxiago daude.

Ikuspegi Barometroa 2013k jakin badaki atzeraldiak datu oro baldintza dezakeela, baina 2012an biztanleen % 11,6k uste bazuen ere immigrazioa arazo bat zela Euskadin, urtebete geroago, uste hori bera duten euskal herritarrak % 7,2 dira. Are gehiago, % 1,2rentzat Euskadiko lehen arazoa da immigrazioa.

Azken urtean aldatu ez dena da gizartearen ikuspegi asimilazionista; izan ere, euskal biztanleriaren % 52,9aren iritzian, hobea da ohitura eta tradizio berberak partekatzea. Halaber, ez da aldatu bizikidetza-ereduen gaineko iritzia (% 83,3aren ustean, etorkinak bertakoen ohitura eta tradizioak bere egiten ahalegindu behar dira, ez alderantziz).

Immigrazioaren gaineko ikuspegi utilitarista, lan-merkatuari dagokionez, krisiaren eraginak nabarmen erasan du: 2004an, biztanleen % 80k uste zuen Euskadik etorkinak behar zituela zenbait lan-sektoretan jarduteko; aldiz, 2013an, % 35,4 dira uste hori dutenak. Era berean, 2004an, % 11k uste zuen ez zela etorkinik behar. Iaz, ordea, iritzietan nagusia zen (% 43,9).

"Lan-merkatuaren premiei dagokienez, bat ez etortzea gertatu ohi da: batetik, egia da etorkinen funtzionaltasun ekonomikoa onartzen duen euskal biztanleen kopuruak behera egin duela, baina, bestetik, jarduera-egituraren edo lan-merkatuaren premia objektiboak ezin dira zalantzan jarri. Ez datoz bat, beraz, behar ekonomiko objektiboak eta gizarte-onarpena, eta hori ezinbestean gainditu beharreko ataka da", adierazi du Behatokiaren zuzendari Gorka Morenok.

Gizartearen immigrazioarekiko tolerantzia-indizea estu lotuta dago etorkizunak eragiten dituen mesfidantzari eta ziurgabetasunari, batez ere, norberaren lanari eta egoera ekonomikoari dagokienez. Hori dela eta, Ikuspegi Barometroak ondorio hau ateratzen du: "Ziurrenik, tolerantzia-indizea ez da krisiaren aurreko mailara itzuliko, harik eta krisia gainditzen den arte".

Hala ere, barometroaren arduradunek azpimarratu nahi dute tolerantzia iazkoa baino handiagoa dela; hau da, etorkinen fenomenoa normalizatzen ari da. "Lan-arloko kezkak, kezka ekonomikoak eta etikoak handiak diren garai honetan, euskal biztanleriaren iritzian, immigrazioa ez da lehen mailako arazo bat", nabarmendu du Eusko Jaurlaritzaren Familia Politikarako eta Garapen Komunitarioko zuzendari José Luis Madrazok.

Behatokiaren datuen arabera, bi pertsona-profil daude, fenomeno horren aurrean ez direnak hain toleranteak: egoera pertsonal eta sozial ahulagoan dauden pertsonak eta nagusikeriazko nortasuna dutenak.

Oro har, euskal gizartea anbibalentea da (100dik 55,4). Toleranteak 100dik 70,9 dira, eta gustuko ez dituztenak, aldiz, 2012an 30,9 izatetik 2013an 38,3 izatera igaro dira; alegia, krisiaren aurreko mailaren antzekora.