Albisteak

Fisioterapiako laborategi teknologiko berrien inaugurazioa

Lehenengo argitaratze data: 2014/01/27

Gaur, urtarrilak 27, astelehena, hiru laborategi berri inauguratu dira, UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultatean Fisioterapiako Graduko irakaskuntzak emateko ekipamendu teknologiko eta digitalarekin. Instalazio horiek mugimendua eta errealitate birtuala analizatzeko ekipamendu informatikoa, softwarea eta analisi-sistemak dauzkate eta 200 m2 inguru hartzen dituzte. Hirugarren mailako ikasleen prestakuntzarako erabiliko dira, aurten lehenengo aldiz irakasten baita maila hori. Ekipamendu horrekin, halaber, graduko laugarren mailako prestakuntza-jarduerak egin ahalko dira, datorren ikasturtean, bai eta graduondokoak ere, udazkenean "Zahartze osasuntsua eta bizi kalitatea" masterra hasiko baita. Gainera, fisioterapiaren arloko ikerketa-beharrei erantzungo diete.

Inaugurazio ekitaldian parte hartu dute UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate zuzendari Javier Alonsok, Medikuntza eta Odontologia Fakultateko dekano Agustín Martínez Ibargüenek eta Fisiologiako katedradun eta Fisioterapia Graduaren ezarpenaren bultzatzaileetako bat izan den Jon Irazustak.

Goirizelaia errektoreak adierazi duenez, "Fisioterapia ikasketak jartzean UPV/EHUk ikasleen eskaerari erantzuna eman dio, baina bereziki gure gizartearen beharrei erantzun die. Orain, hiru laborategi berri hauen inaugurazioaren bidez, proiektua sendotu nahi dugu, ikasleen prestakuntza hobetuz eta ikerketaren aldeko apustuari eutsiz".

Ekipamendu teknologikoa

Medikuntza eta Odontologia Fakultateak Fisioterapia Gradurako jarri dituen hiru instalazio berriek ekipamendu modernoa daukate, ikasleei honako ikasgaiak eskaini ahal izateko: Jarduera fisikoaren eta kirolaren fisioterapia, Fisioterapian esku hartzeko metodo espezifikoa keta Ergonomia. Hogei fisioterapeuta inguruk jarduten dute irakasle, eta 2013-14 ikasturte honetan ezarritako hirugarren mailan 60 ikasle daude.

Irakaskuntzarako azpiegitura berria osatzen duten ekipamenduak honako laborategietan daude banatuta: Zinesiologia eta motrizitatea (mugimenduaren analisia), Balorazio funtzionala (bihotzekoa eta arnas aparatukoa) eta Balorazio muskularra (ergonomia eta lan isozinetikoa). Hiru aretoek guztira 200m2 hartzen dituzte. Horiei gehitu behar zaizkie jada lehen eta bigarren mailako ikasleen irakaskuntza praktikorako erabiltzen ari diren lau laborategiak, 500m2 hartzen dutenak.

Zinesiologia eta Motrizitateko laborategiak giza gorputzaren mugimenduak analizatzeko eta anormaltasuna berreskuratzeko behar den ekipamendua dauka. Bertec indar-plataforma bat dauka, Myon Prophysics sistema, Vicon sistema eta Medilogic sistema.

  • Bertec indar-plataformak Acquire 4 software digitala dauka, zeinak aukera ematen baitu datuak azkar eta erraz biltzeko. Zehazki, 4060-08 modeloa, zeina normalean analisi klinikoetan eta ikerketa-analisietan erabiltzen baita, egokia da ibileraren, orekaren eta ergonomiaren analisi biomekanikorako bai eta analisi estatiko eta dinamikoak egiteko ere.
  • Myon Prophyusics diseinatuta dago elektromiografiako probak egiteko, giharrek nerbioen estimuluei ematen dieten erantzuna neurtzeko, modu errazean, datuak prozesatzeko eta entrenamenduak biofeedback bidez eta denbora errealean egiteko.
  • Vicon sistemak mugimendua harrapatzeko, xede klinikoak eta ikerketakoak dituzten analisiak egiteko eta errehabilitaziora orientatutako animazioak produzitzeko beharrak betetzen ditu. Gainera, zehaztasun oso handiko tresna bat da, milimetro bateko posizionamendu-akats txikiak harrapatzeko gai dena, denbora errealean.
  • Medilogic oin-zolako presioa neurtzeko sistemak aukera eskaintzen du oin-zolaren azpiko presioen banaketa erregistratzeko, zapataren beraren barruan, sentsore kopuru handia duten plantilla malgu eta fin batzuen bitartez.

Balorazio funtzionaleko laborategian kabina pletismografiko bat eta zintako ergometro bat badaude. Horretaz gainera, laborategiak ekipamendu oso bat dauka espirometriak egiteko, baina birikako aire-bolumen absolutuei buruzko informazioa lortu ahal izateko kabina pletismografiko bat behar du, non hondar-bolumena, hondarreko gaitasun funtzionala eta guztizko birika-gaitasuna neurtuko baitu. Zintako ergometroa kirol-medikuntzarako eta kirolari profesionalen entrenamendua ebaluatzeko dago diseinatuta.

Balorazio muskularreko laborategiaren aretoak sistema funtzional bat badauka, zeinak aukera ematen baitu modu objektiboan kaltea eta laneko ezgaitasuna neurtzeko eta lanerako itzulera ebaluatzeko. Gainera, prestazio zabalak eskaintzen ditu jarduera artikular eta muskular guztia baloratzeko eta errehabilitatzeko, bai eta errekuperazio funtzional isotoniko, isozinetiko, isometriko eta pasiborako ere. Honako arloetan aplikatzen da: ortopedia, errehabilitazio neurologikoa, esku-terapia, geriatria, kirol-medikuntza, errehabilitazio industriala eta erredurak dituzten pertsonen errehabilitazioa.

Ekipamendu berriak erosi izanak Medikuntza eta Odontologia Fakultateari Fisioterapiako Graduaren ezarpena osatzeko behar diren baliabideak emateko beharrari erantzuten dio. 2011-12 ikasturtean hasi zen gradu hori. Gaur egun, guztira, 178 ikasle dauzka, Fisioterapia ikasten ari direnak abian diren hiru mailetan. Ekipamendu berriak 424.343 €-ko inbertsioa eskatu du, UPV/EHUko Bizkaiko Campusak finantzatuak, irakaskuntza-beharrak eta aurrekontua ikusita.

Laborategi horiek lehendik dauden 500 metro koadroko instalazioak osatzen dituzte. Instalazio horiek bidea ematen dute praktikak egiteko honako ekipamenduak erabiliz: entrenamendu muskular analitikoko ekipamenduak, bibrazio-plataformak, magnetoterapiako unitateak, poleoterapiako sistemak, jarreren berreziketa globala, txokeko uhinen bidezko tratamenduak edo hipertermiako gailuak.

Fisioterapiako Gradua

Fisioterapiako Gradua 2011/12 ikasturtetik dago ezarrita UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultatean (Sarriena auzoa z.g.). 60 ikaspostu eskaintzen ditu eta 2013/14 ikasturteko atalase-nota 10,96koa izan da ohiko deialdian. Titulazio hori eskuratzen duen gradudunak gaitasuna izanen du fisioterapian jarduteko, graduondoko prestakuntza klinikoa jasotzeko eta ikerketarako. Graduak ezagutza egokia eskaintzen du osasunaren zientzien oinarriei buruz, bai eta metodo zientifikoen ulerkera egokia ere. Halaber, ezagutza egokia ematen du gizakien, osasuntsuen nahiz gaixoen, egiturari, funtzioei eta jokabideei buruz.

Medikuntza Historiaren Museoa

Fisioterapiako areto berriak orain arte Medikuntza Historiaren Museoak hartzen zituen instalazioetan, Medikuntza eta Odontologia Fakultatean bertan. Berrantolaketa honek balio izan du museoak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak Liburutegiaren eraikineko hirugarren solairuan biltzeko.
Horrela, Artxibo Historiko eta Administratiboak, Mintegiak eta Herritar Medikuntza eta Medikuntza Paraleloetarako eremuak egungo instalazioen ondoko eraikin-hegalean dauden hiru aretoen eta biltegiaren 106,38 m2 hartuko dituzte. Hemendik aurrera Mintegian ematen diren eskola teoriko eta praktikoek tokia partekatuko dute entitatearen ondare zientifiko eta historikoarekin, eta horrek zentroaren irakaskuntza- eta ikerketa-lanak erraztuko ditu.

Medikuntza Historiaren Museoak 6.000 objektu mediko eta zientifiko dauzka, XIX. eta XX. mendeetakoak, Euskal Herriko sendagile, ospitale eta beste erakunde batzuek erabilitakoak. Halaber, garai bereko funtsak dituen liburutegi bat badauka. Besteak beste, nabarmentzekoak dira Basurtoko Ospitaleko liburutegi historikoa eta XX. mendeko zenbait hiztegi entziklopediko -adibidez, Dechambreren Dictionnaire encyclopédique des sciences médicales, ehun liburuki baino gehiago dituena, edo 1821eko Diccionario de Ciencias Médicas, 31 liburuki dituena-.

Museoa José Luis Gotik sortu zuen 1982an, eta gaur egun Anton Erkoreka irakasleak zuzentzen du. Best College Online Iparramerikako webgunearen munduko 30 unibertsitate-museo harrigarrienen zerrendan dago. Webguneak arkitektura, baliabideak eta museoaren bildumaren funtsak bezalako ezaugarriak baloratzen ditu, bai eta unibertsitate-erkidegoaren esparruan betetzen duen irakaskuntza-funtzioa ere.