UPV/EHUko Arte Ederretako ikasleek eskultura bat sortu dute Bilboko Itsasadarra Itsas Museorako
Lehenengo argitaratze data: 2013/07/24
Museoko kaian ikusgai egongo den 'Baluarte 1,2,3,4,5' artelana, bost edukiontziz osatuta dago.
GAUR asteazkena, uztailak 24, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Arteko Graduko laugarren mailako ikasleak diren Alberto Díezek eta Leo Burgek sortutako "Baluarte 1,2,3,4,5" eskultura aurkeztu dute Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko kaian. Aurtenetxea Containers enpresaren ekimenez Zabala Arquitectos-en laguntzarekin eta Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren eta UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatearen parte hartzearekin, bukatu berri den ikasturte honetan zehar deialdi irekia burutu da Arte Ederren Fakultateko ikasleen artean Museoaren kanpoalderako bereziki pentsatutako interbentzio proiektu artistikoak aurkeztu ditzaten. Proiektu horiek, edozein motatakoak izan zitezkeen (piktorikoak, eskultorikoak, ikus-entzunezkoak, performanceak, etab.). Aurkeztutako proiektuen artean, Alberto Díezen eta Leo Burgeren "Baluarte 1,2,3,4,5" formatu handiko eskultura izan da aukeratua, eta dagoeneko ikusgai dago Museoko kaietan Bilboko portuaren historiaren iraganarekin eta orainarekin elkarrizketan.
Inaugurazio ekitaldian parte hartu dute Jon Ruigomez Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko zuzendariak, Natxo Rodríguez UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Unibertsitate Hedapeneko dekanordeak, Julen Aurtenetxea Aurtenetxea Containers enpresako gerenteak, Basilio López Zabala Arquitectos taldeko arkitektoak eta baita ere Alberto Díez eta Leo Burge UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleak eta eskulturaren egileak.
"Baluarte 1,2,3,4,5" eskultura bost edukiontziz osatuta dago. Sortzaileek adierazi dutenez, "lan honek, bolumen horien antolaketa arrazionalari aurre egiten dio eta, era berean, era zuzenean egiten du bat herritarrekin. 'Haurren' ekintza baten antzekoa da, egunerokotasunaren eta normalean jokoarekin erlazionatzen dugun bolumen bitxi baten arteko ezohiko talka bat eragiten duena".
Eskultura hau irailera arte egongo da ikusgai Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko kanpoaldean. Hiriko eta portuko paisai berriztuaren kontrapuntua izango da eta Museoaren bildumako piezekin eta jarri berriak diren Jesús Lizasoren edota Pedro Txillidaren eskulturekin partekatuko du lekua.
UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateak interes berezia dauka bere ikasleen arte lanak hirian integratzeko, eta gogo horren fruitua da proiektu hau. Izan ere, kurtso osoan zehar hainbat ekimen burutu ditu Fakultateak merkataritzan, galerietan edo ohikoak ez diren eremuetan, Deustuko Zubia kasu.
Bestalde, aurten bere hamargarren urteurrena betetzen duen Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak bere helburuen artean dauka bisitariengana ahalik eta gehien hurreratzea eta beraiekin emozionalki konektatzea. Horretarako, ekimen desberdinak jarri ditu abian, hala nola, urteko astearte guztietan sarrera doan izatea edo kanpoaldeko erakusketa eremua -Euskalduna Ontziolen dikeak kokatuta zeuden tokia- dinamizatzea terraza berri batekin eta arte-lanekin. Eta bertan egongo da ikusgai, hain zuzen ere, "Baluarte 1,2,3,4,5".