Albisteak

Energia-kalitate handiagoz hornitutako etxebizitzak eraikitzeko probetarako bankua

Lehenengo argitaratze data: 2013/09/05

UPV/EHUko ENEDI Taldeak etxebizitzen eta, oro har, eraikin guztien kalitatea hobetzeko egiten du lan.

UPV/EHUko ENEDI Taldeak (Energetika Eraikuntzan) etxebizitzen eta, oro har, eraikin guztien kalitatea hobetzeko xedez dihardu lanean. Horretarako, Europako direktibetan eraikinen energia-aurrezpenari, isolamendu termikoari eta eraginkortasun energetikoari dagokienez finkatutako irizpideei jarraitzen die. Horrez gain, jasangarritasunarekin, bizigarritasunarekin, iraunkortasunarekin, funtzionaltasunarekin eta mantentzearekin lotutako irizpideei jarraitzen die. Gaur egun, instalazio esperimental bat ari da muntatzen, datozen urteetan eraikinetan txertatuko diren energia-teknologien inguruko probak egiteko baliagarri izango dena.

Horretarako, eraikinen eraginkortasun energetikoaren inguruan garatzen du ENEDIk bere ikerketa-ildoa, bai inguratzaileari lotuta (bereziki, beroa eta hezetasuna transferitzeko prozesuetan), bai instalazioen energia-portaerarekin lotuta. "Gure ikerketa Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari gehien interesa dakizkiokeen ildoetara bideratzen dugu, neurri handi batean", azaldu du Jose Mª Sala Lizarragak, UPV/EHUko Makina eta Motor Termikoen Saileko katedradunak.

Energia-aurrezpena

Adibide batera, aurreko Gobernuak bultzatu zuen Revive Plana aipa daiteke. Plan horri esker, 600 edo 700 etxebizitza-jabek diru-laguntza jaso zuten blokea osotara birgaitzeko edo eraberritzeko. "Diru-laguntza horiek jasotzeko, jabeek erakutsi behar dute birgaitze horrekin energia-aurrezpen jakin bat erdietsi dela. Horren ingurukoa da Etxebizitza Sailari eskaintzen diogun aholkularitza, hots, bloke bakoitzean kokatu beharreko sentsore-moten eta datuak pilatzeko sistemen ingurukoa", gaineratu du Salak. Ondoren, datu horiek jaso (tenperatura, hezetasuna, kontsumoa eta beste neurtuz) eta behar bezalako tratamendua eman behar zaie, birgaitzearekin egiaz erdietsitako energia-aurrezpena zenbatekoa den balioesteko.

Berriki, UPV/EHUk eta Bilboko Udal Etxebizitzak hitzarmena sinatu dute, "Energia-aurrezpena Etxebizitza Birgaituetan" izeneko programa garatzeko asmoz. Bilboko Udal Etxebizitzak higiezinen parke bat kudeatu eta mantentzen du, 4.000 etxebizitza sozial inguru biltzen dituena. "Guk aholkularitza eskaintzen diegu birgaitze-lanekin lotuta. Behin eraikin bat birgaitu ondoren, dagokion monitorizazioa eta eraikineko datuen azterketa burutuko dugu, energia-aurrezpena zenbatekoa izan den zehazteko" azaldu du. Helburua etxebizitza sozial horietan bizi direnen erosotasun-kondizioak hobetzea da. Horretarako, eraikinaren inguratzailea moldatu behar da, isolatze egokia aplikatuz bero-galerak murrizteko eta instalazioak hobetzeko. Hala, baliabide gutxi dutenek jasateko moduko energia-kontsumoa lortzen da, betiere etxebizitzen barruan erosotasun-kondizio batzuei eutsiz.

Eraikinetako energia-instalazioak

Berriki beste lan-ildo bat txertatu dute beren jardunean instalazioen energia-portaera aztertze aldera, eraikinetako energia-instalazioei dagokiena. Horretarako, instalazio esperimental bat muntatu da, datozen urteetan eraikinetan txertatuko diren energia-teknologien inguruko probak egiteko baliagarri izango dena. Proba horien helburua informazio jakin bat eskuratzea da, eraikuntza-sektoreko eragileek erabili ahal izateko. Instalazio horietan ohiko ekipamendu edo mikrosorkuntzarako instalazioekin batera, energia berriztagarriko instalazioak txertatuko dira (minieolikoa nahiz eguzki termikokoa, fotovoltaikoa, etab.). Finean, probak egiteko instalazio horri esker, ekipamendu-mota batzuen funtzionamenduari buruzko datuak jaso ahal izango dira, eta ekipamendu horiek jardute-estrategia batean baino gehiagotan abiaraziko dira. Informazio horrekin, ikusiko da zein teknologia diren eraginkorrenak, nola txertatzen diren egokienik ekipamendu-mota ezberdinak, eta zein jardute-moduk eragiten duten energia-kontsumo txikiena.

Probetarako banku hori Sailaren, Visesaren promozio publikoetan instalatzea aurreikusten den ekipamendu berrientzat erabiliko da eta, ondoren, egoki irizten dioten beste erakunde eta promozio pribatu batzuetan erabili ahal izango da.

Halaber, "fase-aldaketako materialetan oinarrituta (solidotik likidora eta likidotik solidora) energia pilatzeko gure sistema baten diseinua patentatzeko eskaria egina dugu. Interesgarria iruditu zitzaigun hura babestea eta iaz patentea eskatu genuen. Erantzunaren zain gaude", gaineratu du Salak.

ENEDI Taldeari buruz

ENEDI Taldea (Energetika Eraikuntzan) 2005ean eratu zen, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak eta UPV/EHUk sinatutako hitzarmen baten ondorioz. Hitzarmen horren arabera, ikerketa-talde hori arduratzen da Eusko Jaurlaritzaren Eraikuntzaren Kalitatea Kontrolatzeko Laborategiko (EKKL) Arlo Termikoa kudeatzeaz eta garatzeaz.

Gaur egun, ENEDI Taldean 9 doktore ari dira (horietako 7 Makina eta Motor Termikoen Sailekoak eta 2 Materialen Ingeniaritza Sailekoak), Makina eta Motor Termikoen Saileko 6 irakasle ez doktorek eta 6 doktoregai. Ikerketak, funtsean, Eusko Jaurlaritzaren Eraikuntzaren Kalitatea Kontrolatzeko Laborategiko (EKKL) Arlo Termikoaren instalazioetan egiten dira, Gasteizen. Zenbaitetan, beste zentro batzuekin kolaboratzen da: esate baterako, Sevillako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Reutlingengo Unibertsitatea (Alemania) eta Glasgoweko Caledonian Unibertsitatea (Eskozia).