XIX. mendeko eremu militarra aurkitu dute Bastidako gazteluan
Lehenengo argitaratze data: 2013/08/21
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Paisaien eta Ondarearen Ikertaldea, azken asteotan, arkeologiako proiektu batean aritu da lanean Bastidako (Araba) gazteluan Arabako Aldundiaren finantziazioa lagun.
Bastidako gazteluaren berri 1370eko agiri garrantzitsu baten bidez izan zuten; izan ere, Erdi Aroko agiri horretan jasota ageri da Gaztelako Henrike II.a erregeak Diego Gómez Sarmiento jaunari, Gatzagako lehenengo kondeari, Bastidako hiribilduko jaurerria eta gaztelua eman zizkiola. Hala ere, litekeena da gaztelua zaharragoa izatea, gazteluaren magalean Bastidako Kristo Santuaren baseliza baitago, hiribilduko lehenengo parrokia izandakoa, Goi Erdi Aroan eraikia. XVIII. mendearen amaiera aldera oraindik zutik zeuden, nahiz eta egoera oso txarrean egon, gazteluaren bastioi eta dorre batzuk, J. J. Landazuri historialari arabarrak adierazi bezala.
Euskal Herriko Erdi Aroko gaztelu eta lehenengo hiriguneei buruzko azterlana oinarri hartuta, 2012an, UPV/EHU aztarnategi horretan lanean hasi eta ikusi zuten mendiaren mazalean harresi aztarnak zeudela eta tontorrean, zenbait egitura.
2013ko uztailaren erdian hasi eta abuztuaren erdi aldera arte egindako ustiaketa lan honen bidez, gazteluarena izandako gunea identifikatu ahal izan dute, Erdi Aroan eraikia. Hala ere, duela gutxi suntsitu egin da aztarnategiaren zati handi bat, eta ez da posible izan egituraren ezaugarriak eta morfologia aztertzea.
Garrantzitsuak dira, baina, gazteluaren azken okupazio aldiari buruzko aurkikuntzak, XIX. mendekoak. Ustiaketan eremu militar baten aztarnak aurkitu dira, Ebroko bailara osoa mende zuen eremu garrantzitsua. XIX. mendean oraindik ere erabili izan zuten hiribilduan izandako borroka militar askotan, nahiz eta gero zati handi bat suntsitu egin den. Aurkikuntza Napoleonen garaiko erakusle bat dugu, eta litekeena da gaztelua berriz okupatu izana Gasteizko Batailan, agirietan ageri den lehen aipamena 1838. urtekoa izan arren.
Zalantzarik gabe, lehenengo eta bigarren gerra karlistan erabilia izan zen eremu militarra, material asko aurkitu baita garai hartakoa, besteak beste: txanponak, munizioa eta uniformeak.
Beraz, Arabako beste alde batzuetan egindako aurkikuntzekin batera, honako honek bide ematen du lurralde horretan izandako gatazken berri izateko. Gainera, material bioarkeologiko ugari aurkitu da (jaki hondarrak, hondakin botanikoak) eta aukera ematen dute aztertzeko zein bizi baldintza zeukaten eremu honetako militarrek garai hartan Arabako Errioxa aldean izandako gatazketan.