UPV/EHUk ikerketarako laguntza berriak onartu ditu, guztira 1,4 milioi euro
Lehenengo argitaratze data: 2014/03/06
Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen II. Prestakuntza Planak 2017ra arte izango ditu ondorioak.
UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak ikerketarako zenbait laguntza onartu ditu datako egunean egindako bileran. Zehatzago esanda, laguntzak emateko hiru deialdi onartu ditu 2014. urterako. Horretarako 1,4 milioi euro erabiliko dira guztira, Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako programa kontratukoak. Bestalde, Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen II. Prestakuntza Plana onartu du, 2017ra arteko ondorioak izango dituenak. Plan berri horren helburua da AZPko langileen garapen profesionala sustatzea.
Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak aldeko iritzia eman ondoren, Gobernu Kontseiluaren bileran onartu den lehenengo deialdiak hiru atal ditu, eta guztira 750.000 euro emango dira. Lehenengo atalaren helburua da irakasle eta ikertzaileek ikerketari ekiteko edo berrekiteko aukerak erraztu eta bultzatzea; hau da, unibertsitatean hasi berriak diren irakasleei ikerketa lanari ekiten laguntzea, eta, orobat, une hauetan proiektuetan ari ez diren irakasle doktoreek ikerketa lanari berrekitea.
Bigarren atalak, berriz, ingurune zientifiko, teknologiko eta humanistikoko arlo berritzaileetan aurrera eramango diren planak finantzatuko ditu. Era beran, eta besteak beste, kanpo finantziazioa lortzea zaila duten proiektuak sustatuko dira. Modu horretara berrikuntza bultzatuko da, lehiakortasuna indartzeko eta gizarte ongizatea hobetzeko elementu gisa. Hirugarren atalean emango diren laguntzak izango dira jakintza gizarteari transferitzen lagunduko duten ikerketa proiektuetarako; hau da, UPV/EHUren eta gizartearen arteko harremanak dinamizatu eta sendotzeko ekimenak, bultzatuta Euskal Herriko erakunde sozial eta ekonomikoentzat erabilgarriak izango diren ekimenak eramatea aurrera.Aipatutako hiru ataletan laguntza guztiaren erdia baino gehiago (750.000 €) erabiliko da.
Bigarren deialdian emango diren laguntzak (150.000 euro) izango dira ikertzaileek biltzar zientifikoetan parte har dezaten. Azkenik, hirugarren deialdia (500.000 euro) izango da finantzatzeko ekipamendu zientifikoaren eta funts bibliografikoen erosketa eta berritzea UPV/EHUrako. Deialdiaren xedea da unibertsitateko ikertzaileek ekipamendu moderno eta eraginkorra eskuratu dezatela.
Aipatutako laguntzen helburua da, azken finean, kalitateko ikerketa sustatzea (dela ikerketa zientifikoa, dela teknikoa, dela humanistikoa, dela artistikoa), jakintza gizarteari transferitzen laguntzea eta ikerketa taldeak nazioarteko bikaintasun sareetan txertatzea.
Garapen profesionala
Gobernu Kontseiluak Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen II. Prestakuntza Plana ere onartu du datako eguneko bileran. Plan horrek 2017ra arte izango ditu ondorioak eta bere helburua da unibertsitateko langileen garapen profesionala sustatzea, prestakuntza hobea izanda erakundean egiten dituzten zereginak hobeto beteko dituztelako langileek.
Plana sindikatuekin izandako negoziazioaren emaitza da, sindikatuen gehiengoak bat egin baitu plan horrekin. Planaren arabera prestakuntza eskubide bat da, administrazio eta zerbitzuetako langileek planean jasotako ekimenetan aktiboki parte hartzeko bidea ematen duena, bai eta etorkizunerako hobekuntza proposamenak egiteko bidea jartzen duena ere.
Planak hainbat prestakuntza lerro zehazten ditu, bai eta ekitaldi bakoitzeko aurrekontuaren aurreproiektuan partidak jasoko direla ere, akordioan adierazitako konpromisoak bete ahal izateko. 2014. urteko aurrekontuan 105.000 euroko diru kopurua dago aipatutako helburuetarako.