Artea eta Giza Zientziak
Eduki publikatzailea
Berriak
Argitalpen Zerbitzuaren tituluak, liburu akademikoen datu base nagusian
CSICrekin batera, liburuak Thomson Reuters'en ‘Book Citation Index'ean izango dituen Espainiako erakunde bakarra da UPV/EHU
Lehenengo argitaratze data: 2016/03/05
UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuaren hainbat sail eta bildumetan argitaratzen diren liburuak liburu akademikoen munduko datu base nagusian, 'Book Citation Index'ean, egongo dira, ‘Thomson Reuters' informazio enpresak onartu egin baitu UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuaren tituluak bertan sartzea. Orain arte, Estatuan,CSICren testuak bakarrik zeuden indexatuta.
‘Book Citation Index' liburuak edo liburuetako kapituluak topatzeko, testu osoetara sarbidea izateko eta jaso dituzten aipuen kopurua ikusteko tresna bat da. Plataformak aukera ematen du ikerketa eremu bakoitzean eragin handienekoak diren argitaletxeak identifikatzeko. Gaur egun 2005etik argitaratutako eta indexatutako liburuen 60.000 titulu ditu, eta 15 milioi aipu baino gehiago.
Zientzia eta teknologiaren, osasunaren edo ingeniaritzaren arloko ikertzaile batentzat, esate baterako, bere ikerketen edo aurkikuntzen berri emateko biderik ohikoena aldizkari zientifikoak izaten dira, eta bertan aurkezten ditu ikerketa lanean lortutako emaitzak eta ondorioak. Baina giza eta gizarte zientzietako diziplinetan, besteak beste, historian, komunikazioan, ekonomian, filosofian, literaturan, hizkuntzalaritzan edo soziologian, liburuak izaten dira informazio iturri nagusiak.
Kalitatearen bermea
UPV/EHUk ezagutzaren arlo guztiak barne hartzen dituzten lanak argitaratzen ditu, eta horietan bateratzen dira interes komertziala eta unibertsitatearen munduak berezko duen maila tekniko eta zientifikoa.UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak argitaratzen dituen testuen kalitatea ziurtatuta dago; izan ere, argitaratu aurretik hainbat ebaluazio gainditu behar izaten dituzte.
UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuaren zuzendari den Teresa Agirreazaldegi Berriozabal andrearen esanetan ‘Book Citation Index'ean egotea kanpoko kalitate zigilu garrantzitsu bat izatea da. Agirreazaldegi andreak azpimarratu du "gure tituluak nabarmenago agertuko dira nazioartean; era berean, gure argitalpen zerbitzuak harrera hobea izango du Kalitate eta Ziurtapenaren Ebaluazio Agentzia Nazionalean (ANECA) edo Ikerketa Jarduera Ebaluatzeko Batzorde Nazionalean (CNEAI), besteak beste, eta bere lanak UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuaren bidez argitaratzea erakargarriagoa izango da egileentzat".
UPV/EHUko liburuak ‘Book Citation Index'ean egonda ziurtatzen da horien zabalkundea handia eta mundu mailakoa izatea, kontuan hartu behar baita datu base horiek izaten direla ikerketa zientifikoetarako informazioa bilatzeko plataforma nagusiak