Erabakia, 2020ko maiatzaren 28koa, UPV/EHUko irakasle ikertzaileen arloko errektoreordearena, irakasle ikertzaileen plaza iraunkorren lehiaketetako epaimahaien funtzionamendu mistorako jarraibideak onartzeko dena
UPV/EHUko errektorearen 2020ko martxoaren 14ko Erabakiaren bidez, eten egin ziren UPV/EHUn aurrez aurreko jarduera guztiak COVID‑19 birusaren agerraldiaren ondorioz, eta kontuan hartuta Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak osasun larrialdiko egoera ezarri zuela martxoaren 13an eta Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuela martxoaren 14an egun horretako 463/2020 Errege Dekretuaren bidez.
ndoren, maiatzaren 22ko 537/2020 Errege Dekretuaren bidez, bosgarren aldiz luzatu zen alarma egoera eta, besteak beste, amaiera eman zitzaion administrazio epeen etenaldiari, ekainaren 1etik aurrerako eraginekin. Etenaldi hori martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak ezarri zuen.
Bestalde, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legeko 17.1 artikuluaren arabera (40/2015 Legea, urriaren 1ekoa), kide anitzeko organoak eratzeko eta organo horiek bilerak deitu eta egiteko eta erabakiak hartu eta aktak bidaltzeko, aurrez aurre egonda nahiz urrutitik jardun ahalko da,.
Ildo horretan, idazkari nagusiaren 2020ko apirilaren 30eko Erabakiaren bidez, UPV/EHUko kide anitzeko organoen bilera telematikoen edo urrutitik egindako bileren funtzionamendurako jarraibideak onartu ziren.
Irakasle‑ikertzaileen plaza iraunkorrak beteko dituzten lehiakideak ebaluatu eta hautatzeaz arduratzen diren epaimahaiak kide anitzeko organoak dira, bost kide titularrek eta beste horrenbeste ordezkok osatuak. Pertsona horiek beste autonomia erkidegoetako unibertsitate publikoetako kideak eta UPV/EHUkoak izaten dira.
Azaldutakoa kontuan hartuta, eta Covid‑19 gaixotasunak eta bere bilakaerak eragin duten krisiaren aurrean, beharrezko ikusten da arduraz jokatzea eta epaimahaietan aritu behar diren pertsonen ibilia eta joan‑etorriak murriztea, pertsonen arteko kontaktu fisikoa saihesteko eta, hartara, birusaren hedapena galarazteko.
Horregatik, informazio eta komunikazio teknologien erabilera baliagarria da epaimahaiak eratu eta bilerak egiteko modalitate mistoan, hau da, aurrez aurre egonda eta urrutitik jardunda.
Adierazitakoagatik guztiagatik, eta Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2017ko urtarrilaren 25eko Erabakia dela bide (gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko, eta eskumenak eskuordetzeko emandako erabakia, 2017ko otsailaren 3ko EHAAn argitaratua), Irakasle‑ikertzaileen arloko errektoreordeak honako hau erabaki du:
Erabakia
Lehenengoa.- Helburua
Jarraibide hauen helburua da jarduteko arau espezifikoak eskaintzea UPV/EHUko IRIen plaza iraunkorrak betetzeko lehiaketetako epaimahaiei, modalitate mistoan egingo dituzten bileren funtzionamendu eta jardunerako, bat etorrita idazkari nagusiaren 2020ko apirilaren 30eko erabakiak ezarritako esparru orokorrarekin.
Jarraibide hauei dagokienez, modalitate mistoan UPV/EHUkoak diren epaimahaiko kideak aurrez aurre bilduko dira probak egingo diren ikastegian; eta gainerako kideek urrutitik jardungo dute, toki desberdinetan, online eta aldi berean, hala epaimahaia osatzeko nola lehiaketako hautaketa prozesua aurrera eramateko.
Lehiakideek aurkezpen ekitaldi publikora joan beharko dira, epaimahaiak zehaztuko duten tokira, modu presentzialean, eta espazio fisiko berean egongo dira UPV/EHUkoak diren epaimahaiko kideekin.
Edonola ere, erabiliko den ikasgela izan beharko da pertsonen arteko bi metroko gutxieneko distantzia gordetzeko modukoa, eta agintari eskudunek ezarritako gainerako segurtasun eta higiene neurriak bete beharko dira. Lehiaketako zati presentziala egingo den ikastegiko zuzendaritzaren ardura izango da ziurtatzea erabiliko den gelaren baldintzek errespetatzen dituztela indarrean egongo diren osasun neurriak. Horrexegatik, denboraz jakinarazi beharko zaio zuzendaritzari zenbat pertsona egongo diren gelan modu presentzialean.
Bigarrena.- Baimentzea baliabide elektronikoen erabilera
Bat etorrita Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legeko 17.1 artikuluarekin (40/2015 Legea, urriaren 1ekoa) eta idazkari nagusiaren 2020ko apirilaren 30eko erabakiarekin, UPV/EHUko IRIen plaza iraunkorrak betetzeko lehiaketetako epaimahaiek modalitate mistoan egin ahal izango dituzte saioak, eta modalitate hori lehenetsiko da Covid‑19ak eragindako osasun larrialdiak dirauen bitartean.
Aurrekoari lotuta, honako hauek hartuko dira epaimahaien saiotzat: epaimahaiak eratzekoa, lehiakideen aurkezpen saioa, eta hautaketa prozesuko probak.
Epaimahaia eratzeko saioaren jakinarazpena eta lehiakideen aurkezpen saioarena unibertsitatearen webgunean emango dira argitara eta bertan zehaztuko da, eguna, ordua eta tokiaz gain, saioa modalitate mistoan egingo dela.
Hirugarrena.- Baliabideak
Modalitate mistoan egingo diren bileretan baliabide elektroniko hauek erabili ahal izango dira: bideokonferentzia eta onlineko beste edozein baliabide, baldin eta horren bidez bermatzen bada epaimahaiko kideen arteko elkarreragitea denbora errealean, bai eta kide horien eta lehiakideen artekoa ere.
Laugarrena.- Urrutiko bilerak edo bilera telematikoak egiteko bermeak
Modalitate mistoan egingo diren bileretan kideen identitatea egiaztatuko beharko da eta bermatuko beharko da beren adierazpenen edukia, adierazpen horiek egiten diren unea nahiz kideen eta lehiakideen arteko elkarreragitea eta interkomunikazioa denbora errealean, eta bilerak irauten duen bitartean bitartekoak eskuragarri egongo direla.
Era berean, bermatuta egon beharko da epaimahaiko kideek benetan har dezaketela parte deliberazio eta eztabaidetan. Horrez gain, bermatu beharko da lehiakideek benetan eman ditzaketela beren azalpenak.
Epaimahaiko idazkaria arduratuko da berme horiek betetzen direla egiaztatzeaz.
Epaimahaiak saioak grabatzea erabaki dezake, eta hautaketa probetako parte hartzeak ere grabatzeko proposamena egin lehiakideei.
Bosgarrena.- Lehiakideen dokumentazioa
Lehiakideek hautaketa prozesuko probei dagozkien dokumentuak helaraziko dizkiete urrutiko epaimahaiko kideei, ahal dela posta elektronikoaren bidez edo dokumentu horiek behar bezala bidali eta jasotzea ahalbidetzen duen beste baliabideren baten bidez. Hauek dira bidali beharreko dokumentuak: curriculum vitae, irakaskuntza eta ikerketa proiektua eta, hala badagokio, ikerketa lan originala.
UPV/EHUkoak diren epaimahaiko kideek formatu elektronikoan zein paperean jaso ahal izango dituzte aipatutako dokumentuak.
Seigarrena.- Aktak
Aktak, kontratazio edo izendapen proposamena eta epaimahaiaren saioetako gainerako dokumentuak modu digitalean sinatuko dira eta Irakasle‑ikertzaileen arloko Errektoreordetzara bidaliko dira, gainerako dokumentuekin batera.
Zazpigarrena.- Laguntza eta gorabehera teknikoak
Urrutiko saioak edo telematikoak egiteko behar diren laguntza eta baliabide teknikoak jarri beharko dituzte ikastegiek.
Saioan zehar gorabehera teknikoren bat gertatuz gero, eta gorabehera horrek saioa behar bezala egitea eragozten badu, aldi baterako etengo da saioa, harik eta arrazoizko epe batean konpontzea lortu arte. Ezingo balitz konpondu, bilera bertan behera utzi eta atzeratu egingo litzateke, harik eta behar diren berme guztiekin egin ahal izan arte.
Leioa, 2020ko maiatzaren 28a
IRAKASLE‑IKERTZAILEEN ARLOKO ERREKTOREORDEA
Inmaculada Guerricagoitia Marina