AZP-entzat diren ebazpenak

AZPkoentzako ebazpena

Erabakia, 2020ko martxoaren 12koa, UPV/EHUko gerentearena, COVID 19 dela eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileei aplikatuko zaizkien ezohiko neurriei buruzkoa

UPV/EHUko errektorego taldea etengabe dago harremanetan Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Hezkuntza sailetako arduradunekin, COVID‑19 koronabirusaren eboluzioak sortu duen egoerari aurre egiteko.

Lan guneek ezagutu egin behar dituzte aipatutako alorrean eskumenak dituzten erakundeen osasun publikoko protokolo eta prozedurak. Hori dela eta, koordinazio talde bat eratu da, zenbait errektoreordetzatako eta ikastegi guztietako arduradunek osatua; eta informazio guztia unibertsitatearen webgunean argitaratzen da, unibertsitateko kide guztiak jakinaren gainean egon daitezen.

Ezohiko neurri moduan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabaki du bertan behera uztea ikasgelako irakaskuntza UPV/EHUn.

Bestalde, irakaskuntzaz kanpoko arloetan unibertsitateak normaltasunez jarraituko du jardunean.

Neurri horiez gain, beste batzuk hartu behar dira uztartzeko administrazio eta zerbitzuetako langileen osasunaren babesa eta eman beharreko zerbitzu publikoa eman egiten dela.

Horregatik, beharrezkoa da ezohiko erabaki hau ematea, antolaketa neurriak eta aldi baterakoak ezartzeko, funtzio publikoaren arloko eskumenen babesean, eta bat etorrita Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Errege Dekretuko 47. eta 51. artikuluetan adierazitakoarekin. Dena den, administrazio eta zerbitzuetako langile guztiak prest egon beharko dira, hala eskatzen zaienean, zerbitzuaren beharrei erantzuteko eta zerbitzua emateko.

Lehenengoa.- Bakartze edo kutsatze egoerak

COVID 19 koronabirusak kutsatutako edo bakartze prebentiboan dauden langileen egoera izango da laneko istripuarenaren parekoa. Beraz, egoera horretan egongo diren bitartean administrazio eta zerbitzuetako langileek ordainsarien ehuneko ehuna jasoko dute

Bigarrena.- Lanaldia martxoaren 16tik aurrera

2020ko martxoaren 16tik aurrera langileek udako lanaldia egingo dute, gerentearen 2019ko irailaren 30eko Erabakiko II. eranskinean jasota dagoena.

Gaur egun telelanean ari diren langileek egunero egingo dute beren etxeetan lanaldi mota hori. Dena den, unibertsitatean bertan lana egitea eskatzen duen premiarik egonez gero, bertaratu egin beharko dira.

Hirugarrena.- Antolaketa neurriak, hezkuntza zentroen edo adineko pertsonen zentroen itxierari aurre egiteko

Neurriak aplikatuko dira egoera hauetan, aipatutako zentroak ixten badira:

1)     legezko zaintza dela eta, langileak 12 urtetik beherako haur bat badu bere ardurapean, ezin dutena utzi beste arduradun baten zaintzapean;

2)     langileak badu zuzenean bere ardurapean, berarekin bizi delako, bigarren mailarainoko odolkidetasuna edo ezkontza ahaidetasuna daukan senideren bat, edo ezintasun fisiko, psikiko edo sentsoriala duen adineko bat, ordaindutako jarduerarik egiten ez duena; edo

3)     langileak badu bere ardurapean, berarekin bizi delako, mendetasun egoeran dagoen pertsona bat, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen arabera aitortutako gradua duena.

Hortaz, langile horiei eragiten badie adinez txikikoen hezkuntza zentroetako irakats jardueraren aldi baterako etenak edo adinekoen zentro berezien itxierak (behar bezala egiaztatuak), neurri hauek aplikatuko dira, agintari eskudunek zehaztuko duten denboran, eta betiere kontuan hartuta UPV/EHUko Gerentziaren jarraibideak:

Lehenengo neurria: Ohiko lanaldia malgutzea, lotuta egon gabe gerentearen 2019ko irailaren 30eko Erabakian zehaztutako mugei (Lanaldi, lan orduen kontrol, opor eta baimenei buruzko 2020ko zirkularra onartzen duen erabakia).

Bigarren neurria: Ezinbestekoa den kasuetan, langilea etxean geratu ahal izango da eta, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategineko 48.j) artikuluari jarraituta, nahitaezko betebehartzat hartuko da.

Horretarako, eskaera egin beharko zaio Gerentziari, eta ezinbestekotasun hori justifikatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira, infopas@ehu.eus helbide elektronikoaren bitartez.

Adinez txikikoaren guraso biak edo adineko pertsonaren arduradun denak UPV/EHUko langileak badira, horietako bati baino ez zaizkio aplikatuko neurri hauek.

Pertsona horietako bat beste administrazio publiko bateko langilea bada, UPV/EHUko langileari neurri hauek aplikatuko zaizkio baldin eta behar bezala egiaztatzen badu beste pertsonari ez diotela aplikatuko antzeko neurririk bere administrazioan.

Laugarrena.- Pertsona kalteberak

Beren ezaugarri pertsonalengatik edo egoera biologiko ezagunagatik COVID‑19 koronabirusaren arriskuekiko "bereziki kalteberak" diren langileak beren campuseko Osasun Zerbitzuarekin jarriko behar dira harremanetan, bai eta haurdun dauden edo bularra ematen ari diren emakumeak ere. Zerbitzu horrek banan‑banan aztertuko ditu "kasu berezi" horiek eta, beharrezkotzat joz gero, prebentzio neurriak hartuko ditu.

Langilearen informazio mediko hori UPV/EHU/EHUko Osasun Zerbitzuko kideen eskura baino ez da egongo, eta zerbitzu horrek emango ditu ezagutzera bakar‑bakarrik egindako jardueren emaitzak, behar bezala eraman ahal izateko aurrera prebentzioaren alorreko zereginak.

 

Bosgarrena.- Jendearentzako arreta zerbitzuak

Jendearentzako arreta zerbitzuetan telefono bidezko zerbitzua eta zerbitzu telematikoa lehenetsiko dira. Beharrezkoa balitz aurrez aurreko arreta ematea, zerbitzu hori emateko txandak zehaztuko dira.

Seigarrena.- Bilerak

Ahal den neurrian, ez da egingo lan bilerarik, eta beste herri batera joatea dakarten bilerak bertan behera utziko dira. Horretarako, bideokonferentzia erabiltzea sustatuko da.

Zazpigarrena.- Campus arteko joan‑etorriak lanpostuetan aritzeko

Aldi baterako permutak sustatuko dira, campus arteko joan‑etorriak saihesteko.

Horretarako, eskaera egin beharko zaio Gerentziari, langileak bizilekua non duen egiaztatuta.

Zortzigarrena.- AZPkoen prestakuntza ikastaro eta jarduerak

Langileen Ikasketa, Plangintza eta Prestakuntzako Kabineteak, administrazio eta zerbitzuetako langileen prestakuntza ikastaro eta jarduerak antolatzeaz arduratzen denak, atzeratu egingo ditu aurrez aurreko ikastaro eta jarduerak; eta, ahal denean, bide telematikoak erabiltzea bultzatuko du.

Bederatzigarrena.- Hautaketa probak

Abian dauden hautaketa prozesuetako probak atzeratu egingo dira, jende askok parte hartzekoak bereziki. Nolanahi ere, prozesuek aurrera jarraituko dutela bermatzen da, COVID-19 koronabirusari eusteko hartutako neurriekin zerikusia duten alderdietan izan ezik.

Hamargarrena.- Jarduerak etetea edo instalazioak ixtea

Osasun publikoko agintarien aginduz jarduera guztiak eten edo instalazio guztiak itxiko beharko balira, COVID-19 koronabirusari eusteko ezohiko neurri gisa, instalazioak itxita edo jarduerak etenda egongo liratekeen denbora nahitaezko betebehartzat hartuko litzateke.

Hamaikagarrena.- Ondorioak

Erabaki honek UPV/EHUko Intraneten argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hamabigarrena.- Neurri hauek ezohikoak eta aldi baterakoak dira, eta langileak adi egon beharko dira UPV/EHUren webgunean argitaratuko diren eguneraketen jakitun egoteko.

 

Leioa, 2020ko martxoaren 12a

 

Miren Lorea Bilbao Artetxe

UPV/EHUko GERENTEA