euskaraespañol

SAREUS lantaldeak 43 animalia artatu ditu Gipuzkoako eta Bizkaiko hondartzetan 2024an

Plentziako Itsas Estazioa (PiE-UPV/EHU) Euskadiko lehorreratze sarearen (SAREUS) kudeaketa integralaz arduratzen da 2022tik, Biodiversidad Fundazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren finantzaketari esker.

  • Noticias

Fecha de primera publicación: 03/04/2025

SAREUS lantaldea Lekeitioko hondartzan lehorreratutako balea artatzen
SAREUS lantaldea Lekeitioko hondartzan lehorreratutako balea artatzen | Foto: SAREUS. UPV/EHU

2024an, UPV/EHUren Plentziako Itsas Estazioa kudeatzen duen SAREUS Euskadiko lehorreratze-sarearen taldeak 43 jarduera egin ditu zetazeoei, fokei, itsas dortokei eta hondartutako marrazoei buruzko abisuak jaso ondoren, edo Euskadiko kostaldean lehorreratuta daudela susmatuta. 2025eko lehen hiruhilekoan 17 kasu artatu ditu dagoeneko. Izurdeak dira gehien iristen diren animaliak, batez ere izurde marraduna, arrunta eta mularra. Intzidentzia handiena otsailean eta martxoan izaten da, eta historikoki (1993tik) lehorreratze gehien Donostian (> 80), Zumaian eta Zarautzen (> 40) eta Getxon, Sopelan, Bermeon eta Getarian (> 30) izan dira.

Euskadiko lehorreratze ofizialen sarea 2014tik dago martxan.  2022ra arte AMBAR GKEak kudeatu izan du, eta haren inplikazioari esker, emaitza onak lortu izan dira. PiE-UPV/EHUk ere sarean parte hartzen zuen zetazeoen, pinipedoen, marrazoen eta itsas dortoken laginak biltzen, bere Biobankuan artxibatu eta aztertzeko.  2022ko abuztuan, PiE/UPV/EHUk sarearen kudeaketa bere gain hartu zuen, eta horrek profesionalizazioa ekarri zuen. Ordutik, 105 lehorreratze-abisuei erantzuna eman die, eta SOS DEIAKen eta foru-aldundien laguntza duen arreta-sistema bat finkatu du. Denis Benito ikerlariaren hitzetan, “esku-hartze hauek konplikatuak izan daitezke, eta, beraz, funtsezkoa da erantzun koordinatu hori egotea, batez ere, egoera horiei erantzuteko beharrezko baliabiderik ez duten udalerri txikien kasuan”. Gaur egun, UPV/EHUko PiE-aren instalazioak eta giza baliabideak erabilgarri daude sareko jarduera guztiei estaldura emateko.

SAREUS sarearen protokoloa

Lehorreratzei aurre egiteko protokoloa aktibatzen da SOS Deiak zerbitzuan abisua jasotzen dutenean,  animalia bat lehorreratu dela jakinarazten. Hortik SAREUSeko larrialdietarako telefonora deitzen dute. Sareko langileak bertan dauden pertsonen informazioa biltzen hasten dira. Irudi bidezko baieztapena jaso ondoren, SAREUSek erantzun koordinatua kudeatzen du hainbat erakunderekin elkarlanean.

Bizirik dauden lehorreratutako animaliekin, kasu bakoitzari dagokion kontrola egiten da, foru-aldundietako albaitari-taldeekin lankidetzan. Lehorreratu egin direla susmatzen den animaliei dagokienez (adibidez, portu batean igerian dagoen izurde bat, harkaitz batean pausatzen den foka bat, edo kostaldera “gehiegi” hurbiltzen den balea), SAREUSeko langileek haren eboluzioaren jarraipena egiten dute, animaliak itsasora itzultzea lortzen duen arte.

Lehorreratutako animalia hilen kasuan, SAREUSek dagokien erakunde publikoekin koordinatzen du eman beharreko erantzuna. SAREUSeko lantaldeak garraiatu ezin dituen gorpuak badira, hondartzetako garbiketa zerbitzuetara jotzen du. Beharrezkoa denean, Gurutze Gorriari, udaltzaingoari, Ertzaintzari, suhiltzaileei… laguntza logistikoa eskatzeko aukera aztertzen da. Helburua da gorpua berreskuratzea, ahal den kasuetan, eta, hala, osasun publikorako arriskuak saihestea. Egoera onean dauden gorpuak PiE-UPV/EHUra eramaten dituzte nekropsia ofizialak egiteko TRAGSATEC enpresako albaitariekin koordinatuta. Lagin guztiak PiE-UPV/EHUko Ingurumen Espezimenen Biobankuan artxibatu eta katalogatzen dira, UPV/EHUko edo nazioarteko etorkizuneko ikerketak ahalbidetzeko.

Esku-hartzea amaitzeko, SOS Deiak zerbitzuari jarduketaren emaitzaren berri ematen zaio, osasun publikoa, animalien ongizatea eta lehorreratzeari buruzko informazio zientifikoa bermatu ondoren.

Berreskuratutako eta geolokalizatutako dortokak

Aipamen berezia merezi dute erreskatatutako dortokek. Gorlizko Fauna Basatia Birgaitzeko Zentroarekin, Donostiako Aquariumarekin eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioarekin (MITECO) elkarlanean sendatu, eta Tragsatec enpresaren bidez berriz itsasoratuak izaten dira. Dortoka horietako batzuei satelite bidezko transmisoreak jarri zaizkie migrazio-jarraibideak zehazteko eta haien jatorri genetikoa ezagutzeko, Asturiasko Lehorreratze Sarearekin (Oviedoko Unibertsitatea) lankidetzan.

Plentziako Itsas Estazioa ( PiE-UPV/EHU)

PiE-UPV/EHU izeneko ikerketa- eta irakaskuntza-zentro honen helburu estrategikoak dira itsas biologia esperimentalaren eta bioteknologiaren arloko ikerketa sustatzea, itsas eta ingurumen-zientzietako graduondoko eta doktoregoko prestakuntzan laguntzea, eta zientzia-dibulgazioko eta prestakuntza espezializatuko jarduerak garatzea. 2020tik 2024ra bitartean, urtean 3 milioi euro inguruko finantziazioa lortu du, eta, aldi berean, 300 zientzia-artikulu baino gehiago argitaratu dira (urtean 60, batez beste); horietatik % 80 1. kuartileko aldizkarietan (Q1) daude, eta % 40 baino gehiago 1. dezilean (D1). Gainera, bikaintasun-zentroa da graduondoko prestakuntzan, doktoretzan eta zientzia-dibulgazioan, eta 60 doktore-tesi baino gehiago egin ditu 2017tik 2024ra bitartean. Tesi horiek ezin konta ahala master-tesi dira, parte hartzen duen 3 Erasmus Mundus Programei dagozkienak (2 Nazioarteko Partzuergoaren koordinatzaile gisa).

Euskadiko lehorreratze-sareak (SAREUS) Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko (MITECO) Biodiversidad Fundazioaren finantzaketa du, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren (PRTR) esparruan, Europar Batasunak –NextGenerationEU– eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak finantzatuta.

Informazio gehiago: https://www.ehu.eus/PIE/sareus/home-eus/