Karlos Santamaria eta haren idazlanak

 

Argitaratzailearen aurkezpena: JAKIN

 

       Karlos Santamariaren obra eta pentsamendua bildu, sistematizatu eta aztertu zuen Jakin Taldeak 1991tik 1994ra bitartean. Karlos Santamariari Gipuzkoako Foru Aldundiak urrezko domina eman eta Gipuzkoako seme kutun izendatzearen kariaz, Imanol Murua Ahaldun Nagusiak eman zion Jakini haren obra bildu eta aztertzeko enkargua. Horren emaitza Koldo Mitxelena Kulturuneak kudeatzen duen www.karlossantamaria.com webgunean aurki daiteke.

       Orain, Euskal Herriko Unibertsitateak euskal unibertsitatearen aitzindari izan zenaren lana biziberritu nahi du. Duela 21 urte, 1992an, Honoris Causa izendatu zuen Karlos Santamaria; gero, 2011n, Gipuzkoako Campuseko ikergune enblematiko bati Carlos Santamariaren izena jarri zion. Eta orain bere obra birbaloratu eta ezagutzera eman nahi du, modu txalogarrian.

       Eta hori egiteko Jakin Taldera jo du UPV/EHUk.

       90eko hamarkadan egin genuenaren bertsio berria prestatu dugu, nola edizio digitalerako hala edizio analogikorako. Material osoari orraztapena eman diogu (azterlanetako euskararen gaurkotzea UPV/EHUko Euskara Zerbitzuko zenbait kidek burutu dute), aurkibide tematikoa eta izen aurkibidea landu ditugu, eta batez ere materiala osatu eta gehitu dugu: 53 artikulu gehiago, 22 elkarrizketa berri eta material grafiko ugari ditu oraingo argitalpen berrituak.

       Bi edizio mota antolatu ditugu: edizio digitala eta edizio analogikoa.

       Digitalean Karlos Santamariaren obra oso-osorik dago, erdaraz zein euskaraz idatzi zuen guztia, egunkaritan zein aldizkaritan edo liburutan eman zuena. Guztira 1.000 idazlan: zehazki, 966 lan periodistiko eta saio, 30 elkarrizketa eta 4 liburu. Berak idatzi zuenaz gainera, hainbat adituk Karlos Santamariaren obra eta pentsamenduari buruz idatzitakoak ere biltzen dira.

       Paper edizioan, aldiz, euskaraz argitaratu zuena biltzen da lehen liburukian, eta beste bietan berari buruzko azterketak. Edizio analogiko hori beste bi materialekin osatzen da, Karlosen biografiarekin eta berari egindako elkarrizketekin.

       Karlos Santamariak idatzi zituen mila idazlan horietatik gehien-gehienak, arestian aipatu dugun bezala, laburrak dira, egunkarietako lankidetzak, 800 inguru. Gainerakoak saioak, komunikazioak eta elkarlanean egindakoak dira. Lanik ugariena egunkarietan eman bazuen ere, Karlos Santamaria ez zen kazetaria, pentsalaria baizik. Nahiz eta ez zuen pentsamendu sistema bat osatu, bere pentsaera sistematikoa da, koherentea, ardatz nagusi batzuen jiran landua. Dosi txikitan emana eta mila modutara barreiatua dagoen pentsaera hori sistematizatu eta aztertzea ezinbestekoa iruditu zitzaigun. Egin diren azterketek hori bilatzen dute, lehen mailako hurbilketa gisa, geroko lan sakonagoen atari edo aurrelan izatea.

       Bitan banatu dugu azterketari dagokion atala.

       Joxe Azurmendik Karlos Santamariaren pentsamendua bere osoan arakatu du, bi atal nagusitan partiturik. «Ideia» izeneko lehen zatian, Santamariaren autokontzientzia intelektuala aztertzen du, alegia, berak non kokatzen duen bere burua, bere pentsamendua, garaiko autore eta joera ezberdinen artean, hots, pertsonalismoan.

       Bigarren zatiak «ekintza» du izena. Baina ez dira Santamariaren ekintzak edo jarduera sozio-politiko-kulturalak zerrendatzen, baizik eta ekintza horiei buruz eta horietan garatu dituen gogoetak. Azurmendik aurkezten duen Santamaria ez da pentsalari platonikoa, justu kontrakoa baizik: gogoetalari bidelaguna, pedagogoa eta adiskidea, bere herriaren peregrinazioan herriarekin doana.

       Ikuspegi orohartzaile eta oso hau osatze edo aberaste aldera, egoki ikusi da Santamariaren pentsamenduan eta obran agertzen diren gai zentral batzuk arta monografikoz tratatzea. Ondoko bost gaiok adituek jorratu dituzte: Xabier Eizagirre eta Andoni Ibarrak landu dute «Zientzia, Teknika eta Gizartea, Santamaria matematikariaren pentsamoldean»; Paulo Agirrebaltzategik arakatu du Santamariak bakeaz eta gerraz idatzi duena: «Bakea eta gerra. Etikaren eta teknikaren artean»; Xabier Apaolazak, bere aldetik, estatuaz, nazioaz eta politikaz Santamariak idatzi duena aztertu du: «Karlos Santamariaren pentsamendu politiko-soziala». Joan Mari Torrealdaik Santamariak euskarari, kulturari eta euskal kulturari buruz landu zuena azaldu du: «Karlos Santamaria eta (euskal) kultura». Santamariak gidaturiko Donostiako Solasaldien dokumentazioan murgildu da Joseba Intxausti, eta, «Nazioartetik Donostiara» izenburuz, ekimen arrakastatsu haiek aztertu ditu.

       Gure irudiko, modu honetan, Joxe Azurmendiren ikuspegi orokorra eta osoa beste bost monografia horien bidez aberasten da, eta, aldi berean, ondoko belaunaldiei bide berean sakontzeko abiapuntua eskaintzen zaie.

       Nori berea emateko orduan, gure esker ona jende askori agertu beharko genioke. Guztiak ezin dira aipatu, baina aipatu gabe ezin dira utzi Euskal Herriko Unibertsitatea, eta ibaian gora joanez, Gipuzkoako Foru Aldundia, eta Santamariaren familia edo Karlos bera.

       Jakinkideontzat ohorea eta Karlosekiko zorra kitatzeko modu bat ere bada lan hau. Izan ere, gauza asko izan da Karlos guretzat: pentsalaria, irakaslea, zientzialaria, euskaltzalea, abertzalea, politikaria, eta oroz gainetik: lagun eta maisu, kide eta lider.

 

Joan Mari Torrealdai

JAKINen kudeatzailea

 

  • Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).

  • Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).

  • Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).

  • Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es