Karlos Santamaria eta haren idazlanak

Aurkibidea

Aitzin-oharra

40 urteko ibilaldia bake-lurralderako bidean

Kontzeptuak, maisuak eta ereduak

Kontzeptuak

— Indarkeria

— Gerra (klasikoa)

— Iraultza

— Gerra iraultzailea eta gerrilla

— Belizismoa

— Bakea

— Bakezaletasuna

— Bortxa eza

— Koexistentzia

Maisuak

Ereduak

Bonba atomikoa eta blokeen banaketa

Garai bakoitzak bere gerra modua

Aurrerapen zientifiko-teknikoen anbiguotasuna

Gerra nuklearraren benetako arriskua: beldurra

Bipolarizazioa, bipolarismoa eta neutraltasuna

Disuasioaren kontra-arma

Disuasiotik kooperaziora negoziazioaren bitartez

'Pax Christi'. Hezkuntza, ekintza eta mistika

Mugimenduaren mistika

Mugimenduko kidearen erantzukizun pertsonala

Mugimenduaren espiritualitatea: unibertsaltasuna

Aurrera begira

Gerraren oinarrian indarkeria

Indarkeria egiturazkoa eta instituzionala

Indarkeria iraultzailea

Bi aldetako indarkerien artean

Kristautasuna eta indarkeria iraultzailea

Indarkeria iraultzailea eta bortxa eza

Zilegi izan ote daiteke gerra bonba atomikoaren garaian?

Gerra ofentsiboa, defentsiboa eta prebentiboa

Gerra zuzenaren baldintzak

Armamentu atomikoaren gaitzespena

Gerraren etika eta bakearen mezua

Bakea eta justizia. Zer da bakea... Bakearen baldintzak

Bakearen adiera eskasak eta okerrak

— Adiera juridizista

— Adiera pelagiarra

— Adiera marxista

— Adiera filantropikoa

Bakearen kristau kontzeptua

— Bake teologikoa

— Bake politikoa eta soziala

Bakearen dimentsioak

— Bihozkidetasuna

— Askatasuna

— Ordena

— Lasaitasuna edo baretasuna

— Historikotasuna

Bakezaletasuna eta bakezaletasunak

Baztertzeko bakezaletasunak

— Beldur-bakezaletasuna

— Bakezaletasun sentimentala

— Bakezaletasun magikoa

— Bakezaletasun idealista eta utopikoa

— Bakezaletasun manikeoa

— Bakezaletasun testimoniala edo erakutsizalea

Bakezaletasuna eta politika

Bakezaletasuna eta desarme nuklearra

Bakezaletasunaren etorkizuna

Bakearen aldeko ekintza

Bakea: dohain teologikoa eta ekintza historikoa

Bakea bideragarria da... Bakearen esperantza

Kristauaren erantzukizuna bakeari begira

Kristautasuna eta bakezaletasuna

Bakegintza: zuzengabekerien aurkako borroka

Bakerako neurri politiko-sozialak eta diplomatikoak

Bake-espiritua: tolerantzia

Kristaua gerran

Bortxa eza

Euskal Herriko indarkeria

 

40 urteko ibilaldia bake-lurralderako bidean

 

     Bi gerra handiren —Espainiako gerra zibilaren eta II. Mundu zabaleko Gerraren— esperientzia latzetik aterata, bakearen lurralderako bideari ekin zion kemenez Karlos Santamariak. Beraren idatzien garaiari begiratzen badiogu, 40 urte irauten du ibilaldiak: 1945-1945. Badu, eduki ere, basamortuko Exodoaren antzik Karlos Santamariaren bideak. Ez da bakartiaren bidegintza espirituala izan; hori garrantzizkotzat joz ere, bakerako bide kolektiboa eta soziala egin beharra aldarrikatu du etengabe berak. Gidariaren erantzukizuna hartu izan du gainera: horretara datoz beraren mezu nekaezina eta ekintza, idatzitan, hitzalditan, batzarretan, mugimendu sozialetan. Beraren azken idazkiei begira, esan daiteke 40 urteko ibilaldiaren ondoren, bakearen lurraldea ez dela artean ageri; baina, 1985etik aurrera, bere eginkizuna betetzat eman du nonbait, gidari berriak izango diren uste onez seguruenik.

     Hemen, Karlos Santamariaren bakeari eta gerrari buruzko pentsaera aztertu behar dugu, beraren idatzietan eta hitzaldietan oinarriturik. Haren idazletza 1945etik 1985erainokoa izan da, goraxeago adierazi dugunez. 1934-1935 urteetan matematikaz argitaraturiko bi artikulu kenduta, 1945ean ekin zion bere idazletza jarraikiari: urte horretakoa du, hain zuzen, gerra eta bakeari buruzko bere lehen idatzia, Hiroshima-ko bonba lehertu ondoko egunetakoa: «Se está iniciando la fase final de la Historia del mundo? A propósito de la bomba atómica» zuen titulua lehen idazki hark. 1985era arte heldu da beraren luma-lana, hitzezko, ekintzazko eta eraginezkoari lotua. Geroztik, artikuluren bat edo beste baizik ez du argitaratua. Horien artean bat da, hain zuzen, guretzat guztiz adierazgarria, bakeari buruzko beraren 'kanpainaren' eta gogoetaren bidea nolabait burutzen duelako, irakurlea aurrera begira jarriz: «El futuro del pacifismo»[2].

     Karlos Santamaria ez da bakea eta gerraren ideologo hutsa izan: gerraren beltzaile eta bakearen mezulari. Ekintzaile eta eragile sozial izan da urte askotan. Pax Christi mugimendu katolikoaren nazioarteko lehen idazkaria izan zen, B. Lalande frantsesarekin batera, eta Parisko Feltin kardinalaren lehendakaritzapean[3]. 1966an utzi zuen. Mugimendu beraren Espainiako Atala berak eratu zuen, eta bertako lehen idazkaria izan zen, 1960 arte; baina zuzendaritzan jarraitu zuen, Aholku Batzordearen lehendakari eta Atalaren lehendakariorde.

     Abuztuko 11ko data darama beraren lehen artikuluak, La Voz de España egunkarian argitaratuak. Bost egun lehenago, Hiroshimako bonba atomikoa lehertua zuten; hiru egun lehenago, Nagasakin zuten beste bat jaurtia. Bi hiri horietako sarraskiaren oroimena ia etengabea izango zen Karlos Santamariaren idatzietan: 1976ko artikulu batean, berriro gogoratzen dizkigu 1945eko abuztuaren 6 hartan izandako 75.000 biktimak.

     Berrogei urteko tarte luze horretan, 100 idazlanetik gora argitaratu ditu Karlos Santamariak dagokigun gaiari buruz, gehienak Donostiako El Diario Vasco-ko orrietan, eta besteak hainbat egunkari eta aldizkaritan banatuta:

 

El Diario Vasco: 65

Pax Christi: 8

Argia: 5

La Voz de España: 4

Jakin: 3

Incunable: 2

Documentos: 2

Cuadernos Hispanoamericanos: 1

Criterio: 1

El Ciervo: 1

Jaunaren Deia: 1

Mission et Charité: 1

Punto y Hora de Euskal Herria: 1

World Justice: 1

Justice dans le monde: 1

Besterik: 3

 

     Artikulu motz-luze guztien ondoan, bakeari eta gerrari buruz berak idatzitako liburua aipatu behar dugu hemen: La amenaza de guerra nuclear. Estrategia, política, ética, Idatz argitaldaria, Donostia, 1985. Donostiako Elizbarrutiko Teologia eta Pastoralgintzako Institutuaren ardurapean emandako ikastaldiaren fruitua da liburu hori. Honako kapitulu hauek ditu: I. Cuarenta años de no-utilización del arma atómica, II. La negociación nuclear, III. El proceso del arma nuclear, IV. La situación actual, V. Pacifismo y razones éticas contra el arma nuclear.

     Agian baten batek uste dezake Santamariaren urte luzeko pentsaeraren eta ekintzaldiaren amaian datorren obra hau beraren azterketaren sintesia izan daitekeela. Nolabait hala da, batez ere azken kapitulua bereziki aintzakotzat hartzen baldin badugu. Baina bere osoan ez dut uste benetako sintesitzat hartzerik dagoenik. Funtsean monografikoa da liburua, arma nuklearrei buruzkoa; eta V. kapitulua horren eranskintzat har daiteke. Karlos Santamaria urte luzetan jaulkiz joan den gogoeta eta pentsaera askozaz aberatsagoa eta ugariagoa da, liburu horretan bilduta dagoena baino. Hala ere, esan beharra dago, bertan garatzen duela bere gogoeta eta irakatsi handienaren atzean dagoen arazo eta buruhauste nagusia: bonba atomikoarena eta horren ondoriozko gerra nuklearraren arriskuarena.

     Karlos Santamariak ez du benetako obra sistematikorik idatzi gerra eta bakeari buruz. Gehienetan munduko eta inguruko gertakari, gorabehera eta gatazka sozial, politiko eta militarrei begira idatzi izan du, horietako bakoitzaren aurrean bere gogoeta eta iritzia ipiniz[4]. Aipaturiko liburu horren azkenean eskaintzen digu, hain zuzen, obran aztertzen diren arazoen inguruko kronologia, 1945etik 1985era doana. Beste idazki guztiei begira kronologia hori osotzeak balio berezia izango luke; baina beraren pentsamenduaren azalpena egitean, eta idazki jakinak aipatzean, horiek gertakari historikoen testuinguruan kokatzen saiatuko gara.

     Baditu gure autoreak idazki luze batzuk ere, sarritan aurretik hitzalditan emanak, beraren pentsamenduaren puntu nagusiak sakonetik eta aski sistematikoki azaltzen dituztenak. Hemen bereziki aipatu nahi ditugu, titulu eta data eta guzti —orrialdeak DIN-4 neurrikoak dira—:

 

— El Pacifismo cristiano (1951): 22

— El problema de la intolerancia en el catolicismo español (1953): 2

— Conférence du Congrès Pax-Christi. Paris, 19-20 mars 1955*: 4

— Responsabilités et limites du Membre de Pax Christi à l'égard de la paix temporelle (1956; idazlan oso dokumentatua, oin-oharrak kenduta gaztelaniaz ere urte berean Criterio aldizkarian argitaratu zuena): 16

— La acción personal del cristiano (Criterio aldizkarian argitaratua, 1956): 12

— In Search of a Concept of Peace (frantsesez ere argitaratua) (1960): 23

— Action pour la Paix et réalisme politique (1962): 3

— Marxistas y cristianos ante la violencia (1968): 15

— La violencia armada en el País Vasco (1980): 7

— Gerra nuklearraren mehatxua eta Europako egoera (1984): 15

— Karlos Santamaria gerraz eta bakezaletasunaz. «Arriskua amerikarren defentsa planean dago» (Argia aldizkariak egindako elkarrizketa, 1985): 7

— El futuro del pacifismo (1986): 3

* Idazlan hori ez da zuzen-zuzenean gerrari eta bakeari buruzkoa; baina hemen sartzen dugu, arazoari buruzko Santamariaren jarreraren funtsean dagoen pentsaera filosofiko-gizatiarra, beste hainbat artikulutan ere adierazten dena, sistematikoago agertzen delako; hau da, tolerantzia, haren ifrentzua den erlatibismoarekin. Izan ere, Karlos Santamaria bere jarrera guztietan zerbait ez baldin bada, dogmatikoa behintzat ez da.

 

     Dagokigun gai honetan Karlos Santamariaren pentsaerak baditu bere hari nagusia eta bere kapitulu funtsezkoak, ia etengabe agertzen direnak berrogei urtetan zehar. Beraren iritzietan baino gehiago aurki daiteke eboluziorik berak garai bakoitzean darabiltzan kezka handietan; garai bakoitzean beraren idazkietan nagusi diren arazo eta kezken arabera, badirudi sei alditan bana genitzakeela beraren idazkiak:

 

— 1945-1946: Bonba atomikoaren aurreko garrasia.

— 1949-1951: Bakearen oinarri etikoak eta kristauak.

— 1955-1958: Pax Christi, bakearen aldeko kristau mugimendua.

— 1959-1968: Bakezaletasuna eta bortxa eza.

— 1969-1979: 'Isilaldia' (ez du ia ezer idatzi garai honetan).

— 1980-1985: Indarkeria iraultzailea Euskal Herrian. Desarme nuklearra munduan.

 

     Garai bataren eta bestearen artean halako isiluneak dituela esan daiteke. Sakontzen ari da? Karlos Santamaria ezagututa, baietz esan liteke. Ez da arinki idazten duen gizona. 1955-1968 bitartekoa hamalau urteko produkzio oparo eta etenik gabea da, baina bitan banatu dugu, beraren kezka eta pentsaeraren erdigunea aldatu egiten delako, iruditu zaigunez.

     Harrigarria gertatzen da 1969-1979 bitarteko Karlos Santamariaren isilaldia, gure gaiari dagokionez, hamaika urtean ez baitu ia ezer idatzi. Seguruenik beraren biografia orokorrak esplikatu ahal izango du hori. —Ez gara hemen horretan sartuko.

     Aipaturiko oinarrizko artikuluak eta bestelako batzuk aparte, unean uneko gertakarien ildotik idatzi du gehienbat, bada, gure autoreak; horietaz baliatu izan da, hain zuzen ere, bere pedagogia errealista egiteko, egunkarietako zutabearen eta aldizkarietako lankidetzen bidez. Idazteko modu horretantxe aurki daiteke artikulu batetik bestera irakurleak noizbehinka topa ditzakeen esaldi itxuraz inkoherente eta kontraesankor batzuen zergatia. Gertakarien arabera pentsamenduaren ikuspegiak eta insistentziak ere aldatu egiten dira. Bere pentsaeraren puntu eta ildo nagusietan, berriz, Karlos Santamaria finkoa eta aski lineala da berrogei urteotan.

     Baina gure autoreak ezer nabarmendu badu, gerra-bakeen arazoak gaur duen konplexutasuna izan da, eta horren barruan sarritan iritzi eta jarrera guztiz mugatuak eman beharra eta behin betikoak ezin emana. Horretatik dator, noski, hainbat punturi buruz gauzak zalantzapean eta iritzi zorrotzik gabe uzten dituen inpresioa. Adierazgarria da Che Guevara-ren heriotzakoan idatzitako artikuluko azken galdera —«Eta moralista ta teologoeri egiten diet galdera: kristauen bidea, nundik?»—, haren bidea kondenatzeaz argitzen ez delako kristauen bakearen eta justiziaren aldeko jokabidea, benetan eraginkorra izango dena, nolakoa izango den.

     1986an bukatu zuen guretzat gerra eta bakeari buruzko bere gogoeta eta azterketa jendaurrekoa. Geroztik egoera geopolitikoa oso aldatu da. Hiru aldetatik nabarmenduko nuke bereziki aldaketa hori:

     a) Bi bloke ideologiko, politiko eta militarren desagertzea. Horren sinbolo nagusia zen Berlingo harresia bota zuten 1989ko azaroan, eta handik urtebetera Alemaniaren batasuna etorri zen.

     b) Armamentu nuklearren murriztapenerako hitzarmena, SESBen eta USAren artekoa. 1983-85 bitartean START izenekoa blokeatuta egon ondoren, berriro hasi eta burutu ahal izan zituzten 1991ko uztailean, Gorbatxov-en eta Bush-en artean, buru nuklear eta bonba atomikoen murriztapen esanguratsua hitzartuz bi aldeetatik. Dena dela, ez USAren aldetik eta ez Errusiaren aldetik ez zioten arma nuklearren biltegiei uko egin. Bestalde, eta Europako eta bi blokeen arteko distentsioaren ondorioz, Amerikak Europan zituen tropak erdira ekartzeko erabakia hartua zuen.

     c) ONUk azken urteotan izan duen interbentzio-politika: Irak, Sudan, etab. Badirudi, blokeen erortzeak ahalbideratu duela hori ere. Karlos Santamariak sarritan eskatu izan zuen aginte supraestatala gauzatuz interbentzio-eskubidearen egikaritzea ote da? Beraren iritzia jakin beharko litzateke interbentzio militar horiei buruz.

     Baina ez dagokigu guri gure autorearen ondoko urteen analisia egitea, ezta ere Karlos Santamariak orain zer idatziko lukeen asmatzea. Jakingarria litzateke noski berak une honetan nola ikusten dituen gauzak; seguru baduela bere iritzia, azken zortzi urteotako nazioarteko aldaketa politiko eta militar handien haritik landua, beraren ezaugarrietako bat izan baitzen beti munduko egoera politiko, sozial, ekonomiko eta diplomatikoari barrutik begiratzea, eta hori aztertzea, baita bakezaletasunaren formak horren arabera egokitzeko ere.

     Baina aspalditxoko urteotan isilik daukagu Karlos Santamaria.

 

[2] Herria-2000-Eliza 80 (urtarrilak 1986), 34-36.

[3] Ik. La tradition vivante. PAX CHRISTI au service de la Paix, Pax Christi, Paris, 1992, 4. or.

[4] Vietnamgo gerra, Hungariako inbasioa, Algeriako gerra, Suez Kanaleko krisia, Hegoafrikako Verwoerd-en erailketa, Luther Kingen heriotza, Paulo VI.aren ONUko bisita, Joan Paulo II.aren atentatua, Grenadako inbasioa... Horiek guztiek eman diote oinarria bakeari eta gerrari buruzko bere gogoeta sakontzeko eta zabaltzeko.

 

  • Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).

  • Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).

  • Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).

  • Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es