Karlos Santamaria eta haren idazlanak
Aurkibidea
Problemak: ikerketa biologikoan, adibidez
Problemak: ikerketa nuklearrean
Ezker berria edo zinismo zaharra
Marxisten eta kristauen elkarrizketa
Kristautasuna eta humanismoa (natura eta grazia)
Aldagarria eta aldagaitza Elizan
Nazioaren kontzeptu pertsonalista
Hizkuntza subjektu bat da: nortasun bat
Unibertsalaz eta partikularraz
Euskalgintza, herrigintza (etorkinen arazoa)
Euskara, kultura-hizkuntza modernoa
Euskara prentsan: egunkariaren premia
Langile ikasleak, ikasle langileak
Hezkuntza unibertsalista bakerakoa
«Herriari, herriaren onez, herriak»
Egia norberak bilatzeko eskubidea
EKINTZA
Ekintza ez da Plotinok esaten zuen «kontenplazioaren itzal soila»; pertsonaren alde funtsezkoenetako bat da. Santamariak ez du onartzen, ez teorian —grekoen antzera— eta ez berak eraman duen bizitzako jardueran, kontenplazioaren eta ekintzaren oposiziorik. Bere ideien alde, aktiboki ahalegindu da beti.
Ekintza deritzon liburuko bigarren atal honek ez du, halere, Santamariaren jarduera ugarien berri eman nahi, ekintza horri buruz eta horretan garatu duen haren gogoetarena baino, berriz ere, arlo nagusietan bederen. Antonomasiaz arazo praktikoak dira, interesatuko zaizkigunak, Aristotelesek praxia eta poiesi edo produzioa bereizi zitueneko esanahi zehatz hartan, gai etikoak edo politikoak beraz, hauen balio humanoenean eta sozialenean —hain zuzen, mundua «eraldatzeko pentsatuz»: kontzientziako askatasuna eta norberaren erantzukizun pertsonala, egiteko sozial handiei buruz (Estatua, gerra, esaterako), gizarte-bizitzan beharrezko tolerantzia, gizabidea, eskubideen begirunea, demokrazia, bakea, etab.
Bakea, partikularki, Santamariaren kezka guztien —erlijioso, politiko, hezkuntzakoen— azken jomuga bezala ageri da. Ilustrazioaren, edo Modernitatearen proiektuaren, porrota, inon baino tragikoago hementxe sumatzen delako, batetik; baina, bestetik, egun, armen teknologia moderno izugarriarekin, guztiz premiatsu bilakatu delako ere bai, zentzu pragmatiko hutsean, nazioartean bakea ziurtatzea, katastrofe nuklear batean gizadiak bere burua suntsituko ez badu. Bakea ziurtatzeko, alabaina, baitezpadakoa da guztiz oinarri —pertsonalista— berrien gainean eraikitzea nazioarteko harremanak zein egitura nazionalak, hots, egungo krisialdi mehatxagarria gaindituko duen «ordena berria».
Zer egin gizabanakotxo nanoak mundu zabal handian bakea funtsatzeko? Nola erauzi gizadian injustizia, gosea; zilegi ote da iraultza? Zelan burutu askatasunaren eta justiziaren borroka, indarkeriarik gabe, baina eraginkorki? Zer egin, demokraziaren tresna izan behar luketen Alderdiak demokraziaren bahitzaile bilaka ez daitezen? Demokrazia ekonomikoa, Estatuaren zama, gure umeen eskola: arima sentiberen eguneroko kezkak izan dira Euskal Herriko eta edonongo jendearen kezkak, Santamariaren gogoetakoak. Gai batzuk frankismoaren testuinguruko planteamenduan eztabaidatzen direla eman lezake, apika (kontzientziako askatasuna, adibidez; edo Estatua eta Eliza); baina hausnarketaren erradikaltasunak zirkunstantzia murritzon gainetik altxatzen du Santamariaren pentsamendua, nonahi, argi eta probetxugarri.
Zuzenean, Euskal Herriarekiko Santamariaren gogoeta, batez ere ideiak oraindik franko nahasiak dauden hainbat arazotan —nazioaren kontzeptua, Estatua, autonomismoa eta federalismoa; edo, euskara eta euskaltasuna, etorkinak, etab. etab.—, txit lagungarria izan liteke, eta izan dadila espero dugu, denon artean argitasun pixka bat egiten joateko herri honen historian, geroari begira.
Santamaria ez da teorizatzeko basamortura joandako intelektual anakoreta, agertutako bere egia bakarrarekin; ez haren rola jendaurreari goitik behera —egunkarietako filosofoaren pulpitutik orain— predikatu eta irakatsi nahi dion filosofo-errege platonikoa ere, filosofia zuzen bakarraren eta egiaren jabe goiargitu-ustekoa. Herriaren erromesaldian herriarekin doala, gogoetalari bidelaguna izan da Santamaria. Pedagogoa eta adiskidea. Ibilian pentsatu du, ekintzaren erdian, mundu-munduan, itaunka eta erantzunez. Hain zuzen, ikerketa honetan galdu samartuta geratzen da, tamalez, eztabaidetako alderdi historikoen, mementokoen, kolore eta bizitasun hori. Ideiak eta ekintza, edo pentsamendua eta ekintza, ez bi, baina kapitulu bakarra da Santamariaren baitan, hemen, erraztasunagatik bakarrik, banatu egin ditugun arren parte bitan. Irakurleak uneoro batasuna bilatu beharko dizu, ostera.
Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).
Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).
Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).
Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).