Karlos Santamaria eta haren idazlanak
Aurkibidea
Problemak: ikerketa biologikoan, adibidez
Problemak: ikerketa nuklearrean
Ezker berria edo zinismo zaharra
Marxisten eta kristauen elkarrizketa
Kristautasuna eta humanismoa (natura eta grazia)
Aldagarria eta aldagaitza Elizan
Nazioaren kontzeptu pertsonalista
Hizkuntza subjektu bat da: nortasun bat
Unibertsalaz eta partikularraz
Euskalgintza, herrigintza (etorkinen arazoa)
Euskara, kultura-hizkuntza modernoa
Euskara prentsan: egunkariaren premia
Langile ikasleak, ikasle langileak
Hezkuntza unibertsalista bakerakoa
«Herriari, herriaren onez, herriak»
Egia norberak bilatzeko eskubidea
IDEIA
Liburu hau bi partetan dago banatua, eta Ideia deritzon lehen atal honek Santamariaren autokontzientzia intelektuala —nolabait esan— biltzen du; non kokatu duen bere burua, bere pentsamendua, garaiko autore eta joera ezberdinen artean: pertsonalismoan, hain zuzen, honek bakarrik ahalbidetzen digulakoan inspirazioa, iragan zahar hautsi batetik mundu berri gizatiarrago bat sortzeko.
Orduan hemen asko baitziren, gehienak ez esateko, letrazale, artean, edo existentzialismoari edo marxismoari emanagoak (faxismoari atxikiak ez aipatzeko), Santamariak hain modan ez zegoen ikusmolde zail batekin behar izan du argudiatu bere postura zaila: kristaua —ez frankista!—, abertzalea, demokratikoa, bakezalea, eta beti pertsonaren lehentasun absolutuaren aldekoa, Estatuan bezala Elizan bertan. Ohargarria da, nolanahi ere, irabazle eta galtzaileetan, abertzale eta sozialistetan, fededun eta antiklerikaletan, eta abarretan apurtuta eta amorratuki kontrajarririk zebilen Euskal Herri minduan, jende desberdina egon dela, oposizio hondagarri haiek gainditzea lortu duena pertsonari buruzko gogoetan sakonduz: Toribio Etxebarria eibartar sozialistak, Arizmendiarrieta arrasatear kooperatibistak, eta hala Santamariak ere. Dena den, pertsonalismoa ez da euskal krisiari erantzuteko gogoeta, mundu guztiko eta Mendebaleko kultura guztiaren krisiari ihardespen globala baino.
Gogoan hartu behar da, Karlos Santamaria idatz-gogoetan hasi denean, gure gerra ostean, Mundu Gerraren garaian eta ondorengo Gerra Hotzaren aldian, krisiak jota ageri dela alde orotatik mundua: ez bakarrik estatuak eta herriak mundu osoan armetan daudelako, baizik filosofiak eta ideologiak ere lerratuta eta elkarrekin zeharo aurrez aurre jarriak dabiltzalako, batak bestea suntsitu beharrean sutan, gehienean ideien atzean iskiluak oso bistan ikusten direla.
Mundu bat bukatuta dago, edo bukatutzat ematen da —Errenazimentuan optimismoz beterik argitu zen Modernia—, eta mundu berriak, ahaleginak eginda, ez du aurkitzen hasierarik.
Galerna apokaliptiko baten giroa nozitu da garai honetan, nahasiago ezina, «ismo» askoren gerra askorekin batera: liberalismoa, faxismoa, marxismoa, existentzialismoa, eta «guztion guztiei gerra»n, kristautasuna ere guztiekin gerran, gerra galdu duen Euskal Herrian bihurdura bihurriki bihurdikatu partikularrez, moral edo pertsonalki nahiz doktrinalki, truke zibil, politiko eta ekonomiko-soziala erlijio-gerra tankeran egiten denean, baina konfesio beraren barruan, galtzaileak ez baitira izaten armak soilik, batez ere kontzientziak baizik. Halere, krisia, Euskal Herriaz gain, Europa osokoa izan da. Pentsamendu guztikoa. «Eskuineko iraultzak» nahi zuena kriminala zen marxismoarentzat; komunismoa kriminala demokratentzat, etab.; «Mendebaleko kultura» esaten zitzaion horretatik, bazirudien ez zela tesi bat bakarra tente geratzen, guztiek onartzeko eran. Krisia, egiazki zenbaterainokoa izan den orain alde batera utzita, zeharokotzat bizitu da eta arras nabarmen sentitu du mundu guztiak.
Santamariaren analisian, krisi modernoa, itxuraz ideologien gatazka bezala zirimolatsu ageri dena, funtsean da teknika espirituari gainditu zaiola, soil-soil: beraz, krisiaren azken erroa ez dago ideologien oposizioan eta borrokan, baizik teknologia berriak gizakiari eskatzen dizkion berrikuntzetan, bere barrura zein kanpora begira.
Pertsonak ez dauka bere burua berrikasi eta berrirabazi beste abiapuntu posiblerik, gainditu duen mundu teknologiko honetan berriro nagusitzeko, libre izateko: pertsonagandik abiatzen dira bide guztiak historian. Orain, beraz, pertsonaren berregintzan dago mundu berriaren itxaropen bakarra. Horixe izan da Santamariaren filosofian egiteko behinena: pertsona gogoetatzea.
Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).
Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).
Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).
Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).