Karlos Santamaria eta haren idazlanak

            |            

 

Karlos Santamaria: zientzia eta kontzientzia bat eginik

 

Elhuyar, 60 zk., 1992-06

 

Joxerra Aizpurua Sarasola

 

1909.eko abenduaren 25ean Donostian jaiotako gizon honek bere ateak zabaldu ondoren, lan-gelara sartzeko gonbitea luzatu zigun. Gela ez zen handia eta bertan ez zen kolore distiratsurik ikusten. Argia bera ere, ez zen intentsitate handikoa eta apalategian zituen libururik gehienak ez ziren azkenaldikoak. Besaulkian eseri ginenean, kaseta prestatu eta ondoko solasaldia izan genuen.

 

    Gipuzkoako unibertsitatearen aldeko batzordean parte hartu zenuen. Zer gogoratzen duzu garai hartakorik?

    Diktadura-garaia zen hura eta «euskal» kutsua zuen edozer gauza debekaturik zegoen. Horrelako langintzetan sarturik genbiltzanoi «separatista» izengoitia berehala jartzen ziguten. Hortaz, orduan boterean zeudenengandik ez genuen ezer asko espero. Gestio ugari burutu genuen, eta batez ere Aingeru Irigarai gogoratzen dut: biok ibili bait ginen batera eta bestera. Orduko agintariek Zuzenbide-Fakultatea irekitzeko baimena eman baziguten ere, laster porrot egingo genuen esperantza zuten. Ikusten denez, gauzak ez dira horrela gertatu.

 

    Katolikoa zarela ez da sekretua, baina guk badakigu katoliko berezia zarela.

    Betidanik parte hartu dut mugimendu katolikoetan. Hala ere, ez naiz inoiz ere «ofizialista» izan. Erlijio-ordezkariak, oro har, tradizionalistak eta inmobilistak izaten dira eta ni hortik kanpo ibili naiz. Ondorioz, eliza ofizialarekin ez-ulertze ugari izan dut.

    Katoliko aurrerakoia izan naizenez konpromezuarena izan da gehienetan hartutako bidea. Hala ere, pentsamolde desberdineko jendearekin harreman ugari izan dut.

 

    Ildo honi segituz, zer deritzozu askapen-teologiari?

    Paralelismoak egitea zaila izaten da. Are eta zailago hain giro desberdinetan bizi izan garenez. Hala ere, askapen-teologia erakargarri iruditzen zaidanez nere burua hortik hurbil ikusten dut.

    Ni «Pax Christi» mugimenduko idazkari nagusi eta partaide izan naiz. Erakunde honek Parisen zuen egoitza eta iharduera ugari izan zuen. Gu bakezale ez-absolutu ginen. Hala ere, gerra berez ez dela kondenagarria baieztatu nahi dut. Injustiziak indarkeria dakar aldi berean eta, beraz, gerrak zentzuren bat izan dezake. Hala ere, istilu guztietan bake-bideak jorratzen saiatzen ginen. Diktadura-garaian ideologia desberdinetako pertsonei laguntza eskaini genien.

    Alderdi honetatik ere, askapen-teologiakoekin antzekotasunen bat badugu, baina egoera eta garai desberdinetakoak gara.

 

    Energia nuklearra eta gerra nuklearra oso modan egon dira azken hamarkadetan. Zuk kanpaina antinuklear ugaritan parte hartu duzu, ezta?

    Urte askotan arrisku nuklearraren eraginpean egon gara. Orain, zorionez, gerra nuklearraren arriskua igaro da eta asko pozten naiz horretaz. Gerra nuklearra izugarria izan daiteke guztiontzat eta horregatik parte hartu izan dut kanpaina antinuklearretan.

    Hala ere, ni ez naiz antinuklearra, hau da, energia nuklearrari ez diot uko egiten, baina alor honetan baldintza asko jarriko nituzke.

 

    Zientzia Zehatzak ikasi zenituen. Arlo horretan zein izan da gehien interesatu zaizun atala?

    Matematikak ikasi nituen eta matematikaren inguruan lan desberdinak egin ditu. «Centro de estudios científicos»ek Donostian «Revista de matemáticas» argitaratzen zuen eta bertan parte hartu izan nuen.

    Jose Oñate matematikariaren lagun izan nintzen. Honek axiometria landu zuen eta axiomatika matematikan sartzea izan zen bere helburua.

    Matematika zientzia zabala denez, matematikari guztiok alor batzuk besteak baino gustokoago ditugu. Neri oinarrizko matematika, logika eta geometriaren postulatuak gustatu zaizkit eta horregatik matematikaren alorrean egindako ikerketa aipatu ataletara bideratu dut.

    Hala ere, matematikak egin didan ekarpenik handiena, gauzak aztertzeko metodoan datza. Metodo zientifikoak ez dira zientzian bakarrik aplikatzekoak. Arazo edo proiektu arruntetan ere aplikatuz gero, oso emaitza aberatsak lor daitezke.

 

    Infinitu matematikoa existitzen al da?

    Matematiketan ere aska ezinezko korapiloak badaude eta horretarako balio duen zerbait asmatu behar da. Infinitua hor kokatu behar da. Infinitu matematikoa ez da matematika, baina matematikak zenbait arazo ezin ditu gainditu hori gabe.

 

    Eta denborari buruz zer esango zenuke?

    Denbora-mota asko dago. Besteak beste, denbora fisikoa, metafisikoa eta psikologikoa ditugu. Guretzat ezagunena denbora fisikoa da, baina denbora-mota hau ere ez dugu erabat ezagutzen.

    Einstein-ek denbora absolutua ez dela esan zigun erlatibitatearen teoria idatzi zuenean. Nahiz eta gaur egun teoria honen zuzentasuna duda-mudatan egon, enbidoa hor dago eta orain arteko pentsamolde eta teoria asko hankaz gora jarriko dira.

    Bai, denbora ere erlatiboa da.

 

    Â«Eusko Kontseilu Nagusia» zelakoan hezkuntz kontseilari izan zinen. Beraz politikan ere urrats batzuk eman dituzu.

    Bai, izakeraz eta pentsamenduz gizon eraginkorra eta aurrerakoia izan naiz eta horrela ulertzen da nire iharduera politikoa.

    1978tik 1980ra bitartean Eusko Kontseilu Nagusiko hezkuntz kontseilari izan nintzen. Garai hartan EAJ-koa nintzen, baina gero zatiketa egon zenean EA-ra pasa nintzen. Aldaketa honen azpian progresoaren eta aurrerapausoen aldeko nere joera zegoen eta ez besterik. Hala ere, ni ez naiz alderdi gizona. Alderdiek gehiegi lotzen dute, bai ideologikoki eta bai praktikoki, eta nere bizitza osoan librepentsalari izan naizela esan daitekeenez, ni ez naiz interesgarria alderdientzat eta alderdiak ere ez neretzat.

 

    Pentsalari ere izan zarenez, pertsona interesgarriak ezagutuko zenituen, ezta?

    Jende prestatua leku askotan dago. jende asko ezagutu dut Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo eta guztiak gogoratzea ezinezkoa da.

    Jose Miguel Zumalabe eta Rikardo Arregi biziki gogoratzen ditut. Makina bat lan eta eztabaida izan genuen elkarrekin!

    Zubiri eta Zaraguetaren lagun izan nintzen. Hauek, nere iritziz, Ortega baino filosofo sakonagoak ziren. Ortega dotorea zen idazten eta hizkuntza ongi menperatzen zuen, baina pentsamendu aldetik ez zen sakona.

    Badakit izen asko ahazten zaizkidala, baina urteak ez dira alferrik igarotzen eta...

 

    Hezkuntzan ere urrats batzuk eman dituzu.

    Beti ikasten aritu banaiz ere, irakaskuntzan urrats batzuk eman ditut.

    Santo Tomas Lizeoa sortu genuenean irakasle izan nintzen.

    Injineruentzako prestakuntz akademia izan nuen. Bertan matematikak irakasten genituen eta gerora ospetsu izatera heldu den injinero asko pasa zen. Besteak beste Txillardegi gogoratzen dut.

 

    Zer deritzozu demokraziari eta gaur egun bizi dugun uneari?

    Demokrazia, garai batean sakon sentitzen zen hitza zen. Eta gaur egun zer gertatzen da? Demokrazia badugu, baina ez gara ezertaz enteratzen; boterea ia lehen bezain urrun dago. Alderdiek erabakitzen dute eta informaziorik ez dago.

    Bestalde, gizarteko balioak asko aldatu dira. Gaur egun garrantzitsuena pragmatismoa eta utilitarismoa dira. Dirua irabaztea da askoren helburu bakarrenetakoa. Gatazka handirik ez dago eta aldi berean, ilusio eza gero eta nabariagoa da. Ideologiak gero eta leku gutxiago du...

 

    Ekologia azken hamarkadan indartu den kontzeptua izan da. Zuretzat zer da ekologia?

    Neretzat ekologia oinarrizko jakinduria da. Historian zehar mentalitate teknikoa dutenak eta mentalitate ekologikoa dutenak aurkitu izan ditugu eta oraindik ere aurkitzen ditugu. Lehenengoek natura erabili egiten duten bitartean, bigarrenek natura errespetatu egiten dute.

    Nik soluzio harmonikoen beharra ikusten dut. Natura erabili behar da, baina errespetatuz; izugarria bait da industriak irizpide ekologikorik gabe egitea.

    Beraz, ekologia bizitza ikusteko modu bat da, eta gainera, bizitzako ekintza guztietara zabaldu behar den kontzeptua. Gizatasuna beste era batera ulertzen da, eta lehen esan dudan bezala, jakinduri mota bat da.

    Nere iritziz, ikasleei ikastetxetan irakatsi beharko litzaieken gauza da.

 

    Igeldoko meteorologi zentruan aritu zinen garai batean, ezta?

    Aspaldiko gauza da, baina egia da. Aritu nintzen bai.

    Soldadutzara joateko garaia zen eta libratzeko posibilitateak aztertu nituen. Posibilitate horien arteko bat meteorologi oposizioak gainditzea zen. Salamancan burutu nuen meteorologi ikastaroa eta promozioko lehen postua atera nuen.

    Oposizio horri esker Igeldoko meteorologi zentruan lanean aritu nintzen, eta bertan Felisa Martin Bravo-rekin aritu nintzela gogoratzen dut.

 

    Azken galderak euskarari buruzkoa izan behar du. Hitz egingo al diguzu euskarak eta Karlos Santamariak izan dituzten loturez?

    Nere etxean euskaraz eta gaztelaniaz hitz egiten zen. Ikasketak gaztelaniaz burutu nituen eta gerora alfabetatu nintzen.

    Euskal Herrian bizi naizela kontziente naizenez geroztik euskararen herrian bizi naizela sinetsi nahi izan dut. Pentsamendu honi jarraituz, euskarak eta nik etengabeko lotura izan dugu. Euskaraz argitaratutako aldizkaririk gehienetan partaide eta bultzatzaile izan naiz; Jakinen, Argian, etab.etan.

    Euskaltzaindian ere batzorde eta talde askotan parte hartu izan dut; batez ere euskara batuaren hasierako garaian.

    Egia da euskara batuari euskalkien goxotasuna falta zaiola, baina aldi berean egia da euskara batua errealismoak sortutako euskara dela ere.

    Bide luzea geratzen zaio euskarari, baina iritziak iritzi euskaldun izaten segitu nahi badugu, euskaradun izan behar dugu.

    Ordu t'erdiz izan ginen Karlos Santamaria jaunarekin eta jaso dituen eta jasotzen ari den sari eta aipamenez ez zigun tutik ere esan. Aldiz, Elhuyar aldizkariko «Zientzilarien ildotik» gustokoa zuela, «Euskaldunon Egunkaria»rako artikulu bat idazten ari zela eta liburu-pare bat irakurtzen ari zela esan zigun, hau da, pentsatzeari ekiten ziola esan zigun.

    Agur Santamaria jauna, eta mila esker.

 

            |            
  • Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).

  • Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).

  • Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).

  • Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es