Karlos Santamaria eta haren idazlanak

            |            

 

Carlos Santamaria: «Gure herriak gaitasun politiko falta darakusa»

 

Argia, 1.240 zk., 1989-04-16

 

Loren Aristi

 

Carlos Santamaria duela 80 urte jaio zen Donostian. Algebrako katedradun, «Pax Chrusti»ko zuzendari orokorra izana, Euskaltzaindiako partaide, «Jakin», «Zeruko Argia», «Anaitasuna» aldizkarietan buru belarri aritua... luze joko genuke motxean hainbat urte laburbildu nahi izanez gero. Hainbat liburu argitaratua bestalde, «Jacques Maritain y la polemica del bien comun», «Espiritualidad y politica», asko eta asko izan dira gizon honek jorratu dituen esparruak. Juan Carlos erregearen irakasle izana, Heziketako Kontseilari transizio garaian... itzal haundiko gizona ezbairik gabe. Elkarrizketan zehar erakutsi digun bezala gaur egun pil-pilean dauden gaiak barru-barrutik erantzunez.

 

    Liburu bat idatzia duzu armamentuen karreraz eta galaxietako gerraz. Orain distentsioaz mintzo da jendea, perestroikaz...

    Begira, Gorbatxov-ekin egin den akordioa izan da lehena bonba atomikoak ezabatzeko erabaki bezala. Lortu da ja Europakoak desegitea. Erabaki honek egundoko aldaketa suposatu du, eta beste egoera batetara eraman gaitu, zeina erabat diferentea den lehengoekiko, eta bestalde, inportanteagoa. Zuzen-zuzenean arma nuklearren ezabatzera jo bait da.

    Zer dela-ta defendatzen du Gorbatxov-ek honelakorik? Arma nuklearrak, armak orokorrean, oso garestiak dira, eta Sobietar Batasuna arazo ekonomiko latz batetan jausirik dago, eta ongitasuna du desio bestalde, horretarako armetan gastatzen dituenak uztea baino ez zaiolarik geratzen. Arrazoiketa hau izan da hain zuzen ere distentsioa eragin duen arrazoirik nagusienetakoa.

    Baina gainera, nik hasieratik ikusi nuen perestroika benetan serio zihoala; hemen jende asko dagoen arren oraindik «beste mundu horretako komunismoa», edo Reagan-en zioen bezala «gaizkiaren inperioa» besterik ikusten ez dutenak... eta oso serio doa perestroikak dakarren berrestrukturaketa. Honek ez du esan nahi estatu kapitalista batetan bilakatuko denik, baina ezbairik gabe demokrazia modu batera ireki daiteke orain bertan argiro antzeman daitekeenez.

    Hau honela, egundoko eragina izango du aldaketa honek gure gizartearen pentsatzeko eran. Munduaren norabidea aldatzeraino. Esan daiteke lasai asko beraz mehatxu nuklearraren arriskurik ez daukagula gaur eta orain, pasa dela, urrutiko gauza bezala ikus daitekeela.

 

    Zerk bultzatzen zaitu gai hauen ikutzera?

    Beno, ni ikerlari bat naiz, eta pakearen arazoa betidanik interesatu zati: «Pax Christi»ko ordezkari nagusia izan nintzen adibidez, tratu haundia izan dut Europako pakezaleekin...

    Zuen belaunaldia ez da konturatzen, baina guretzat bonba nuklearraren jaurtiketa egundoko kolpea izan zen, kasik orain artean barru-barruan eraman duguna.

 

    Gainbegirada bat emanez, nolatan ikusten duzu aldatu direla gauzak bigarren gerrate mundialaren ostean?

    Begira, bigarren gerrate mundialaren ostean filosofia mailako korronte haundiak krisi batean jausi dira; marxismoa bera ahaztu eta posmodernitatea sortu da ondorioz. 50. urtetik aurrerantzean fase berri batean gaude murgildurik beraz, baina beno, hor asko legoke esateko... distentsioaren sasoia genuke oraingoa, gatazka txikiak ere konpontzeko bidean jarri dira, Iran-Irak-en artekoa dela, hor dago Gorbatxov Kuban Fidel Castrori lasai egoteko esanez... ordea, nork hitzegiten du egun benetazko sozialismoaz? Benetazko ezkerraz? Esistitzen al da benetako ezkerrik? Esistitu daiteke egungo gizarte pragmatikoan? zeinak ongitasuna besterik ez duen desio... Munduko bigarren guduaren ostean sortu den gizarte honek benetazko axolagabekeria adierazten du gai hauekiko, egun ez da komunismo gogorraz mintzatzen, ez eta ere komunismo armatuaz, gauza erabat aldatu da.

    Posmodernitatea ez da moda bat, sakonagoa da, batipat kultura eta filosofia mailan antzematen dena; egun ez dago filosofo haundirik, ez da posible gainera egon daitezen, ze filosofia, metafisika ez bait dira interesatzen gutxi bat sikiera, gaurko gizon-emakumeari ezin zaio garrantzizko galderarik egin, ez du deusik jakin nahi denbora batean gizartea nahastu zuten gaietaz, ez du sikiera planteia diezaioten onartzen... ateismoa adibide: XIX. mendearen amaieran halako borroka gogorrak eragin zituenak, ba egun axolagabekeria besterik ez du eragiten, jendea ez da eztabaidan sartzen. Zentzu honetan ere, zenbat marxista benetako dago orain? Zenbatek letzen du Marx? Nik letua eta azpimarratua dauzkat bere lanak aizu, lehen genuen interes hori... akabo! Gorbatxov eta horiek ez dira marxistak.

    Sozialismoa bestalde, sozialdemokraziaz aldatu nahi digute; hemen denak dira sozialdemokrazia... eta non dago iraultza? Klase borroka? gauza asko dago posmodernitateaz hitzegiteko, baina beno, begibistakoa da gaurko hau ez dena geratuko, teknologia modernoen desarroiloak egundoko indarra eman dio gizarte honi, eta hori da hain zuzen interesatzen zaiona.

 

    Gaiaz aldatu dezagun: zer uste duzu gertatu dela azken asteotan Euskadin?

    Batak besteari botatzen dio errua... beno, ni abertzalea naiz, eta honetarik landa askoz ere gutxiago interesatzen zaizkit partidu politikoak, neri ez zait batere gustoko partiduen demokrazia hau, oso jende gutxi dago afiliaturik edo partidu batean buru belarri sarturik batetik, eta bestetik, badakit nere larrutan ezagutu dudalako, partiduetan erabakiak hartzen dituztenak bakar batzuk direla.

    Hau honela, abertzaletasuna sentimendu bat da, zeinak Euskadi maitatzera bultzatzen nauen. Independentista naizen? Zaila da oso galdera honi erantzutea, baina beno, nik Euskal Herriak nahi duena egin dezan nahi dut, euskal herriak bere borondatea bete dezan, bere geroa erabaki dezan nahi dut, independizatu dadin loturik mantentzen duen zama politiko honetarik. Gaurko egoerari atxekiz, alde batetik nahiko ezkor dakusat gertatzen ari dena, ze beste behin ere gure herriak gaitasun falta politiko nabarmena erakusten bait du jasaten duenaren aurrean, hemen bakoitza bere aldetik doa, ez dezala inork ilusio faltsurik mamitu... bestalde, oso ikuspegi baikorra da nerea, inoiz baino abertzale gehiago dago egun, euskara, oraindik ere konpontzeko asko falta ba du ere, egundoko urratsak eman ditu, hor dago unibertsitatea...

    Lehengora bueltatuz, eta kanpotik begiratzen duen baten ikuspegiaz ari natzaizu, ETA nekatuta egon daitekeela uste dut, oso zaila da ez nekatzea, hainbat eta hainbat preso, eta gero frantziar, espainiar eta beste poliziak aurka dituela aldi berean... eta hau honela, negoziatzera esertzen da, hitzarmen duin baten atzetik, eta hor sortzen da arazoa, ze espainiar Gobernua, Felipe González buru, esku loturik dago ere...

 

    Zergatik puskatu dira akordioak?

    Zergatik puskatu diren akordioak? Nork egin duen gaizki? Hori ikusiko da, inefikazia... lehen esan dizudan bezala esku loturik dago Madrilgo Gobernua. Reinserzioa onartuko balu kasu, Espainia guztia izango luke gainean, eta hor dabil «piruetak» eginez, zerbait egiten ari dela adierazi asmoz. Borroka honetan bakoitzak bere papera betetzen du, baina zera utzi nahi dut argi eta garbi: pakea ez da berehala etorriko, luzea da bidea eta fase askotarik pasa beharko du. Estraineko hauek, nere ustetan, oparoak izan direla esan beharra dago, ETA espainiar Estatuko ordezkari zenbaitekin eseri da, eztabaidatu du, negoziatu du, begibistakoa denez gauza politikoak, tontakeria bat litzateke aurkakoa esatea. Beraz, pozten naiz hasera hau eman delako eta espero dut aurrera jarrai dezaten.

    Ze paper beteko luke HBk egunen batean ETA esistituko ez balitz? Ez al litzateke bere funtzioa askoz ere garrantzitsuago izanen, demagun abertzaleen inguruan dagoen korronte zabal horren biltzen? Ba bai, garrantzi haundiko papera bete beharrean dago HB, eta orduan gauza asko aldatuko da, politika mailan diot, ze posible litzateke HB bezalako korronte batek beste egoera bat inposatzea Madrilgo Gobernuari. Pentsa, egunen batean populuaren %80a independentziaren alde azalduko balitz Madrilek ezingo luke berau ukatu. Hau ere begibistakoa da.

 

    Zu bi urtez edo Juan Carlos erregearen irakasle izan zinen. Nola uste duzu ikus dezakeela egungo giroa?

    Nere iduriz nahiko ondo egiten ari da egin beharrekoa. Nik badakit jende askok ezin duela ikusi baina neri bost axola, demokrazia honen barruan nahiko ondo ari da, gizon arrunta bera, jende askorekin hartu emana daukana, oso atsegina... oso egoera berezian dagoena ezin ahaztu, militarrak alde batetik, kasta guztietako politikoak bestetik, sozialistak boterean... hala ere ez du oso eskuineko ikuspegia azaldu, eta aldiz ondo moldatu da guztiekin. HB berak ere hitzegiterik izango luke erregearekin nahiez gero, eta honek ez lizkioke ateak itxiko. Independentziaren arazoa, planteatuko balitz adibidez, gizon honek ez luke negatiboki erantzungo.

    Demokrazia hau aurrera doa. Guretzat, zaharrontzat, harrigarri da oso demokrazia honek hainbat urte irauten ikustea... egia esan, gizon honi utziz gero, oso baliogarria litzaiguke.

 

    Joseba Arregik duela gutxi egunkari batetan esaten zuen apaizak gehiegi sartzen zirela politika kontuetan beren egin beharra alde batera utziaz. Zer diozu hitz hauetaz?

    Neri esan didate zuzenean Setieni botatako hitzak direla... berdin dio; nik badaukat liburu bat gai honen inguruan duela urte asko argitaratu nuena. Erlijioa ez daiteke politikatik aldendu, alferrikakoa da. Erlijio indibidualista, gizartearengandik aldentzen dena, ez da ezer; hain zuzen ere, elizaren aurka egin izan da, ez zuelako bere garaian deusik esaten, ze eliza ez bait da inoiz argi eta zehatz mintzatu. Beste gauza bat da partiduen politikan sartzea, baina politika bere zentzu zabalean ulertuta, gizartearen ongitasunaren bila jarduten dena, ezin du alde batera utzi, apaizak eta gotzaiek hitzegin behar dute politikaz. Zer gertatzen zen lehenago Francok hainbat apaiz beste mundura bidali zituenean? Bere larrutan ordaindu zuten... ez dakit nola esan dezakeen honelakorik Joseba Arregik.

    Duela gutxi karta bat publikatzen zuten «El País»en: «El problema no es ETA, son los curas vascos». «Eso de que ninguno de los tres obispos vascos haya aparecido a la manifestacion del 18 de noviembre...» ez zeukala zentzurik zioen; manifestapen hartan ez egotea egundoko derrebesa zen editoriala idatzi zuenarentzat: ez al zen politika manifestaziora joatea? Dena da politika, gizon-emakumeak ezin du horretarik aldendu.

 

    Eta oinarriko elizari buruz zer eritzi daukazu?

    Hor dago, jendea joaten da elizara, elizara joaten garenok asko eta asko gozatzen dugu bizitza espiritualaz, eta mundu honetako penuriak halaxe estaltzen ditugu guk.

 

    KORRIKA gainean dugula, aurkako zenbait botza altxatu da. Nola ikusten duzu zuk?

    Gauza ona izan da KORRIKA, baina zera, euskaltzaleen arteko borroka dela-ta, instituzio zenbait besteren aurka jarri dela-ta, KORRIKAk guzti honen zuzpertzen laguntzen badu ez duela bere funtzioa betetzen uste dut, ze euskaltzalearen papera guztiz positiboa izan beharko luke, euskararen alde borrokatu beharko luke...

    KORRIKAk euskararen alde asko egiten duela esan beharra dago bestalde, euskara ikus dadila, entzun dadila sikiera egun batean, euskararen aldeko manifestu ikusgarri bat, zoragarria da... aizu, etorriko dira garai hobeak, ez bada gauza okerrik gertatzen bederen, ze ondorengo belaunaldiei adibidez, igoal okurrituko zaie «euskara zertarako?» galdetzea; guretzat euskara ororen gain dago, baina beldur naiz, posmodernitatearen sasoi honetan hurrengoek dena auzitan jartzea!

 

    Hasieran zenionez, zientifikotzat jotzen duzu zure burua. Nolatan antzematen duzu alor hau gaur egun?

    Unibertsitateak inbestigatzaileak sortu behar ditu, euskal industriak behar duen modernizazioaren zuzpertzaile ezinbestekoak bilakatuko direnak. Unibertsitatea espekulazioaren baitan geratzen bada, metafisikarekin bueltaka, ez du deusik egingo. Nik halere, asko espero dut, hori bai, heldu beharrean dago, baina beno, hor dago Euskadin daukan apusturik haundienetakoa... egun esan daiteke gainera, garai batetik hona unibertsitate mailan eman diren aldaketak medio, gizartearen aldaketarako elementu garrantzitsu bat bilakatu daitekeela.

 

            |            
  • Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).

  • Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).

  • Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).

  • Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es