Karlos Santamaria eta haren idazlanak
Gerra nuklearraren mehatsua eta Europako egoera
Jaunaren deia, 86-87 zk., 1984-01
Sarrera
Donostiako elizbarrutiko Teologia eta Pastoraltzarako Ikastetxeak ikastaro bat ematera gonbidatu ninduen. Gaia hau zen: munduak une honetan bere gainean daukan gerra nuklear baten mehatsuak aurrean jartzen dituen arazoak.
Hiroshima eta Nagasaki hirietan lehergailu atomikoak jaurtiki izan zirenetik ia berrogei urte joan dira eta Gizadiak ezin egosi izan du oraindik harma atomikoa. Ez da oraindik igaro ez eta igaroko ere historiaren orrialde hau, harma nuklearrak harmategietan eta jaurtiketa zelaietan jarraitzen duten bitartean.
Zalantzaldi beldurgarri hau, bi era hauetako batez amai daiteke bakarrik: gerra nuklearra bere ondorio izugarri guztiekin lehertzen da ala superpotentziak, harma atomikoak ekintza politiko eragingor batetarako alferrikakoa direla jabetzen direlarik, harmaok behin betirako apurtu eta berregiteko debeku eraginkor bat itzartzen dute.
Ulertezina da, izan ere, Europa guztia 222 aldiz suntsi lezakeen harmamentu guzti hori, biltegietan gorderik luzaroan eukitzea gerra nuklearra lehertu gabe. Posible al litzateke, adibidez, 50 urte barru misilak beren objetiboak destatuz hor jarraitzea deus gertatu gabe bienbitartean? Ez horixe! Ezinezko da. Urte asko baino lehenago bi superpotentziak gerra nuklear batetan burrukatuko dira edo, aitzitik harma nuklearrak zokoratzea erabakiko dute, harmaok gerra onuratsu batetarako tresna egokiak ez direlako.
«Gentza» Ikastetxeak eskainitako gaia arras interesgarria iduritu zitzaidan eta aipaturiko ikastaroa otsailean egin zen Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalaren Kultur Aretoan eta beronen laguntzarekin, «Harma nuklearrak eta kristau kontzientzia» izenburu pean.
Teologia eta Pastoraltzarako Ikastetxeak zera eskaini dit Jaunaren Deia aldizkariarentzat: Ikastaroan emaniko hitzaldietako zati batzu berregitea. Eskaintza hau ohoregarri izan da niretzat eta pozik erantzun ere erantzuten diot hitzaldietako punturik interesgarrienak eskainiz.
Tamalez, nahi izanda ere ez daukat astirik neure erdarazko textuak euskaratzeko, premiatasun handiagoko beste burulanetan jo ta ke ari naiz eta.
Hori dela eta zera eskatu diot Aldizkariaren idazle taldeari: berak egin dezala textuen euskaratzea. Bihotz-bihotzez eskertu nahi diodan mesedea da niretzat alajaina!
Asmo-kentzearen krisialdia
Munduko egungo egoera politiko-militarra, zalantzarik gabe, asmo-kentze edo disuazio estratejia poliki-poliki etengabe okertzetik sortu da neurri batean.
Azken bi hamarrekoetan zehar «izu-ikararen orekak» —nahiz eta arras eztabaidatua izan— superpotentzien artean segurtasun giro apur bat sortzen laguntzen zuen, gerra nuklear baten arriskua ahantzierazteraino ere iritxiz zenbait unetan.
Sasi-baketze edo izpirituen lozorro honen eta gaur eman den eritzi aldaketaren aztarnatzat zera aipatzen da, adibidez: gaur harmamentu nuklearren aurka mugitzen diren alemaniar eta eskandinabiar bakezale beraiek dela hamar urte doi-doi hau aipatzen zutela: Ekialde eta Mendebale arteko gerra nuklear baten ustezko arriskua, egiazko istilua estaltzeko era bat besterik ez dela, hots: Hego hustiatuaren burruka Ipar hustiatzailearen aurka.
Une honetan, asmo-kentzearen edo disuasioaren estratejian jarririko konfidantza galdurik dago. Asmo-kentzea finkatzen zeneko oreka bera ere badaezpadakoa zela nabari jarri da.
Azken bost urteotan argi eta garbi jarri da delako berdinketa estratejiko hori badaezpadako eta gezurrezko zela eta nazioarteko egoera arriskurik handienera heldu dela.
Superpotentziek, batak nahiz besteak, izugarrizko iduripena dute batak bestearentzat, ez iadanik hedatuak dauden harmamentuengatik, gaurkoak berak ere baino ahaltsuagoak izan daitezkeen harma berrien asmaketa eta gerra teknikengatik baizik.
Superpotentzi biok dakite besteko zientifikoek lanean ari direla etengabe beren harmamentuen bikaintzea lortzeko eta edozein unetan desberdindu daitekeela bien arteko oreka, bakea bikutara bidaltzeko zorian. Egoera honetan oreka berez dator lurrera eta ez du balio beren arteko segurtasuna bermatzeko.
Honela, harmamentuen oreka ezarri lezaketen konponbide serioak, objektiboak eta egiaztagarriak aurkitzera heldu ez-ezen 63garren urtetik 79garren urteraino iraun zuen negoziaketa giroari, etengabeko porrot diplomatikoak jarraitu zaizkio azkenaldi honetan, sor-gorren elkarrizketa, harma mugaketarako ari zituzten hizketaldiak bat-batean moztu direlarik dela hilabete batzu.
Zalantza izpirik gabe zera baiezta daiteke: nazioarteko egoera ez dela egon urte askotan orain dagoen bezain istilutsu eta nahasia. Guzti hau azaltzeko, kontuan eduki beharko litzateke asmo-kentze politika-aurreko prozesua, 1954an hasi zenetik.
On da gogoraztea bi aldi izan dituela asmo-kentzeak. Lehenengoa aldebateko amerikarrek ezarria. Bonba atomikoaren jabedun bakarrak izanik amerikarrek sobietarrei buruan sartzen ahalegintzen dira: ez dezatela sobietarrek egin Estatu Batuek lehergailu atomiko erabiltzera behartu lezakeen inolako mugimenturik.
1962 urtea aldera, asmo kentzearen estratejia aldebitakoa dela esan daiteke. Nola amerikarrak hala sobietarrak hau adierazten ahalegintzen dira arerio izan daitekenari: harma nuklearra erabiltzeko asmoa bazter dezala, erabilketa horrek ekar lezakeen hondamendia kontutan hartuz.
Alde bateko asmo-kentzearen planteamendua 1954garren urtean egiten da lehenengo aldiz. Estatu Batuek, behar izanean lehergailu atomikoa erabiltzeko asmoa agertzen dute, munduaren gain duten nagusitasunari eusteko.
Estatu Batuak lehergailu atomikoaren jabe bakarrak izateak posible egiten zuen horrelako jarrera harro baina aldi berean isilpekoari eustea, beren buruzagiek ba zekiten-eta atomikaren erabilkera berri bat Gizadiak nekez barkatuko zien izugarrikeria zatekeela.
Foster Dulles izan zen aldebateko asmo-kentzearen dotrinaren asmatzailea, aipaturiko 1954garren urtean eta «errepresalia masiboa» edo «den-dena nuklearra» deitu zitzaion dotrina honi urte haietan.
Dulles-en estratejiak helburu politiko bat zuen, izen hori merezi duen estratejia orok nahitaez eduki behar duen legez. Izan ere, Clausewitz-en egunetatik gauza jakina baita soil-soilki militarra den estratejia batek, estratejia politiko jakin-jakin bati erantzuten ez dion estratejia militar batek alegia, ez duela zentzurik.
Dulles-en kasuan sozialismoak munduan zeraman aurrerakada gelaraztea zen helburu hori, hots, Errusia eta Txina herri komunisten aurkako burruka, Dulles-en ustez, hauek mehatsu bat bait ziren mendebalarentzat, une hartan.
Ikuspuntu honetan oinarrituta, Dulles-ek hau gogoematen zuen: gainerako gerra prolema guztiak bigarren mailan utzi behar zirela, berarentzat munduko bakearen zernahi aldaketa bloke komunistaren asmo iraultzailei egozgarri bait zen, funtsean. Sor zedizkeen istilu guztiak, beraz, hipotesi honetatik abiatuz erabili behar ziren.
Komunismoa zen burrukatu beharreko etsai bakarra eta harma nuklearra gudu hau burutzeko harmarik egokiena.
Gauzak hain soil eta bakun ikusteak Dulles-i bere pentsakera politiko-militarra bateratzea errezten zion: estratejia bakar bat, gerra bakar bat eta harma bakar bat nazioarteko ordena segurtatzeko.
Bake arazoaren bateratze eta orohartze honen arabera, Dulles-ek ondorengo arau estratejiko hauek jalkitzen ditu:
1) Bakearen aurkako eraso orok Estatu Batuen aldetik errepresalia masiboa ukango du. Erantzun hori URSS edo TXINA popularraren aurka izango da, herri biok jotzen bait dira istilu piztailetzat.
2) Munduko bakearen defentsarako Estatu Batuek harma nuklearra erabiliko dute beharrezkotzat jotzen duten aldioro, harma konbentzionalak bigarren tokian utziz, desegokitzat jotzen bait dira hauek nazioarteko ordena berriari eusteko.
3) Eta hala gertatuz gero komunistek eramango luketen jipoi eta hondamendi izugarriak tokiko gerlen bidez nahiz beste herrietan ekintza nahastaile eta iraultzaileak bultzatuz munduko bakea aldatzeko luketen asmo oro kendu behar lieke beroei.
Handik laster, Vietnamgo gerrak begibistan jarri zuen tesi hauen ahultasuna, gerra honetan, izan ere, ez eta Koreakoan ere, amerikarrak ez bait ziren ausartu harma nuklearra erabiltzera.
Vietnamitarren eta frantsezen arteko gerrak ez zion komunismoak herri kapitalisten aurka darabilkian gerraren eskemari erantzuten. Funtsean —eta baitipat— askapen burruka zen zergati edo motibazio nazionalistetan oinarritua eta ez zitekeen baiezta datu frogagarriekin txinarrek eta errusiarrek istilu hartan burruntzalia zuzenki sartu zutenik. Amerikarrek ezin, beraz, hauen aurka gerra hasi arrazoitasunik funtzezkoena bortxatu gabe.
Honela gauza bat geratzen zen argi eta garbi: ba direla munduan istilu mota batzu Dulles-en eskema bateratzailean sartzen ez direnak eta errepresalia masiboaz konpon ez daitezkeenaz.
Bestetik, Vietnam-ek gerrilla-gerra egin zuen eta bere basa-gerlari guztiak sakabanatuak zeudenez, egundoko oztopo teknikoa sortzen zien amerikarrei lehergailu atomikoa erabiltzeko.
Gainera, Estokolmo-ko Manifiesto-aren eta zientzilari askoren deklarazioen eraginez bizitua izan zen Mendebaleko munduaren sentiberatasuna, harma beldurgarri hori erabiltzearen aurka zegoen. Nahiz eta harma nuklearren hesparruan denen gainetik egon, Estatu Batuek beren herri adiskideen eritzi publikoa aldeko izatea beharrezkoa zuten. Eta arrisku hau zegoen, gainera, tarteko, hots: Asia guztian Estatu Batuen aurkako erreakzioa sortzea, eraso atomiko berri batek, arraza horiko herri bat zigortuko bait zuen beste behin.
Guzti honen ondorio bezala garbi agertzen ziren Dulles-en dotrinaren okerrak eta beroiek porrot eginerazi zioten haren estratejiari.
Baina amerikarrak jarreraz aldatzera behartu zituen benetako arrazoia, sobietarrek harma eta ibilgailu nuklearretan egindako aurrerapena izan zen.
Hirurogeigarren urterako iritxi zuen URSS-ek amerikarren parean egotea hesparru militarrean. Hau da, munduko estratejiaren zenbait frontetan hauekin lehiatzeko eran aurkitzen zen.
Estatu Batuek galdua zuten monopolioa ez-ezik baita lehentasuna ere, eta ez zitekeen asmo-kentzeaz alde batetik bakarrik hitzegiten jarrai.
Orduantxe agertu zen Ameriketan asmo-kentze malgu edo berezituaren dotrina, geroago bere bilakabidean planteamentu ezberdinak izango zituena, hala nola Kissinger-ena 1957an, McNamara 1962an eta Schlesinger-ena 1976an.
Une hartatik asmo-kentzea ez da gehiago aldebateko izango: aldebiko bihurtze da, arazoaren muina guztiz aldatua geratzen delarik. Hau da, ez dira amerikarrak bakarrik Mendebalearen aurkako eraso bat ez hasteko sobietarrak komentzitzen ahalegintzen direnak, baizik eta sobietarrek ere asmo-kentzearen estratejia erabili nahi dute Estatu Batuen aurka.
Gutxi-gora-behera honela labur daiteke gaurdaino funtzionatzen egon den asmo-kentzearen dotrina:
1) Gerra totalaren ideiaren orde edo osagarri bezala gerra mugatuena jarri behar da. Hartatik guztiz berezitu behar duten gerra hauetan ez da harma nuklearrik erabiliko harma konbentzionalak baizik edo gehienean harma nuklear ttipituak.
2) Amerikarren «santutegia», hau da, Estatu Batuen lurraldea eta populazioa erasotuak badira eta orduan bakarrik, jarriko lukete jokuan harma nuklearra osokiro.
3) Gerra osoa eta gerra mugatuaren arteko berezketa delako «nuklearizapen gailurrak» garantizatuko luke. Hitz horrekin zera ulertu behar da: Bete behar liratekeen baldintzak kasu jakin batetan gerra batetik bestera igarotzeko.
4) Etsaiaren «santutegiari» begirune izatea behar-beharrezko da bi alderdien oinarrizko kontsigna edo ixilpeko ituna, gerra bete-betean leher ez dadin.
5) Nolanahi ere, egundoko hondamendi baten elkarri eginiko mehatsuak aski izan behar du gerrei «arrazoibidezko» mugen barruan eusteko.
6) Hala ere, Estatu Batuek indar batzu joak ez izateko moduan gorde beharko dituzte «bizi ez biziko» kasuan defentsa nuklear masiboa egiteko gauza izango direnak.
7) Gerra nuklearraren barruan maila batzu ezarriko dira, lehenengo, bigarren zartakoaren eta eskaladaren etabarren artean berezketa eginez. Mailaz-mailako estrategia deritzaio honi.
8) Hautabide estratejikoak, Dulles-en garaian ez bezala —orduan hondamenezkoa onartzen zen bakarrik— ugarituko dira gerta litekeen krisialdi mota bakoitzari erantzun egokia eman ahal izateko modukoak.
Gorago esan dugunez, denek bat datoz hontan: asmo-kentze edo disuasio estratejiak aski ongi funtzionatu duela azken hogei urte hauetan, potentziek segurtasun apur bat ukan dutelarik epe horretan.
Baina hasera-haseratik kritika zorrotzak jaso zituen estratejia horrek, zeren bakea segurtatu baino arrisku haundiagoan jartzen bait zuen. Asmokentzearen aurka gutxi edo asko toki guztitan adierazten diren arrazoibideak edotarikoak dira eta ez indargabeak.
Lehendabizi asmo-kentzea arras garestia ageri da. Harmamentuak mantendu ez-ezen berritu eta etengabe bikaintzea eskaintzen bait du. Eta jakina, gauza garestia da hori eta munduan dagoen miseria eta azpiaurrerabidea burrukatzeko erabili behar liratekeen diru-pilo haundiak hortan xautzen dira. Munduko kontzientziarentzat egiazko gaizbide noski.
Bestalde asmo-kentzeak etengabeko tirabira eta gerra arriskua mantentzen du eta bertatik bizi dela esan daiteke. Gerra nuklear baten arriskua disuasioaren funtsezko osagarria da. Baina, honela, segurtasuna elkarren aurka jarrita daudenen ikuspuntu subjektiboen baitan geratzen da. Eta hara hor istiluen iturri agortuezina.
Oreka kontzeptua beti da mugikor eta segurtasunik gabea eta zentzu honetan aldaberatasun iraunkor bati eusten laguntzen du. Horregatik, bere ondorioa kaltegarri gertatzen da bakeari epe luzean eusteko.
Disuasioak gerraren ideia darama bere erraietan, etengabeko gerra mehatsua, amaitzen ez den gerra hotza. Gerra finkatzen du eta etengabeko errealitate bihurtzen bertatik nola ihes egiteko biderik ez dakigula.
Azkenik, disuasioak egiazko prozesu politikoa izozten du, gizadiak une honetan konpondu behar lituzkeen prolemei buruz elkarrizketa egitea eragozten duelarik. Ez du, beraz, balio historiaren geroari aurpegi emateko.
Mundu guztiak daki egoera honen irtenbidea ez daitekeela etengabe gerorako utzi. Disuasioaren politika iadanik ahitua dago eta ordezko bat behar du. Baina inork ez daki argi eta garbi zer ledikeen hori...
Une honetan, bi blokeen gidariak, itxura denez, aidura eta zalantza batean daude, diplomaziaren indargabetasunak ederki frogatzen duenez.
Nahasmen honek mendebaleko herrialde gehienen eritzi publikoan sortzen dituen ondorioak negargarriak dira. Jendeak zera pentsatzen du: gobernuek tinkotasuna galdu dutela eta guzti honen atzetik hondamendi haundi bat etor daitekeela alegia.
Baina jendetzen beldurra beti da arriskugarri.
Beren deskribapenak egitean eta gaur-gaurkoz lortuezinak diren eskakizun politikoetan gaizki gidatuak dabiltzan bakezaleen mogimentuek ere, etsipenezko giro txar hori oraindik larriagotzen dute. Gezurra badirudi ere, gobernu beraiek ere etsipena sortzeko ekintzak bultzatzen jakin dute, adibidez, Estatu Batuetan behin baino gehiagotan gertatu den bezala, defentsarako Idazkaritzak Parlamentuari eta Senatuari kreditoak eskatzea beharrezko zela uste izan duenean, harma berriak sortzeko eta gastu militar berrietarako.
Gerra mugatuaren balio bikoitza
Gai hauetan jakintsu direnek argi eta garbi jarri dute gaur gerra mugatuak duen alderdi bikoitza. Egoera jakin batean, gerra mugatuak duen alderdi bikoitza. Egoera jakin batean, gerra mugatuak balbula eginkizuna bete dezake eskala handiko gerra nuklearra aldentzeko, baina aldi berean zera ere esan daiteke: gerra mugatuak direla lurrustelik hoberena gerra totalaren sorkuntzarako, alegia.
Lehenago aipatu dugunez, Korea eta Vietnam-go gerretan —zeinetan Estatu Batuek burua makurtu beharrean aurkitu baitziren nahiz eta hesparru nuklearrean gailentasuna eduki— «errepresalia masiboaren» dotrinak porrot egin ondoren, amerikarrek estratejiaren dotrina berri bat aurki behar izan zuten.
Honela, garrantzi gutxiagoko objektiboen aurrean gerra mugatua erdibide bezala ageri da «laisser faire» jokabidearen (zeinetara Estatu Batuek ez zitezkeen mugatu, eskuarki, munduan zeukaten gailentasuna ikusita) eta bi blokeentzat egundoko hondamendia litzatekeen gerra nuklear baten artean.
Kissinger-ek argi eta garbi azaltzen du ideia hau 1957an, bere liburu ospetsu honetan: «Gerra nuklearra eta nazioarteko politika». Honatx bere esaldietako batzu: Harma atomikoa harma indartsuegi bilakatu da... Inoiz baino indartsuagoak garen ordu honetan, zera ikasi behar dugu: potentzi harmatua helburu politikoei zehazki egokitua ez dagoenean, ez duela balio ekintzarako ondorio gelditzaileak sortzen ditu-eta. Ez da gauza premiazkogorik gure politikarentzat —gehitzen du— gure ahalmen militarra helburu estratejikoetara egokitzea baino».
Ez du deusetarako balio egundoko harma ahaltsuak edukitzea egiaz erabilgarriak ez badira. Bigarren mailako estatuek, militarki garrantzi gutxikoak direnak alegia, estu har gintzake —idazten du Kissinger-ek— gerra hedatuari dagokion indarra ez bait da gerra mugatuetan erabilia izateko egina.
Urte haietan, iparramerikar estrategen artean ideia hau hedatzen da: gailentasunak ez duela deusetarako balio beste superpotentziarekin gerra batetan, zeren, nahiz eta gailentasun hori mantendu eta bermatuko balitz ere, sobietar arerioak kalte edo galera neurrigabeak eta ezinonartuak sorreraz lietzakieke Estatu Batuei.
Argi eta garbi dago hau estratejiaren aldetik, hemen Gallois generalak ziotsana gertatzen bait da: atomoaren ondorio berdintzailea» alegia. Gerra klasiko batetan, 50 dibisio dituen herri bat, 100 dibisio dituen beste baten aurrean nahitaez porrokatua izango litzateke. Herri batek 5.000 megatoi eta beste batek 10.000 megatoi dituen kasuan, lehenengoak ez luke bigarrenaren aurrean burua makurtu beharrik izango, biak elkar hondatuko lukete, eta ez legoke beste garaipen motarik ez batarentzat ez bestearentzat.
Gerra mugatuaren kontzeptuaz arrazionaltasun pixka bat sartu nahi da berez zorakeria hutsa den egoera batetan.
Kontzeptu hori, alabaina, arras urrun dago zentzu bakarreko izatetik. Gerra mugatuak askotarikoak dira; denak daude bata bestearekin lotuak eta zerrikusia dute gerra osoaren mehatsuarekin zuzenki edo zeharka.
Gerra bat izan daiteke mugatua lortu nahi dituen helburuengatik; geografia aldetiko hedadura haundiago edo ttipiagoarengatik; jokuan jartzen dituen baliabideengatik.
Hala ere, amerikar estrategek gerra mugatuaren kontzeptua asmatzen dutenean, aurreko dotrinari kontrajarriz egiten dute. Honela, gerra mugatuak zera adieraziko luke funtsean: nuklearra ez eta osoa ez dena. Haientzat nahiz batetik nahiz bestetik, edo hobeto esateko, bietatik ihes egitea da, aipaturiko bi fenomenoak praxian bat bakarra bait dira... Gauzak gaurregun dauden bezala, gerra nuklear bat nahitaez gerra oso bihurtuko litzateke eta, alderantziz, gerra oso batek harma nuklearrak erabiltzea eskatuko luke bahitaez.
Bi superpotentzien arteko gerra baten kalteak sahiestea asmo bikaina dirudi, baina, gerra mugatuen aldekoen planteamenduaren arabera, baztertu nahi dituenak baino desegokitasun gehiago eta arrisku handiagoak sortzen ditu.
Gerraren ideia hain beldurgarri ez izatea bilakatuz, bere ahalbidea errezten du. Eta hau da, hain zuzen, gerra mugatuaren lehenengo kontraesana, baina ez bakarra, noski.
Harma nuklear pilo haundia duten herrien artean gerra mugatua egiteko ahalbideak aldez aurretik isilpeko hitzarmen hau suposatuko luke: harma nuklearrak alde batera utzi eta hain hondatzaileak ez diren harmekin burrukatzea, alegia. Baina nork garantizatzen du neurribide hori? Nork eragotziko bietako bati bere esku dituen defentsarako harmak erabiltzea behin bere egoera estularri bilakatuz gero?
Kasu honetan, gerra mugatua gerra osoa hasteko sarrera edo plataforma bat litzateke.
Gerra mugatuak arau batzu suposatzen ditu, adibidez: arerioa aski informaturik edukitzea, une bakoitzean besteak dituen asmo taktikoei buruz, arerioaren interpretapen oker batek gerra behar baino lasterragotzea eragotzi dezan bederen.
Baina uste hau ameskeria hutsa da eta nolarebait inozua. Inork ez bait daki, izan ere, zertan legozkeen egiaz arau horiek eta arras arriskugarri dirudi hau bezalako joku beldurgarri batetan hastea, aldez aurretik bere arauak ezagutu gabe.
Ez da aski gerra mugatuaren burrukaideek, nork bere aldetik, bere arauak erabakitzea. Honetzaz gainera beharrezko da arau horiei buruz akordio batetara heltzea, eta Estatu Batuen eta Sobiet Batasunaren arteko gerra batetan gauza arras zaila dirudi horrelakorik gertatzea.
Nahi bada edo ez, gaur egun harma nuklearra istilu orotan dago presente, nahiz eta bera ez aipatu. Harrizko mahaikide edo dugu, bat-batean bere kontura mintzatzen hasten dena. Estrategek kontuan ukan behar dute beren kalkuluetan. Harma horietara jotzeko ahalbideak edo tentaldiak gerra mugatuaren ideia oro iluntzen du.
Gaur egungo baldintzetan, bi superpotentzien edo hauetako baten eta bestearen aliatu edo kideen arteko gerra batek laster ihes egingo luke botere politikoaren kontroletik. Bietako bati eskalada ezinbesteko behar militartzat ezarriko liezaioke, bere lurjotzea eragozteko.
Gerra mugatu bat irabaz edo gal daiteke Gluksmann-ek diotsanez, baina, galtzekotan nork eragotziko dio galtzaileari mugak gaindituz gerla askoz zabalago batetara igarotzea, hau nazio independiente bezala bere deuseztea eragozteko baldin bada?
Gerra mugatuari egiten zaion kritikarik garrantzitsuenetako batek haren ahultasuna erdiz-erdi jotzen du: gerra mugatuak ez du berekin gerra osoa, totala deusesten, honen eranskin bat da baizik.
Kissinger-ek guztiz garbi utzi zuen arazoa zera esatean: «gerra mugatua ez da errepresalia masiboaren aukerabide bat, beronen osagarria baizik».
Harmamentu nuklearrak beren indar neurri osoan gordeak izan behar dute amerikar «santutegiaren» «funtsezko interesak» eta segurtasuna arriskuan jar ledizkenerako.
Behin eta berriz Kissinger-ek azpimarratzen duen ideia da hau. «Gerra nuklearraren izugarrikeriak kontutan harturik, posible da honek tresna politiko onuratsuaren eginkizuna galdu izana, nazioaren bizi iraunpenerako duen eginkizun bakarra salbu».
Azkena jorik, gerra mugatuaren estratejiak bi egoera moeta bereiziko lituzke: Estatu Batuen «defentsa ingurutik» at gertatzen direnak eta santutegia benetan eta hurbil-hurbiletik arriskuan jarriko luketenak. Bigarren kasu honetan erantzunaren «arrazoibidezkotasuna» askoz zalantzagarriagoa litzateke. Gauza aurrez ezin ikusia da guztiz eta —Lucien Poirier-ek dioen bezala— «zernahi gerra mota» gerta liteke.
Harma indartsuenen erabilkera zuritu nahiz amerikar herriaren «funtsezko interesen» defentsara eta «bizi-iraunpenerako» burrukara jotzea bada-ezpadako irtenbidea da. Zeren, azken batean, inork ez bait du jakinen noiz dauden arriskuan amerikarren —edo sobietarren— funtsezko interesak, edo hobekiago esateko, noiz eritziko duten batzuek nahiz besteek hala daudela.
Gerra bat izan daiteke mugatua burrukaide batentzat eta osoa bestearentzat. Honela adibidez —ohartzen du Anibal Romerok— Vietnam-go gerra mugatua izan zen Estatu Batuentzat baina ez vietnamitarrentzat. Hauek hontaz komentzituta zeuden: jokuan zegoela beren bizi-izatea alegia, eta arrazoin honengatik gerrarako zeuzkaten indar eta medio guztiak erabili zituzten. Inork ez ziezaiekeen erabiltzea eragotzi, seguraski, harma nuklearrak eskura eduki izan balituzte.
Bi superpotentzien arteko gerra mugatu batetan aski litzateke bietako batek bere burua besteak serioski mehatsatua ikustea eskaladari egiteko. Eskalada honek, jakitun askoren ustez, gerra osora jo lezake bakarrik.
Harma nuklearrak hor dirauten bitartean, gerra mugatu bakoitza hutsean jauzi egitea edo litzateke, aldatz behera abiatzea bezala, hondamendira amiltzeko.
Arrazoin honengatik egungo estratejia bakarrak, harma horiek desegitea izan beharko luke, beroiek bipilki gutxitzetik hasita behar izanez gero.
Honen ondoren mintza liteke bakarrik gerra mugatuez arrazoitasun piska batez.
Gerra mugatuari buruz egin ditugun gogoeten antzekoak egin litezke ere harma nuklear taktikoei buruz, zeren honen zati bat bait dira.
Berrogeitamargarren urtean hasi ziren amerikarrek harma nuklear ttipituak erabiltzen. Hasera batean ezinezko izan zitzaien, leherketa atomikoa sortzeko material nuklear edo gutxieneko masa kritiko bat behar bait zen. Hiroshimako lehergailua baino 40 aldiz indar gutxiagoko harmak, hots, ez kiloton bat baino gehiagokoak, egitea lortu zuten. Honekin, harma konbentzional eta harma nuklearren arteko diferentzia gutxitzen da. Ez dago eten haundirik batzuen eta besteen artean.
Lehen begiratuan bakezaleek eztitan egon behar zuketen asmaketa hauek gerla nuklearraren ondorioak biguntzen zituzten-eta. Baina, ordurarte bi harma moeten arteko berezketa garbiari eutsi zitzaion bezala, harma nuklearren garrantzia gutxitzearekin beroiei isilpeko atetik sarbidea ematen zitzaien eta horrekin eskalada arriskua gertagarriago egiten zen.
Ez ziren, ez, harma nuklear ahaltsuenak kanporatzen edo zokoratzen, baizik hauek hor jarraitzen ziren TNW (Tactical Nuclear Weapons), gaztelaniaz ANT (armas nucleares tácticas) deiturikoak sortzen ziren une berean.
Era honetan gero eta errazago eta gertagarriago bilakatzen zen lehenengo harmak erabiltzea, hau da, harma atomiko estratejikoak bere ahalmen guztian erabiltzea.
Baldintza hauetan, nuklearizapen gailurra noiznahi izan zitekeen ohargabeki igaroa, zuhurtzurik gabeko iniziatiba baten ondorioz. Sinboloa apurtua izan zen, hots, ordurarte harma nuklearra harma «klasiko» edo konbentzionaletatik berezten zuen hesi sikolojikoa.
Bestalde, ANT-ren erabilketa bada-ezpadakoa gertatzen da izugarri. Honela, amerikarrek harma taktikoak deitzen dituzten euromisilak salatuak izan dira sobietarren aldetik eta arrazoinez, zere harma horien tiramena errusiar santutegiraino heltzen bait da eta edozein unetan arriskuan jar dezakete. Berdintsu gertatzen da «neutron bonba edo harma» deiturikoarekin. Harma honetan ondorio erradiaktiboak indartu egiten dira, ondorio termiko eta mekanikoak gutxitu egiten diren bitartean. Harma izugarria da, nahiz eta harma nuklear osoarekin ezin berdindua izan.
Laburtuz, harma nuklearren erabilkera arintzeko ahaleginek harma horiei beldurra galtzeko balio izan dute, eta zentzu honetan, arriksu bat sortu da lehenengo lehergailu atomikoak zutena baino are handiagoa.
Europako egoera
Aurreko lerroetan gainez-gain azaldu dugun munduko ikuspegi estratejikoan, Europa egoera arras larrian aurkitzen da. Estratega askorentzat Europa da neurri handiko gerra-leku posibleen artean posibleena une honetan.
OTAN eta VARSOVIA-ko ITUMENAREN arteko etsaitasunak zera ekarri du: Europan egitea munduko indar militarren pilatze edo batzerik handiena. Argi eta garbi agertzen du honek, nolakoa den egoera. Ekialdean, nahiz eta Erdi-Amerikan edo lurbiraren beste lekuetako giro eta tirabirak latzak izanik ere, politikoek eta militarren arreta handienak begiratzen dute gaur Europarantz, gerra handi bat errez lehertu litekeen puntura bezala.
Europa, une honetan, sinbolu bat da, eta pizgailu bat. Alde batetik nahiz bestetik Europa-ko statu-quo-ren zernahi bortxaketak gerra bat erakarriko luke berehala eta ezin neurtu noraino iritxiko litzatekeen.
Egoera hau oraindik arriskugarriago egiten duena hau da: amerikar estrategek gertagarri ikusten dutela Europan «antzes gerra» bat, hau da, Europa «antzeslekura» mugatzen den gerra bat Amerika zuzenki ikutuko ez duena.
Europa izango litzateke, hain zuzen, gerra-lekurik egokiena bi superpotentzientzat, bietako batek gerra osora heldu gabe egoera haztatu nahi balu.
Amerikarrek beren lurraldetik urrun dagoen burrukalekua ikusten dute Europan. Errusiarrek, berriz, gerraleku hurbila, beren esku dagoena guztiz, zeinetan beren indar konbentzionalen ekintzek efikaziarik handiena lortuko bait luke.
Harma atomikoa agertu zenetik errusiar estrategek harma konbentzionalen alde egin zuten apostu. Harma nuklearreari garrantzia kendu eta beren harmada konbentzionalak ahalik gehien berrindartzea erabaki zuten. Indar konbentzionalen soroan sobietarrek duten nagusitasuna, puntu ahula den Europa etengabe mehatsatuz, zen beroien harmarik garrantzitsuena amerikarrei asmoa kentzeko. Errusiarrek, harma nuklearrez hornitzeari uko egin gabe baizik soro honetan amerikarrekin parekatuz, hipotesi honetatik abiatu ziren: Errusiar indar konbentzionalen aurrekada Europan zehar ezin geratua litzatekeela harma nuklearren bidez, kontinentearen baldintza geopolitikoak eta demografikoak diren bezalakoak izanik.
Europa, bada, nazio erraldoi hauen interes estratejikoen «sail-point» edo bateratasun puntua da, bion arteko gerra mugatua beharrezko egingo balitz.
Abaguneari lotuak dauden arrazoin hauez kanpo ba dira beste batzu askoz sakonagoak eta herrien «estratejia iraunkorren» kontura zordundu behar direnak, gora-behera politikoen gainetik eta errejimenak aldatuarren, mendeetan zehar bizirik dirautenak.
Europar eraskina menpean hartzea Errusiaren betidaniko ametsa da, iraganaldian inoiz lortu ahal izan ez badu ere, gaur horretarako aski indar edukirik, lortzen ahaleginduko da politika bidez nahiz —egokiera emanez gero— indar militarrez. Guzti honetan halabeharra edo Historiaren konstante bat ematen da, Errusiak Europa menpean hartzera bultzatzen duena, nahiz eta hau ez egon sozialismo/kapitalismo ideologien arteko burrukari zuzenki lotua.
Oharkizun hau garrantzitsua izan daiteke Europan egoera bere benetako errealitatean aztertzerakoan, gogoeta ideolojikoak bazter utzirik.
Orain-oraingoari begiratuz oharkizun hau egin behar da: delako egoera hori OTAN eta VARSOVIA-ko ITUMEN-eko buruzagi militarren etengabeko presentziak ukitua dagoela. Zentzu honetan zera esan daiteke: botere militarra dependentzi edo menpekotasun handi bat ezarriz jarraitzen dela Europako planteamendu politikoetan.
Argi eta garbi dago OTAN-ek Europan egin duen missil hedaketak egoera oraindik larriago bihurtu duela politikaren ikuspegitik behintzat. Arazo honi buruz zer jarrera hartu europarren artean, nahiz hauen eta amerikarren artean, dagoen eritzi banaketak gailurra jo du.
Galdetu behar litzatekena zera da: nola heldu diren Europara delako missil horiek eta aurreko saila eta zein den hauek betetzen duten eginkizuna bakearen defentsan.
Amerikarrek harma atomikoaren monopolioa eduki zuten denboran, Errusiaren harma konbentzionalak gainera zetozkion Europari eta honek nolarebait defenditu beharra zuen presio honetatik.
Hasera batetan, defentsarako europar elkartean pentsatu zen, baino asmo honek porrot egin zuen eta laister ikusi zen Europa ez zegokeela bere burua defenditzeko eran, sobietarren eraso konbentzional baten aurrean.
Europako gobernuek edo, behintzat, Europako gobernu batzuek, errusiar erraldoiaren mehatsua nabaritzean, era askotara bat eginda zegoen amerikar adiskidearengana jo beharra onartzen dute. Bestalde amerikarrentzat funtsezkoa zen Europa aldetiko leihoa babestea, bere sistema estratejikoak porrot egin zezakeen aldetik. Honela Europa OTAN-en eskutan geratzen da funtsean; baina honek buruhausteak sortuko ditu.
OTAN-en etengabeko eztabaidak sortzen dira Kontinentea defendatzeko moduaz. Ideia honetatik abiatzen ziren: Errusia-ren erasoa ematekotan konbentzional erakoa zatekeela alegia. Baina egiazko buruhaustea hau zen: nola jakin zer medioz defendatu behar litzatekeen Europa, harma konbentzionalen bidez ala harma nuklear taktikoen bidez?
Iparamerikar estrategek behin eta berriz zera azpimarratzen zuten: indar konbentzionalez Europa URSS baino gutxiago zela eta kontinentearen defentsa harma nuklearren bidez sendotu behar zela. Honela hasi ziren irixten misilak Europara. Bestalde, Estatu Batuek erabateko garantia eskaintzen zuten: sobietarrek Europari eginiko erasoak funtsezko arriskua ekarriko luke Amerikarentzat ere eta, beraz, sobietarren aurkako gerra osoa esan nahiko luke.
Eta honela ezarri zen «amerikar aterkia» delakoa eta bere babespean bizi izan da Europa hogeitamar urteotan, asmo-kentze edo disuasio kuadro orokorraren barruan.
Hala ere gauzak ez daude hain argi eta garbi.
Asmo kentzearen estratejiak aski ongi funtziona dezake hor sarturiko alderdiak bi bakarrik direnean, baina ez hirugarren «partenaire» bat dagoenean.
«Asmo kentze zabalduan» (extended detenence) erlazio triangeluarra daukagu. Izan ere, hirugarren batek eskuhartzen du, Europak alegia. Honen mesedetan jokatu beharko luke disuasio amerikarrak sobietarren aurrean.
Komentzituta al daude europearrak sobietarren aldetik erasoa emango balitz amerikarrek gerra sobietarren lurraldera eramango luketela? Eta —oraindik garrantzitsuagoa dena— komentzituta al daude errusiar beroiek europearrak hala daudelakoaz?
Puntu honetan huts egiten du disuasio triangularraren jokuak eta Europako egungo egoeraren nahasmena azaltzen du hein batetan. URSS-erentzat, Europari eraso bat egitea erabakiko balitz, arazoa ez litzateke izango zer harma moetakin egin behar lukeen erasoaldia, bizik eta amerikarrek Europa defendatzeagatik den-dena jokatuko lukeen ala ez, Errusia lurraldera errepresalia nuklearra eramanez.
Baina OTAN-en atzean mailaz-mailazko defentsa bat besterik ez badago negozioa ustel atera lekieke europarrei, zeren Europa osoa edo honen zati handi bat hondatua izango bait litzateke.
Une honetan europearrek arrazoin serioak dituzte hontaz dudatzeko: amerikarren borondatea azken ondorioetaraino iritsiko ote litzatekeenaz arazo honetan eta, ondoriobidez, Errusiari buruzko amerikarren disuasioaren efikaziaz.
Nahiz eta hasera hartan errepresalia masiboaren dotrinak Errusiari kontraeraso nuklear bat egiteko segurtasuna eskaini Europari, gauzak aldatzen joan dira, amerikar estrategek amerikar beren jarrerak hobetu hala asmo-kentzearen estratejiari buruzko berezketak eginez.
Kissinger bera hasi zen ametsak desegiten. «Nor egon daiteke zihur —idazten zuen— gerra oso baten hondamendi posiblearen aurrean Estatu Batuek honelatsu eritziko dutela, alegia merezi duela arriskatzea baita Europarengatik ere, nahiz eta hau gure segurtasunaren giltza izan luzaroan?»... «aurkituko al genuke amerikar lehendakari bakar bat ere berrogeitamar amerikar hiri opaltzeko prest legokeena Mendebaleko Europaren segurtasunaren truk?». «Gure aliatuak hontaz jabetu behar dute: guk lurralde bateko orekari ez-ezik mundu guztikoari eusteko beharkizuna dugula» etab.
1959. urtean itzal handiko beste amerikar idazle batek, Bernard Brodiek alegia, ideia berak jalkitzen zituen: «Zihur egon gaitezke geure indar nuklearraz erantzungo dugula zuzenki erasotuak baldin bagara... Baina, berdin jokatuko al dugu Britania Haundia bada erasotua edo soilki mehatsatua? (Bernard Brodie «Strategy in the Missile Age» Lucien Poirier-ek «Des Strategies nucléaires» liburuan aipatua).
Argi eta garbi geratzen zen gauza bat dela norberaren santutegiaren defentsa eta oso besterik aliatuaren lurraldearena.
Bestetik, zenbait disuasio estratejia (berezitua, malgua, mailaz-mailakoa, etab.) arras kaltegarriak liratekeela Europarentzat, bere lepotik eta bere larru gainean praktikatuko lirateke-eta. Europa ttipiegia da eta bizilagunez beteegia gerra nuklear baten ondorioz ezabatua ez izateko. Europa babesteko era hau, hondakin pilo bat bilakatzetik hasiko litzatekeena alegia, ez daiteke onargarri izan Europako ezein gobernurentzat.
Alemaniarrak arras sentiberatsu dira arrazoibide honen aurrean, beroiek izango lirateke-eta, noski, ekinaldi honen lehenengo biktimak. Eta proiekto estratejiko jakin batzu ikusita ba da arrazoinik franko baieztapen hori egin ahal izateko.
Estatu Batuen hiritarren ikuspuntutik munduko gerra berri bat beste behin ere Europako lur gainean eta beren lurraldetik urrun eta sobietarrekin harma nuklearrez burrukatzeari ihes egitea mesedegarri lekieke. Baina europarrok ez daukagu beste biderik zera esatea baino: ez gaudela batere ados.
OTAN-en itxura eta akordio militarren azpitik ba da kontraesanik europarren eta amerikarren interesen artean. Alemaniaren lurraldean gerra eginik amerikarrek ia deus ez dute arriskatzen; errusiarrek deus gutxi, baina europarrek den-dena arriskatzen dute.
Gerra konbentzional batek berak ere —teknologi goreneko harmez («adimendun harmak» batzuen deituraz) eginikoak— munduko azken gerrateak baino ahalmen hondatzaile erruz handiagoa ukango luke.
Lehenengo zartakoa emateari uko egitearen delako estratejiak, OTANgo jakintsuek noizbait aztertua izan denak antza denez, errusiarrei erasoaldi konbentzional bat egiteko bidea emanez ondoren haien aurka harma nuklear ttipiez kontraerasotzeko, estratejia honek —diot— Europaren azkena esan nahiko luke.
Guzti honetatik batzuek ondorio hau ateratzen dute: Europak ez daukala defentsarik eta irteera bakarra OTAN alde batera utzita sobietarrekin neutraltasun egoera bat hitzartzea litzatekeela alegia. Honela bakarrik —diote— begira daiteke Europa hondamenditik.
Hau honela delarik, honek Mendebaleko Europako estatuek Ekialdekoen antzera Sobiet-aren «satelite» bihurtzea suposatuko balu —agian hala suposatuko luke— eskainitako irtenbidea ez litzateke irtenbide, beste hondamendi moeta bat baizik, hondamendi materiala baino askoz okerragoa dena askorentzat. Nahiago hil gorri baino? Naiago gorri hil baino? Ez bat eta ez bestea. Hori litzateke erantzun posiblea kausa komunistaren eskuetan bere burua «a priori» eman ez duen europar batentzat.
Baina ez dirudi hau denik mendebaldar gehienen azken jarrera. Laburtuz, gerra bat ematekotan zer gerta ledikeenaz hipotesi batzu jalki daitezke.
Lehendabizi, jakina, gerrate osoa. Elkarren aurkako errepresalia eskalada bat, bi potentziek beren lehergailu nuklear guztiak erabiliz. Kasu honetan, begibistakoa denez, ez legoke Europaren ezabatzeaz mintzatzerik, mundu zibilizatuaren suntsipenaz baizik. Mila urtetako atzera jauzia giza espezieren prozesuan, agian betirako, gerora birreskuratzeko posibilitaterik gabe.
Bigarren hipotesia Europara mugaturiko gerra batena litzateke, honelako gerra bat eman litekeela uste izanik —eta asko uste izatea da hori, noski—. Europara mugaturiko eta harma konbentzional bikainduekin edo harma nuklear taktikoekin eginiko gerra batek gure kontinentearen zatirik handienaren suntsipena erakarriko luke —lehenago ere esan dugunez—.
Ba da hirugarren hipotesia bat ere: egin dezagun ez dela sortzen ez gerra osorik ez eta gerra mugaturik, baina Errusia baliatzen dela Mendebalean nagusitu den nahasmen eta batasun-eza egoera honetaz, diplomazia erabiliz Europaren gain abantaila politiko garrantzitsuak lortzeko. «Gerra hoberenak egin beharrik gabe irabazten direnak». URSS lehenengo bi hautabidei darion beldurrean oinarri daiteke hirugarren bat ezartzeko, hots: Finlandiarekin egin duena Europa guztiarekin egiteko.
Hiru hipotesiok ez dute agortzen gutxiagorik ere aztertzen ari garen egoera, baina hipotesia hauei buruz jarrera ezberdinak hartu dira, gogorrenetatik hasi, hots, disuasio totalari eustea exijitzen dutenena, eta aldebateko desarmea edo entregismoaren aldeko direnen era askotariko bakezaleeneraino. Garrantzi handiko arazoak dira hauek eta sakonki aztertu beharrekoak.
Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).
Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).
Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).
Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).