Karlos Santamaria eta haren idazlanak

            | hurrengoa

 

1876-1976 ehunurteko ilun bat

 

Anaitasuna, 310 zk., 1976-02-01

 

      Hasi berri den urteon ehunurte triste bat gogoratu behar dugu euskaldunok. Izan ere, Cánovas del Castillo jaunaren gobernuak aintzinako euskal libertate politikoen azkeneko hondarrak 1876. urtean suntsitu zituen. Aitzakitzat edo arrazoitzat, espainol guztiek Estatuaren aurreko eginbehar berdinak izan behar dituztela eman zuen Cánovas-ek, eta, egia esan, espainol gehienak, neurri berdinzale hau, txalotu zutela.

      Jakina denez, Foruen historiak hamaika gorabehera izan zuen XIX mendean zehar. Baina Cánovas-ena azkeneko eta erabateko kolpea izan zen.

      Ordurarte, Euskal Herria erdi askatasun batean bizi izan zela esan daiteke; bideak, mendiak eta beste herriko lanak, irakaskuntza, herri-diruak, Eliza eta kultoaren arazoak, armada, polizia, etabar, bere eskuan izan zituen.

      Gauza batez oharterazi behar dugu, halabaina: denbora hartan Euskal Herria ez zela herri aberats bat, herri pobre bat baizik, askotan, bizi ahal izateko atzerrira jo behar zuena.

      Honen ordainez, euskal jendearen gizarte-birtutei esker, Euskal Herriaren gobernua eta administrazioa oso onak ziren, orduko lekuko guztiek —eta Cánovas-ek berak lehenengoa— ematen zuten bezala.

      Gero, bere burujabetasuna galduz gero, denbora oso desberdinak ezagutu ditu Euskal Herriak. Ekonomiaren aldetik aurrerapen handiak egin dira. Euskal Herria herri aberats bat bihurtu omen da, eta aberaste honekin batean, arazo berri asko agertu da, hazkuntza modernoaren arazo bereziak, halegia: gizarteko estrukturak aldatzea; industrializapena antolatzea, demografi mugimendua mugatzea; hiriko egiturak berritzea; ohitura berriak onhartzea, etab.

      Ez da kasu bakarra eta ez da harritzekoa. Beste herriak ere prozesu horretik igaro dira eta bizirik daude oraindik.

      Baina Euskal Herriaren kasuan zoritxarrena honako hau da: aldakuntza hori egiteko eta problema pila horri aurpegi emateko, Euskal Herriak ez zituela, ez esku, ez politikako pertsonalitatea, ez beharrezko medioak ere. Ez zuen bere gisara eta bere jeinu politikoaren arauera jokatzerik izaten. Oinharrizko erabakiak besteren eskuan zeuden eta.

      Alienazioaren izena hemen erabiltzea zilegi izango al da?

      Kondaira hau ezaguna baino ezagunagoa, jakina. Behin eta berriro bera kondatzea alferren leloa da, besterik ez. Gure gaurko arazoa ez da atzokoa. Bide berriak eta molde berriak aurkitu behar ditugu gaurko euskaldunok, gure denboraren arauera.

      Foruen urtea ospatu behar dugu, ez arkeologiazko modu batez, aintzinako gauzak bakarrik aipatuz, baizik eta etorkizuna, gure herriaren etorkizuna, benetan prestatuz. Bi gauzak ez dira elkartezinak. Batak bestea eskatzen du, ordea.

      Ona izango litzateke, nire ustez, aurten irakasleek, idazleek, hizlariek eta beste horrelakoek, Euskal Herria osoan lege zaharren izana eta garrantzia euskaldunei erakustea, nahiz eskoletan, nahiz aldizkarietan, nahiz hitzalditegietan ari izan, jo eta ke.

      Beste aldetik, jende ikasiak, politikariak eta lege-jakintsuak, halegia, saiatu beharko lirateke, ikastegi eta mintzategi egokietan, Foruen mamia gaurkotzeko moduak asmatzen.

      Â«Foruen urtea» antola dezagun 1976. urte berri hontan!

      Nire ustez garaia ona da euskal libertateen alde aldekoaldi handi bat antolatzeko. Hori da nire pentsaera. Beti bezala irakurleak dauka azken hitza, ordea.

 

            | hurrengoa
  • Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).

  • Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).

  • Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).

  • Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es