Karlos Santamaria eta haren idazlanak
Fedea eta ideologia (2)
Anaitasuna, 233 zk., 1972-04-30
Kristau fedea eta ideologiazko fedea gauza guztiz desberdinak dira, noski.
Ideologia, definizioz, zerbait erlatiboa da eta iheskorra. Gizarte konkretu bati loturik dagoena.
Kristau fedea, berriz, absolutoaren eskaintza da eta agintza. Nahiz eta misteriozko eta izkutuzko moduz izan, kristau fedeak esannahi absoluto bat ezartzen dio gure biziari.
Kristogan sinesteak, ideologi sailetik kanpoan jartzen nau, hasieratik. «Nire erregetza ez da mundu honetakoa» esanez, historia eta ideologien erreinua baino beste erreinu sakonago eta iraunkorrago bat erakusten dauku Kristoren hitzak.
Honek ez du esan nahi, hala eta guztiz ere, kristau fedeak ideologien balorea ezeztatzen duenik. Zorakeria izanen litzateke, kristauak ideologi gabeko mundu batean bizi nahi izatea, gorputz gabeko fantasma bat bezala.
Gizon bezala esistitzeko, ideologia bat (hau da, hizkuntza bat, irudipen, ideia, balore eta errepresentazioen sistema bat) behar du gizonak. Ideologiarik gabe ez dago egiazko giza bizitzerik. Althusser-ek berak, klase gabeko gizarteak ere ideologia bat izango duela uste du.
Gorputza da gizonaren lehen kondizionamendua. Neure gorputzetik ez dut eskapatzerik, heriotzearen bidez ez bada behintzat. Baina gure bigarren kondizionamendua, ideologia da. Eta hemendik ere ez omen dut eskapatzerik.
Egia osoa, hau izango ote da? Ez dut uste. Kristau fedearen arauera, ba dago zerbait, gaurko eta betiko gizonaren barnean, ideologia guztien gain dagoena. Gizona ez dago, beraz, ideologiaren sailean guztiz murgildurik.
Kristauok, zerbait horri «izpiritu» izena ezarriko genioke.
Gauzak asko —bai eta gehiegi ere— sinplifikatzen uzten bazaiku, bi formula emango genituzke gizonarekikoak: bata marxista eta bestea kristaua.
Formula hauetan, gorputz hitza esannahi zabal batez erabiltzen dugu, jakina.
Biologiako eta fisikako mugatze guztiak, behar materialak, subkontzientziaren jokoa eta abar, gorputz izenpean jartzen ditugu.
Gauza bera esango dugu ideologia hitzari buruz. Ideologiaren izenpean, arrazoia, zientzia, teknika eta gizarteko harremanetatik datozen jakintza eta asmazio guztiak ipintzen ditugu.
Konbenio hauekin nire bi formulak honako hauk izanen lirateke:
Gizona = Gorputza + Ideologia
Gizona = Gorputza + Ideologia + Izpiritua
Lehen terminoak, gorputzak alegia, beharraren munduan jartzen gaitu, izaki materialak garelako. Bigarren terminoak, ideologiak alegia, zientzia, deretxo, Estadu eta gizarteko munduan jartzen gaitu; eta hau ondo dago, izaki sozialak garelako.
Hirugarren terminoak, izpirituak alegia, beste mundu batean jartzen gaitu; eta hau ere ondo dago, beste bi termino haiekin gizona ez baitago oraindik osaturik Egiazko libertatea, fedea eta itxaropena eta biziaren azken esannahia ez baitira agertzen ideologi sailean.
Sobera dakit, ideologoek izpiritua, pertsona, misterioa, absolutoa eta abar mitologiatzat hartzen dituztela, zientzia eta ideologia besterik ez baitute onartzen.
Izpiriturik gabe, ordea, egiazko libertaterik ez da esistitzen, gizona gizartearen zati bat besterik ez denez gero.
Fedea ez da, beraz, ideologiaren elemento bat. Fedea ez da ideologia bat. Ez eta zientzia bat ere. Alde honetatik, fedearen erreinua ez dela mundu hoietakoa esan dezakegu.
Izpiritu deitu dugun hirugarren maila ukatzen badugu eta geure biziaren erabateko esannahia guztiz ukatzen badugu, gizonaren bizia absurdo bat bihurtzen da. Eta gizonok «una procesión de fantasmas que van de la nada a la nada» besterik ez gara, Unamunok esaten zuen bezala.
Giza biziaren helburutzat gizarte burruka ematea, ez zait iruditzen posible. Zertarako izanen litzateke gizarte burruka, gizonik, egiazko gizonik ez bada esistitzen? Zertarako hainbeste min, hainbeste sufrimendu? Dena alferrik! Eta gizonaren bizia absurdorik haundiena!
Absurdoaren aurrean bi jarrera har daitezke. Bata esistentzialista, bestea kristau fedearena. Edo absurdoan bertan bizi eta hil, edo absurdoaren kontra burrukatzea.
Bigarren hau da fedearen jarrera. Sinestea, absurdoa ukatzea da. Absurdoaren ukazioa.
Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).
Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).
Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).
Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).