Karlos Santamaria eta haren idazlanak

 

Fedea eta ideologia (1)

 

Anaitasuna, 230 zk., 1972-03-15

 

    Sinestea, gure biziaren azken hitza eta erabateko apostua da. Beraz, kristau fedea, Kristogan beragan biziaren esannahirik sakonena aurkitzea izango da, ANAITASUNAren 219. zenbakian esaten genuenez.

    Definizio hau, Tillich teologoak emandakoa da. Haren «Fedearen Dinamika» liburutik hartua dugu. Beste liburu batzuetan ere ideia berari ekiten dio Tillich jaunak, behin eta berriz.

    Ingelesez fedea «ultimate concerne» dela dio, hau da, «ukitzen gaituen azken axola». Eta alemanez, «was uns unbedingt angeht», hots, «erabat kezkarazten gaituen zerbait».

    Baina, Tillichen definizio hau aurrerago eramaten ez badugu, oker batean eror gaitezke, fedea zerbait subjetibo besterik ez dela susmatuz.

    Fedea ez da bakarrik norbaiten barneko gertaera edo jarrera, zerbait objetibo baizik, errealitateari benetan heltzen diona. Are gehiago, fedea, pertsonaren kontzientzian badago ere, gizarteko gertaera bat da, beste aldetik. Fededuna, aitorle eta burrukalari bat da.

    Izan ere, Eliza, fede komunitate bat dugu; eta Kristorengan sinesteak, Elizan daduka bere agerpenik handiena.

    Baina fedearen gizartekotasun honetatik dator, hain zuzen ere, istilurik nagusiena. Gizon bakoitzaren barne muinetan baino ez balego, fedeak ez luke batere problemarik sortuko.

    Ordea, fedearen gizarteko problemak hamaika aurpegi du, zein baino zein zailagoa.

    Erraza da, adibidez, fedea kristau bakoitzaren Kristorekin berarekin aurkitze esistentzial bat dela esatea. Baina, orduan, sinestun bakoitzaren fedea nola egokitzen da beste sinestunen fedearekin?

    Kristau bakoitzarengan obratzen den Kristoren aurkitze horrek esannahi berbera izanen ote du? Kredoa esaten dugunean, hitzak modu berberean ulertzen ditugu kristau guztiok?

    Ez dut uste. Bakoitzak, bere kultura eta bere barne giroaren arauera, irudipen berezi bat moldatzen du bere baitan. Bakoitzarentzat fede irudipenak desberdinak dira, nahi eta nahiez, eta erlijio esperientziak ere. Kontzientzi pluralismo hau ez du inork ukatuko.

    Bestalde, sinestuna sinesgabekoen artean bizi da, gaurko egunotan batez ere, aintzinako «gizarte kristaua» ez baitago gehiago. Kristau fedea nola egokituko da kultura eta zibilizazio mugimenduarekin? Zientzia, politika eta ideologien aldakuntzak nola ikusiko ditu fededunak? Mugimendu horretatik kanpo geldituko ote da? Edo Elizaren irakaskintza eta aginduen zain egongo?

    Sail honetan arrisku handia dugu, fedea ideologia bat bezala erabiltzea, alegia. Zeren fedea ez baita, inolaz ere, kristau ideologia bat. Sinestunak ez dira «kristianista» partidu baten osatzaileak!

    Gai hau —fede/ideologia— garbitzeko. beharrezkoa dugu lehenik, galdera bat geure buruei egitea. Hauxe da: ideologia hitzari zer esannahi ezarri diogu artikulu honetan?

    Ideologia hitzak esannahi asko izan dezake, eta izan du, XIX eta XX. mendeetan. Hemen, Louis Althusser-ek emandakoa erabiliko dugu, Marxenarekin oso loturik dagoena: «Irupiden, mito, ideia, kontzeptu, balore eta errepresentazioen sistema, gizarte determinatu batean funtzionatzen duena».

    Kristau naizen aldetik, nik ez dut batere eragozpenik, definizio hau onartzeko. Gizarte guztiek mentalitate bat, filosofia bat, kultura eta zibilizazio bat sortzen dute nahi eta nahiez. Nork ukatuko du, morala eta erlijioa oso loturik daudela ideologiarekin?

    Baina marxistek, edo marxista gehienek behintzat, erlijioa eta morala ideologia burgesaren zati bat direla diote, besterik ez. Haientzat, klase gizarte batean, ideologia, klase dominantearen sorkari bat da. Gizarte burgesak sortutako ideologiak, estali egiten ditu egiazko problemak, produzio harremanetan daudenak. Erlijioa eta fedea, alde honetatik, alienaziotzat hartzen dituzte marxistek.

    Gure hemengo problema ez da marxismoa eztabaidatzea; eta ez gara orain honelako sasitartean sartuko. Baina, interpretazio hori alde batera utzita, ez dugu batere eragozpenik, berriz ere diogu, Althusser-en definizioa onarturik, «fedea eta ideologia» gaia aztertzeko.

    Gizarte baten ideologiak eta kristau fedeak ba ote dute zerikusirik? Esan daiteke, Elizak berak, gizarte denez gero, ideologia bat duela? Eta, horrela baldin bada, ideologia horrek nola jokatzen du fedearen aldetik?

    Beste batzuen artean, hauk dira hurrengo artikulu batean erabiliko ditugun problemak.

 

  • Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).

  • Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).

  • Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).

  • Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es