Karlos Santamaria eta haren idazlanak

 

Marxismoa eta pertsona

 

Anaitasuna, 224 zk., 1971-12-15

 

    Bere «Manifeste au service du personnalisme» delakoan, honako hitzok idatzi zituen Emmanuel Mounier idazleak, 1936. urtean: «La lacune essentielle du marxisme est d'avoir méconnu la réalité intime de l'homme, celle de la vie personnelle (marxismoaren hutsik handiena, gizonaren barneko errealitatea, hots, pertsona biziaren errealitatea ez ezagutzea da)».

    Eta pixka bat aurrerago: «L'optimisme que le marxisme professe sur l'avenir de l'homme est un optimisme de l'homme collectif recouvrant un pessimisme radical de la personne (marxismoak agertzen duen gizonaren etorkizunarekiko optimismoa, gizon kolektiboarekiko optimismoa da, pertsonari buruz erabateko pesimismoa estaltzen duena)».

    Mounier-en hitzok idatzi zirenez geroztik, gertaera asko izan da, izan ere, munduan. Alferrik izango lizateke, hainbeste gudu, hainbeste matxinada eta iraultza oroitarazi nahi izatea. Stalinen heriotza, Hungriako matxinada eta Chinako iraultza, esate baterako. Baina guztion gogoan dago historio luze hau.

    Mounier-en hitzok kontuan harturik, ni, azken bi urteotan, Marxen gizonarekiko pentsaera ezagutzen saiatu naiz, jo eta ke. Marxen beraren lan asko irakurri dut asmo honekin, eta batez ere, jakina, haren gaztaroko izkribuak.

    Nire xedea, berriz ere esango dut, galdera hauei erantzuna bilatzea izan da: «Zer dio Marxek gizon konkretuari buruz, mami eta hezurrezko gizonari buruz? Zein da giza barnearekiko Marxen pentsaera? Zer da, biziaren, heriotzaren eta giza tragediaren gainean Marxek esan duena?

    Marxen liburuak ezezik, marxista handi batzuen eritziak ere aztertu ditut. Gai hau modan dagoela esan daiteke, asko sámar baitira, marxismoaren sailean, gai horretaz ihardukitzen duten idazleak.

    Adam Schaff aipatuko dugu lehenengo. Poloniako idazlari honek, 1966. urtean, «Marxismus und das menschliche Individuum (marxismoa eta giza indibidua)» argitaratu zuen, eta, hori dela eta, istilurik nahikoa izan zen marxisten artean. Hala ere, ez zuten Schaff kondenatu, «Nowe Orogi» aldizkariak antolatutako eztabaida handi baten ondoren.

    Schaff jaunak, marxismoaren sailean bertan, indibiduaren teoria bat eratzea posible dela dio.

    Lucien Sève frantses komunistak ere horrelako posibilitatea defenditzen du, 1969. urtean argitaratu zuen «Marxisme et théorie de la personnalité» liburuan.

    Althusser-ek, berriz, beste eritzi bat erakusten du. Haren ustez, teoriaren aldetik, marxismoa antihumanismo bat bezala hartu behar da, Marxen «Das Kapital» liburuan agertzen denez, Historiaren egilerik nagusiena gizona ez delako, estrukturak, ekonomiaren indarrak eta gainerakoak baizik. Hori teoriaren aldetik. Baina, ideologiaren sailean, oraingo mementoan gizonaren gaia sartzea posible eta egokia dela dio Althusser-ek.

    Garaudy eta Sève ez datoz bat eritzi horrekin. Lehenengoa, guztiz humanismozale agertzen da. Bigarrena, antropologia marxista bat eraikitzen saiatzen da.

    Arrazoia dute, ene ustez, Marxen gizonarekiko ideia, materialismo arrunta edo biologismo hutsa ez dela esaten dutenek.

    Baina, bestaldetik, ni ez naiz akort, «marxismo pertsonalista» baten posibilitateaz mintzatzen direnekin, Jules Girardi-rekin, esate baterako. Niretzat, planteamendu hau «zirkuluaren kuadratura» berri bat da, «pertsona» eta «sujeto» kontzeptuak, kristauok erabiltzen ditugunak, Marxek ez baititu onartzen.

    Indibidua eta pertsona bi gauza oso desberdinak dira, hain zuzen ere. Problema honen mamian sartzerik ez daukagu hemen, ageri denez. Ez da problema erraza, Marxen egiazko pentsaera errespetatu nahi badugu. Baina ba liteke, egunen batean, gai gori gori honi buruz liburu bat egitea.

 

  • Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).

  • Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).

  • Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).

  • Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es