Karlos Santamaria eta haren idazlanak

 

Heriotze Zigorra eta Haur Galeraztea

 

Anaitasuna, 215 zk., 1971-07-15

 

    Eztabaida handia dago gaur egunean, Frantzian batez ere, abortoa dela ta. Haur galeraztea debekatu beharrean, Estaduak emakumeei beren sabeleko frutua erauzteko erraztasun guztiak eman dietzela eskatzen dute batzuek, amore libertatearen izenean.

    Bestaldetik, heriotze zigorra ere eztabaidan dago bazter guztietan. Munduko kontzientziak gero eta gehiago gorrotatzen eta gaitzesten du horrelako pena, aspaldi ez dela, egiaztu ahal izan genuen bezala.

    Beren eritzia oinarritzeko, arrazoi bat ematen dute heriotze penaren aldekoek, Estaduaren seguritatea alegia. Desenkusa horrekin zenbat hiltze egin diren Historian zehar!

    Marc Oraison abate famatuak artikulu bat eginberri du, bere ohiturazko argitasunarekin, bi problema hoik batean erabiliz. Bere planteamenduan, honako hau dio Oraison jaunak: «Certaines personnes s'engagent passionnément, à la fois, dans les deux campagnes. On peut se demander si elles ne se donnent pas bonne conscience en vitupérant la peine de mort après avoir réclamé la liberté de l'avortement. Car il s'agit toujours de tuer, finalement. Je sais bien que ce n'est pas exactement la même chose de guillotiner un criminel et de tuer un embryon. Mais c'est toujours tuer un organisme vivant de race humaine, bien qu'à des degrés d'évolution apparemment très différents».

    Nik ikusten dudanez, bi postura agertzen dira gure artean, problema hoien aurrean: bata eskuinekoa, bestea ezkerrekoa, honela mintzatzea zilegi bazaiku.

    Handia da gertatu ohi dena. Norbait, bi gai hoietako batean biziaren alde izanez gero, heriotzearen alde izanen da bestean, ia batere dudarik gabe.

    Ba dago jende asko, heriotze zigorra gaitzetsi egiten duena, eta, aldi berean, haur galeraztea txalotu eta ederretsi, abbé Oraisonek dioen bezala. Baina ba ditugu ere beste batzuk, abortoa indar guztiekin kondenatzen dutenak, eta, era batera, beren Estaduaren etsaientzat heriotze pena eskatzen dutenak.

    Heriotze penaren aldeko direlakoak, abortoaren aurka daude gehien gehienetan. Eta, aitzitik, abortorako libertate osoa defendatzen dutenak, heriotze zigorraren kontra izaten dira, ehun kasutatik laurogeitemeretzitan.

    Besteak beste, nik ez nituzke bi postura hoik onartuko, ez bata ez bestea. Ni libertatearen alde nagoelako. ¡Libertad de vivir! Liberté de vivre! Hori da giza izanaren eskubide eta libertaterik nagusiena, nahiz kriminala izan, nahiz amaren sabelean gizagaia izan (zu, irakurle, eta biok aldi batean izan ginen bezalako).

    Egiazko libertatea ez delako pribilejiatu batzuen libertatea, guztien libertatea baizik.

    Abortorako askatasun osoa eskatzen dutenek, libertatea defendatzen dutela dirudi. Baina beren libertatea eskatzen dute, biziaren gozotasuna eta atsegina gozatzen dutenen libertatea, besterik ez. Eta, bat batera, bizira etorri nahi duten gizagaiei heriotzea eman!

    Halaber, besteek, autoritatea, ordena eta bakea, hitz handiok, beti ahotan dituztenek, «herritar ondraduen» libertatea defendatzen dutela dirudi; baina, benetan, batzuen askatasuna besterik ez dute mantentzen, beste batzuen bizkarretik.

    Horixe da (urrutiko exenplo bat hartuz) Rhodesian gertatzen dena: zuriaren bakea eta libertatea sostengatzeko, beltza heriotzera kondena bait daiteke nolanahiko zirtzileriagatik.

    Egia da, abortoa kasu batzuetan zilegi izan litekeela, Elizaren beraren dotrinaz. Gure ustez, urte batzuk barru, biziarekiko dotrina guzti hau, zientziaren progresuen arauera. zehaztu, mailatu eta osatu egingo da, orain pentsatu ere ezin dugun moduan.

    Izan ere, «Etudes» itzal handiko aldizkariaren zuzendari den Bruno Ribes jesuitaren artikulu bat irakurriberri dugu, «Etika, zientzia eta bizia» titulu duena. Zarata handia aterako duela dirudi, gauza oso argiak eta ausartak esaten bait ditu.

    Frase bat bakarrik aipatuko dugu, besterako tokirik ez dagoelako.

    Â«Hiru urte dela, kontrazepzioari buruz sortu ziren eztabaidek, eta, abortoa dela ta, orain sortu direnek, argiro erakusten dute, gizonak biziaren alorrean eskua sartzen duenean, sartze horrek oinarrizko 'dissentiments' berehala ekartzen dituela. Datozen urteetan, beste problema izugarri batzuk agertuko dira, dudarik gabe, nahiz borondatezko ortogenesis delakoa, nahiz inseminazio artifiziala, nahiz giza tejiduen landatzea. Teknikak gainditzen gaitu (la technique nous precede)».

    Eta honela jarraitzen du Aita Bruno Ribes-ek: «Reconnaissons que nous n'avons pas, aujourd'hui, de doctrine politique, philosophique, théologique cohérente. Cessons de nous berner à ce sujet et de pétitionner et de jeter des anathèmes».

    Gero gerokoa!

 

  • Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).

  • Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).

  • Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).

  • Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es