Karlos Santamaria eta haren idazlanak

 

Rhodesiako Elizaren jokabidea

 

Anaitasuna, 213 zk., 1971-06-15

 

    Ahoa bete hortzekin gelditu gara, Londreseko Tablet astekari katolikoak Rhodesiari buruz emanberri duen informazioa irakurtzean.

    Tablet-ek dioenez, hango Eliza «split down the middle» hots, oso alderdikaturik omen dago, egungo egunean, gobernuarekiko Gotzainen politikagatik.

    Kristauen arteko alderdikatze hau nonnahi aurki daiteke. Beraz, ez da hori, Tablet-eko txostenean harritu gaituena. Hierarkiaren postura da, ezin-sinetsizkotzat hartzen duguna.

    Dirudienez, Estadu arrazistari makurtu zaio Eliza, justizia eta moralaren aurka dagoen apartheid egoera bat onartuz. Bildurra? Prudentzia? Zuhurkeria? Konponkeria? Jakin ez dakigu, baina honako hauk dira gertaerak.

    Guztiek dakite, Ian Smith jaunak egindako lur banatze higuingarriaren berri. «Land Tenure Act» legearen bitartez, bi zatitan erdibitu zituen Smith-en gobernuak Rhodesiako lurrak: bata populu beltzarentzat, bestea populu zuriarentzat.

    Bi zatiok berdintsuak dira: 50 milioi bat akre laborantza Iurretan. Legearen arauera, populu biek banatan bizi behar dute, bakoitza bere lur zatian.

    Hau Salomonen epaia!

    Gauza pixka bat hurbilagotik begiratzen badugu, ordea, berehala konturatzen gara Smith-en makurkeriaz, bi populuen neurriak oso desberdinak baitira. Beltzak bost milioi dira; zuriak, berriz, milioi laurden bat, gehiagorik ez.

    Elizak horrelako bidegaberik ezin zezakeen onar, eta ez zuen onartu. Orain urte bete, «Land Tenure Act» delakoaren kontra protesta handi bat egin zuen, lege hori salatuz.

    Bestalde, Gotzainek gobernuari ultimatum bidali zioten, esanez, eskolako apartheid politikak iraunez gero, Elizak bere eskola, gaixotegi eta umezurtz etxe guztiak hitxiko zituela.

    Orain arte, dena ondo. Printzipioek eta egiteek bat izan behar dutela, argi eta garbi erakusten zuten Gotzainek.

    Baina bat batean, inork usterik ez zuelarik, konpromiso bat egin omen da, eta, hain zuzen ere, beltzen bizkarretik.

    Tablet-ek dioenez, Gotzainek, eskolako diskriminazioa onartuz, erabaki bat hartu dute: hemendik aurrera, zurientzako Elizaren eskoletan, ikasle beltzak ez, dira sartuko, ehunetik bost izan ezik.

    Beren desenkusak eman dituzte Gotzainek, jakina, «caso de fuerza mayor» dela esanez. Episkopaduaren sekretario den Aita Randolph jesuitak beste atxakia bat eman du, benetan eskandaluzkoa iruditzen zaikuna: «Printzipioak azaltzea errazago dela, hoik praktikan jartzeko modua jakitea baino» esan du Randolphek.

    Elizak hamaika bider kondenatu du arrazismoa. Oraindik orain, memorandum bat bidali du ONUra arrazismoaren kontra. Baina, Rhodesian, diskriminazioa Elizak berak erabiliko duela dirudi.

    Gaurko mundua aldatu egin behar dela diogu kristauok, bidegabekeriaz josita dagoelako. Baina Elizak, iraultza, gogorkeria eta odol isuraraztea ez dela bide ona esaten du; aldakuntzak, bakez, pixkaka eta erreformen bitartez egin behar direla.

    Arrazoi handia du Elizak. Baina, beraren jokaera ikusita, txunditurik gelditzen gara batzuetan, «aurresku» ez baita haren dantza, «atzesku» baizik, Gabriel-en terminologia erabiliz.

    Ni ez naiz iraultzazale. Erreformazale naizela bildurrik gabe aitortuko nuke. Baina, erreforma hitzari, zer esannahia ezarri behar zaio?

    Baldin erreformazale izatea, luzakor, pazifista eta konpontzaile izatea bada, nik ez dut uste, Kristo Jauna erreformazale zenik!

    Ba daiteke, Rhodesiako Gotzainek egindakoa, zenbait saihetsetatik, ondo egina izatea. Nik ez dakit. Baina arrazismoa mundu guztirako problema bat da, eta oraingo erabakia oso eredu txarra izanen da mundu guztiaren aurrean. Noiz arte jarraituko gara, hitza eta egitea ados jarri gabe? Eta nork sinetsiko du Elizaren sintzeridadea?

    Beste gauza bat izan da, oso desberdina, Mozanbiken Aita Zuriek hartutako postura.

    Berrogei Aita Zuri atera dira Mozanbiketik. Zergatik? Zeren —beraien hitzekin esanen dugu— «nous pensons qu'il y a des situations où, comme saint Paul, il nous faut répudier les silences, ne nous conduissant pas avec astuce et ne falsifiant pas la parole de Dieu» (II Kor. 4,2).

    Â«Nola gaitezke gu maliarrak izan maliarrekin, kongotarrak kongotarrekin, tanzaniarrak tanzaniarrekin... eta aitzitik... portugesak mozanbiketarrekin?».

    Honelakoak dira Aita Zurien nagusi jeneralaren hitzak. Berak argitaratu idazkiak burutik burura irakurtzea merezi du.

    Hau da, justiziaren alde garbi jokatzea! Eta ez Rhodesiako Gotzainen joera. Edo, egia osoa esan, hango Gotzainen maioriaren joera; haietako batzuk, zorionez, ez baitaude ados hartutako erabakiaz.

 

  • Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).

  • Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).

  • Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).

  • Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es