Karlos Santamaria eta haren idazlanak

            |            

 

Chile komunismorantz?

 

Anaitasuna, 199 zk., 1970-11-15

 

    Chileko lehendakaritzarako Allende jaunaren izendapena ez da harritzekoa izan, gertaera hau segurtzat genuelako, aspalditxo honetan handik etorritako albiristeak jakinda gero.

    Nola nahi ere, Allenderen garaipena garrantzirik handienetakoa irudi zaigu, ez bakarrik Chile beraren etorkizunerako, bai eta mundu guztiaren politikarako ere. Hemendik aurrera arretarik handienaz begiratu beharko dira Chileko gorabeherak.

    Gobernu komunistek parte hartzen dutelarik, Estatu sozialista bat antolatzea posible izango ote da, burrukarik eta giza libertateak ezeztatu gabe? Hau da, hain zuzen ere, Chileko gertaeraren aurrean batzuek beren buruei egiten dieten galdera.

    Azkeneko urte hauetan, gerratea bukatu zenetik, antikomunismoa izan da Ipar Amerikaren banderarik nagusiena. Atxakia honekin bere betiko politikari jarraiki izan zaio USA Latin Amerikan, bertako herriak bere probetxurako maneiatuz, bestela komunismoa sartuko zela ta. Zer gertatuko da orain, Allenderen promesak betetzen badira, eta Chile bide berri batean abiatzen baldin bada?

    Allenderen gobernuak aldakuntza haundiak eginen ditu herrian, zalantzarik ez. Honen joera, Freik hasieran saiatu zuena baino gogorragoa izango da noski, nahiz lur-legea aurrera azken ondorioetaraino eramaten, nahiz yankien eskuetan dagoen produzioa nazionalizatzen, nahiz Chileren kanpoko politikan askatasun gehiagorekin jokatzen. Frei jaunak 1966. urtean egin ahal ez zuen politika, Allende presidenteak egingo du orain, bai eta indar eta kemen haundiagoaz ere.

    Ipar Amerikak oso begi txarrez ikusten du Herriko Frentearen garaipena. Azken mementorarte bere betiko azpi jokoa egiten saiatu da, kolpeari itzuri nahirik, baina alferrik, hala ere. Dena legez eta zuzenik egina izan da. Allende jaunaren garaipena garbi garbia izan da, ezin gehiagokorik. Yankiek ez dute batere atxakiarik muturra sartzeko, agirian behintzat. Chileko aldaketa hau Latin Amerikako herri guztientzat eredu txarra ez ote den izango bildurrez daude orain.

    Gaurko ezkerreko nazionalismo olatu hau, Ipar Amerikaren politika hankaz gora botatzeko zorian dago. Cubaz mintzatu gabe, Chile, Bolivia eta Peru dira oraingo puntu neuralgikoak. Beste herrietako iraultzaileak adi adi daude, Allende bere programa betetzeko nola konpontzen den jakin nahirik.

    Kristauen aldetik esperientzia hori oso onguraz ikusten dute askok, nahiz eta arrisku batzuk ukan. Chilen bertan katoliko asko prest dago Allenderen alde ekiteko, behar diren aldaketa eta iraulketa sakonak lortu arte.

    Baina, guztia esateko, Allenderen bidea luzea eta harritsua izango dela esan behar da. Ipar Amerikarrek eta Chileko kontserbadoreek beren betiko jokoa egingo dute gaurko bitarte honetan, alegia, «kaos ekonomiko» bat sorrarazten saiatuko dira. Kapitalak Chiletik ateratzen hasi dira, orain aste batzuk direla. Ezkutuak (bertako dirua) milioika kanbiatzen dira muga aldeko hirietan; eta Ipar Amerikako kredituak laster bukatuko dira, gauzak yankien gustura egiten ez badira behintzat. Zurrumurrua jasotzean, bildurra bera ere ereiten hasi dira nagusien lagunak. Bihar edo etzi, ez ote da harmada bera saiatuko kolpe bat ematen?

    Hala ere, Allende jaunak garantia osoak eman ditu. Aldaketak bakeaz eta tankeraz eginen direla eta kapitalistei beharrezko eta zuzenezko indenizazioak ordainduko zaizkiela seguratu du. Batez ere demokraziazko libertateak ez direla kenduko esan du, eta 1948. urtean Pragan gertatu zena ez zela jazoko, alegia, komunistek, gobernuan sartutakoan, demokrazia guztiz hautsi eta zapaldu zutela.

    Batzuek ez deritzote horri posible, komunisten politikak, nahi ta nahi ez, prolertagoaren diktadurara jo behar duelakoan. Etorkizunak esango du Chilen gertatzeko dagoena.

    Baina saiakera honen ondorea ona baldin bada, eta komunistek biolentzia ez badarabilate, «Populorum Progressio» entziklikak proposatuko bidetik oso urruti ez da ibiliko Chilen hartutako bidea. Erlijioa orain arte bezala libre baldin bada, eta, Estatu sozialista bat antolatzen, beharrezko aldaketak egiten baldin badira, Eliza ez da Allenderen politikaren kontra joanen. Eliza ez baita, ezin daiteke izan inolaz ere, kapitalismoaren zerbitzari bat.

 

            |            
  • Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).

  • Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).

  • Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).

  • Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es