Karlos Santamaria eta haren idazlanak
Gazteak umetzat ez har!
Anaitasuna, 195 zk., 1970-09-15
Gazteak dira gure euskalduntasunerako arriskurik haundiena, «sorgin ihiztari» batzuen iritziz behintzat. Gure gaitzik haundiena eta periltsuena.
Nik ez dut uste, berriz, gaurko kinka «conflicto generacional» delako bat datekeenik. Gazte ta zaharren arteko burrukaz kanpo, ba daude, gaurko egoeran, beste istilu-kausa asko, zibilizazioaren salto edo mutazio batean garenez gero.
Gazte izatea bekatu izango ote da? Ba dirudi, astakeria hori ez duela inork esaten; baina jansenista batzuek baldintza bat jarri nahi omen diete «zintzo» direlako gazteei: alegia, gazteen pentsaera, izaera ta egiera, zaharren pentsaera, izaera ta egiera berbera izan daitezela.
Libiako esaera zahar batek honako hau dio: «Putzu-iturritik edan, eta zure tokia besteei utz».
Gazteak umetzat hartuko ditugu? Ez al dugu ikusten, gizaki helduak direla, eta beren xanda aspaldidanik ailegatu dela?
Matematikaren historian famatua den «Essai sur les coniques» liburua, hamazazpi urte zituela argitaratu zuen Pascal jakintsuak. Hamazazpi urte, laster esaten da gero!
Hogei ta bi urte zituen Alexandro Haundiak, Dario erregearen gaineko garaitzapen izugarria lortu zuenean. Bonaparte Jeneralak, Italiako gerran, 28 urte zituen, Rivoli, Arcole ta beste toki askotako bataila oroikarriak irabazi zituenean.
Eta hain urrutira joan beharrik gabe, nahiz eta beste maila batekoa izan, hor dugu Sabinoren exenplua, hogei ta bi urteko zelarik idatzi baitzuen bere «Gramática elemental del euskera vizcaÃno» famatu hura. «Ume bat» zen eta gainera euskaldun berria, Lasa Kalonjearen terminologian bigarren mailako euskaldun zela esan nahi duena.
Ez gaitezen izan Cervantesen baratzainaren zakurra bezalako. Zakur hark, ez zion beste inori jaten uzten berak jaten ez zuena.
Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).
Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).
Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).
Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).