Karlos Santamaria eta haren idazlanak
Profeta baten itzaltzea
Anaitasuna, 193 zk., 1970-08-15
Oraindik ez duela bi urte, JAKIN aldizkari famatuan, Marcuse filosofoari buruz artikulu batzuk argitaratu genituen, Rikardo Arregi zenak, Azurmendi frantziskotarrak eta hirurok.
Marcuseren itzala handia zen oraindik, garai hartan, ikasle ezkertiarren artean. Maiatzeko matxinadan, hiru M —Marx, Mao eta Marcuse— hartu zituzten ikurrintzat Pariseko zalapartariek.
Orain, berriz, goitik behera omen doa Marcuseren itzala. Erdi ahazturik omen dago haren izena ikasle inguru haietan.
«Sic transit gloria mundi!» esan beharko genuke, beharbada latinezko esaerak aipatzea kursikeria bat badirudi ere.
Nolanahi ere, Marcuse irakurri dutenen artean (oso gutxi omen dira), inork ez duke ukatuko Marcuseren lanetan garrantzizko zenbait uste aurkitzen direnik.
Beraz, zergatik eklipse hau, honen supitu eta ustegabeko?
Freud eta Marxen izenean, gaurko gizarteak gizona zapaldu eta hertsitu egiten duela salatzen zuen Marcusek bere idazlanetan. Hori dela ta, munduko hippy, yippy ta arlote guziek «guru» edo maisutzat hartu zuten, ez-aspaldiko memento jakin batean. Esan dezagun, «guru» hitz hori hindu dela; zeren, hinduen artean, «guru» bat, izpirituzko diretore bat hartzea, oso ohiturazko baita.
Marcuse zaharra, protesta delakoaren profeta bihurtu zen, beraz, hirurogei ta hamar urte zituela.
Baina protesta hau utopia bat da, itxuraz behintzat. Nik ez dut uste, hippiek teknokraziaren aurrean behar dugun libertatea ekarriko daukutenik.
Maiatzeko matxinadak batere emaitzarik ez zuen eman, dirudienez. Utopismoa gaurko gaitz handi bat dela iruditzen zait, batez ere gazteengan.
Askotan, hobetzerik ez duten gauzak amets bideetan abiatzen dira. Maisu, asko. Egile, gutxi. «Oui peut, peut; qui ne peut, enseigne».
Alde honetatik, Marcuseren «dotrinak» ez zuen irauterik. Utopiaren profetak eten gaberik aldatu behar dira. Gaurko idoloa, biharko zakarra.
Eta nik galdera bat egiten diot ene buruari. Nolakoak izanen dira gazte olatu berrien profetak?
Erreazionario ta mistiko izugarriak izatea ba liteke. Gure bilobak, nahi ta nahi ez, gure seme-alaben kontra izan behar direlako. Lege bat da.
Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).
Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).
Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).
Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).