Karlos Santamaria eta haren idazlanak

 

Guatemalako ilketa, zer egin?

 

Anaitasuna, 187 zk., 1970-04-30

 

      Guatemalan egindako alemaniar enbajadorearen iltzeak, makina bat protesta ta kondenazino jaso dau mundu guztian. Von Spreti kondearen ilketa gaiztakeria iguingarri bat izan dala ezin leike inok uka.

      Honelako zitalkeria kondenatu daben egunkariak, nahiz eskoialdekoak nahiz ezkerrekoak, «Libre Belgique»-tik «L'Humanité»-raino, arrazoia dabe, dudarik ez. Gizatasunaren izenean mintzatu baitira.

      Ezkertiar batzuek ilketa hori kondenatzen ez badabe, eurak euren buruak kondenatzen ditue. Hau esanda gero, ezin geintekez horretan bakarrik gelditu. Biolentziazko inguru edo kontextu guztia salatu behar dogu, nahi ta nahi ez.

      Latino Amerikako erririk gehienetan, bitariko terrorismoa dago, bata bestearen kontrakoa. Terrorismo gorriaren aurka, terrorismo zuria agertu da, gorria baino bihotz bakoagoa. «Escuadrones del Amanecer» deritxoenak eta beste horrelakoak, iltzaile taldeak bezala osotzen dira. Antzinako «Esku Baltza» eta «Ku-klux-klan»-en metoduak eredutzat artu ditue. Baina txarrena da, iltzailerik aundienak hango Gobernu batzuetan dagozala.

      Erri batzuetan, egiazko «gangsterrak» bezala jokatzen dabe agintariak eurak. Zer esan, esate baterako, Santo Domingoko Errepublikan Trujillok egindako eriotzetaz?

      Arrapatzaileak aspalditik operatzen dabe Ameriketan. 1958-an, Castristak Juan Fangio arrapatu eben Cuban; eta 1963-an, Venezuelako erreboluzinogileak bardin egin eben Di Stéfanogaz; kasu bietan, deportista famatu horreen bitartez propaganda egiteko. Gero, politika eta erlejinoko andikiak eroaten asi ziran. (1964-an, Smolen koronela, Ipar Amerikako misinoaren burua; 1968-an, Casariego monseinorea, Guadalupeko gotzaina; 1969-an, Burke Elbrick jauna, Brasilen Ipar Amerikako enbajadorea, eta abar eta abar, oso ugariak izan baitira urte honeetako arrapatzeak, ordainez preso politikoen askatasuna lortzeko).

      Colombian, 1966-an, Harold Herder, azukre industriaren nagusia zana, arrapatua izan zan, eta egun gutxi ondoan ilda agertu zan. Halan bere, gehienetan, arrapatzaileak ez deutseee kalterik egin euren biktimei eta honeek gaitz barik libratuak izan dira.

      Baina, gizon ezagun batzuek aparte, zenbat eta zenbat ez dira ilak izan? Ezezagunak diranez, munduko eritxia ez da mugidu, ezer gertatu ez balitz bezala. Von Spreti kondearen eriotzea, bai, kondenatu egin dabe egunkariak; baina mila ta mila pobrerenaren aurrean tutik bere ez.

      Hor dago, esate baterako, Brasileko indioen genozidioa. Jende zorigabeko hau abioietatik tiroka garbitzen ari izan ei dira zapaltzaileak; ehunka il dira, animaliak balira bezala. Ikusi honetaz «Sprit» aldizkariaren azkenengo zenbakia, aurtengo irugarrena.

      Guzti hori egoeraren azala da, besterik ez. Barreneko problemea, ekonomiaren inperialismoa da. Gaurko kristinauok, inperialismo hori, Pio XI-garrenak «diruaren inperialismoa» deitu ebana, salatu egin behar dogu, itzez ezezik baita egitez bere.

      Baina zer egin, Amerika egoera gorri horretatik ateratzeko? Hor dago untzea. «Le Monde» egunkariak, Guatemalari buruzko editorialari izenburu hau jarri eutson: «Quoi faire»?, zer egin?

 

  • Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).

  • Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).

  • Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).

  • Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es