Karlos Santamaria eta haren idazlanak
Hiztegi modernoa
Zeruko Argia, 335 zk., 1969-08-03
Gauza jakina danez, barneko etsaiak beti txarragoak izan ohi dira kanpokoak baino. Gazteluak ez dira gehienetan etsaien oldarragatik galtzen, baizik zaindarien etsiagatik eta salkeriagatik.
Gerla psikolojikoaren espezialistek maiz aipatzen duten Jeriko zalakoaren ondamena dugu hontaz exenplorik onena, besteak beste.
Euskeraren galeraz ere, eta bere ondamenaz, euskaldunak izaten dira errudunik nagusienak. Euskerak, dakigunez, gure hizkuntza errotik suntsitu nahiko luketen etsai handiak ditu, noski. Baina nahi izate hori ez zan deus izanen, euskaldun askoren etsi, ezkonzientzia eta saldukeririk gabe.
Euskera bere atsegin eta solaserako megaterio ikusgarritzat hartzen dutenak kalte handia egiten diote euskerari. Folkloristak, puristak, eta beste horrelakoak, barneko etsai dira, besteen artean, nahiz ta berak ez jakin.
Bestaldetik gaurko garaian, «kaletar fenomeno» dalakoa, mundu guziko fenomeno izugarri hori, edo «dimensio bakarra gizartea», hizkuntza txikien kontrakoa da, Euskal Herrian beste herrietan bezala.
Egoera horren aurrean hizkuntza fijatzeko ta bateratzeko zerbait pratikorik egiten ez badugu, ondoreak laster agertuko dira. Batez ere, gaurko ideiak eta arazoak erakusteko hitz egokiak arkitzea beharrezkoa dugu.
Euskera sail guzietan sartu nahirik ari geran «inteletualok» begi txarrez ikusten gaituzte euskalzale batzuek. Beren euskera gozo-gozo ta jator-jator gorde nahi dute. Baina beren euskera eme ta gozoarekin besterik ez badira jarraitzen, egunen batean euskera besoetan il zaiela arkituko dira.
«Inteletualak» sasi maixuak direla eta euskera motela eta erdi erderatua erabiltzen dutela esaten dute. Baina, nola Marcuseri buruz eta Aljebra berriari buruz idatzi hitz jatorrekin besterik?
«Gaurko hiztegi» bat nahi ta nahiezkoa dugu. Ez da posible orainarte bezala jokatzen jarraitzea.
Hiztegi modernoak amaika egin dira, izan ere, lehengo urtetan, nahiz zienzia sailean, nahiz politikaz, filosofiaz, edertiaz eta abar. Baina guziak ezberdinak. Nork bere hiztegia egin du, eta erabili, bere gisara eta gustora. Zoritxarrez, bakoitzak bere hiztegia ulertzen du, besterik ez, eta besteena entenditzeko, inguru-muruka ibili behar da. Horrelako moduz ez da irakurtzerik, ez ulertzerik.
Beraz, berbak ez dira faltatzen, euskeraz, ugariegiak izan baino.
Lan hontaz Euskaltzaindiak du lehengo hitza. Bera da une hontan eta egoera hontan, anarkia horrekin buka dezaken bakarra.
Lehen bai lehen hiztegi moderno bat, laburra bada ere, atera dezala eskatzen diogu berriz ere, Euskaltzaindia beneragarriari.
Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).
Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).
Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).
Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).