Karlos Santamaria eta haren idazlanak

            | hurrengoa

 

Euskal-Herria ta Gaztel-Herria

 

Zeruko Argia, 327 zk., 1969-06-08

 

      Gaztel-Herriaren izenak inperialismoaren iduria gogoarazten omen digu euskaldunori. Agertu berri dan liburu bateen, ordea, hipotesi hori gezurrezkoa dala erakusten saiatzen da egilea.

      Egile hau Anselmo Carretero jauna da, federalista ezaguna. Eta bere idaztia, adiskidea dudan Francisco Sabaté jaunak argitaratu du Valenzian. Liburu benetako harrigarria ta irakurgarria. Z.A.k, «Herriak eta Gizonak» izeneko horrian, notatxo bat jarri zuen, liburu honi buruz, Rikardo Arregi lagunak idatzitakoa. Baina nik zerbait gehiago esan nahiko nuke, uste dudanez merezi dualako.

      Carretero jaunak dionez, Gaztel-Herria, Euskal-Herria bezalako, libertadezalea izan da beti. Baina gero gauzak okertu dira, Gaztel-Herria errudunik ez. Ondamen honekin lehenengo kaltiarra Gaztela bera izan da. Hau onartzeko Leoia ta Gaztela herrien tradizinoak oso desberdinak direla jakin behar da. Baina gure egilearen iritziz iskribatzaile askok, Ortega y Gasset, Unamuno ta Azorín hauen artean, herri biak nahasten dituzte eta nahaste hau oso kaltegarria da, Espainia ondo ulertzeko.

      Tesi hau interesgarria ta paradojiakoa iduri zait eta horrengatik ekartzen dut astekari hontara.

      Gaztel-Herriak euskaldunetatik hartu du bere libertadearen aldeko tradizinoa. Burgos kortean euskeraz mintzatzen omen zan. Lehenengo Gaztelaren kondeak jatorrizko euskaldunak ziran eta beren askatasun-zaletasuna transmititu zioten Gaztel herri berriari.

      Asturiasetik sortutako errokonkista, berriz, noble godoek egin zuten eta hauen gogorrezko izpiritua, Leoia erresumara eraman.

      Bi mentalitate hoiek burrukaz ibili ziran luzaro. Alde batetik askatasun-mentalitatea. Antzinako herri libreen mentalitatea. Numanziako mentalitatea. Bestaldetik Fuero Juzgoa, godoen mentalitatea ta gudarikeria. Gure egunetaraino iraun du burruka horrek. Baina zesarismoak, pixkanaka pixkanaka, libertadeak ondatu zituen. Eta bere lehenengo bitima Gaztela bera izan zan, Carretero jaunak dionez.

      Asieran demokraziako kutsua zuen Gaztelak. Hala agertzen da Historian. Eta izaera hori Euskal-Herritik etortzen zitzaion.

      Gaztel-Herria komunidade berejabe multzo bat zan lehendabizi. Federalista zan bere egitura. «Behetriak» ziralakoak osatzen zuten, orain Gaztela zaharra deitzen duguna. Gipuzkoa bera hoietako errepublika edo behetria bat zan.

      Nahiz ta gudari euskaldunen laguntza izan, Gaztelak askatasuna laster galdu zuen, Leoiaren kontra gudatetan. Euskal-herriko jendeak berriz, luzaro gorde zuen, bere libertatea.

      Egileak dionez, Espainiko herri gehienek ez dute sekula libertaterik ezagutu. Ez da beraz harritzekoa beren bizakera oso desberdina izan, Euskal-Herriaren aldean.

      Carretero jaunaren aldetik, Euskal-Herria Espainiko herri guzientzako eredu ta exenplu izan behar da.

      Nere irakurleek ez dute ezer galduko liburu hau arretaz irakurtzen eta sakontzen. Bere titulua «La personalidad de Castilla en el conjunto de los pueblos hispánicos» duzute.

      Artikulu hau egilearen ohorez eta omenez egin nahi dut. Seguru nago poza handia emango diola bere ideiak euskera zaharraz azaltzen berriz ere arkitzeak.

 

            | hurrengoa
  • Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).

  • Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).

  • Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).

  • Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es