Karlos Santamaria eta haren idazlanak

            |            

 

Dimensio bateko gizona

 

Jakin, 35 zk., 1969

 

      M.-ren gizartea, alegia, dimensio bateko gizartea, utopiatzat hartu behar dugu, asieratik bertatik, horrelako gizarterik ez baida oraingoz esistitzen, ez sortaldean, ez mendebalean.

      Hau esatean ez diogu M.-ren eskemari batere inportantzirik kendu nahi. Are gehiago, filosofo honen analisa, gaurko egoera azaltzeko egokia baino egokiagoa iruditzen zaigu. Hauxe erakusten saiatuko gera idazki hontan bertan.

      Stalinismoaren aroan eskema sinple bat erabiltzen zan, sartaldeko aldetik behintzat. Antikomunismoa zan politika bakarra, eta antikomunismo horren izenean, benedizio guziak ematen zitzaizkien bidegabekeririk handieneri[1].

      Gero, guziek dakitenez, makartismoa bukatu-ta «koesistenzia» zalakoaren aroa asi zan. Munduaren eskema pixka bat korapilatu zan orduan, alde batetik irugarren munduaren prolemak agertu baiziran, herri hauen gosea ta miseria, guzien aurrean azaldurik; eta, bestaldetik, herri nagusien teknikak progreso izugarriak egin zituztelako, nahiz mendebalean, nahiz sortaldean. «Sociedad opulenta» dalakoaz mintzatzen asi zan garai hortan, eta batzuk pobreen askatasuna eta zoriontasuna, teknikak ekarriko zituela sinetsi zuten orduan.

      Baina arazo berriak sortu ziran batean eta teknika-gizartea honen ederra ez zala berehala ikusi zan.

      Han eta hemen, gazteak, intelektualak batez ere, gizarte aberatsaren kontra joten asi ziran zartadan, Greziako antzinako zinikoen antzera[2].

      M. gaztedi biurriaren pontifizerik handienetako bat dala uste dute batzuk. Ikustekoa litzake iritzi hau, baina, dana dala, gaurko eboluzioaren ezagutzaile handi bat dugu M. filosofoa. Berak gizarte modelu berri bat erakusten digu, alegia, teknikako razionalismotik sor zorian dagoan gizarte berria.

      Erabatekoa ez bada ere, M. marxista omen da[3]. Gaurko gizartearen bilakatzea bere gisako marxismoaren arauaz ikusten bide du berak.

      M.-ren analisa ez da, nolanahi ere, asmakari uts bat, gure errealitatearen modelu baliotsu bat baizik. Analisa horren garrantzia agirian da, nere ustez, gaurko egoeraren neurria ematen digulako, saiets batzuetatik behintzat.

      Gogor egiten diote batzuk M.-ri, utopista besterik ez dala eta gaurko prolematikaz deus ulertu ez duala, esanaz.

      Utopista dala? Hori egia da, alajaina, bere lana, alde batez behintzat, utopia sailean ezarri dualako. Ideia hau, ordea, puntualizatu beharko genuke, aurrerago joan baino lehen.

      François Chipaz jaunak bere M.-ri buruzko «Aliénation et Utopie» artikuluan, hau dio hain zuzen, ta zentzuz esana da, gainera: «L'analyse de M. renvoie bien à une utopie. Mais la question qu'il faut poser à son endroit n'est pas de savoir si cette pensée débouche seulemente sur une utopie (ce qui serait le récuser d'une façon bien médiocre) mais bien plutôt si cette utopie marcusienne est en mesure d'ouvrir à l'histoire qui se fait, de la rendre intelligible et de la rendre possible»[4].

      Utopistatzat zuritu behar dugu M. jauna, utopia jenero oso garrantzikoa izan ditekealako.

      Utopien historioa erabat aztertu duan Desroche soziologoak, une hontan oso egoki dakiguken hitz berri bat sartzen du, bere terminologian[5].

      Izan ere, bereizkuntza argi bat egiten du egile honek, utopietan. Utopia batzuk, denbora-pasa ta txakur-amets batzuk besterik ez dira. Beste batzuk, berriz, Desroche-k «ukoopiak» deitzen dituanak, alegia, historioa ulertzeko ez-ezik, baita ere historioaren bideak zuzentzeko ta aldatzeko balio dutenak dira. Beraz ukoopi-egileak ez dira bakarrik amets-asmatzaileak, egiazko eragileak baizik. M.-ren analisa utopia ez-baino «ukoopia» deitu beharko genuke, bera historioaren martxa aldatzeko gauza baiditeke, besteak beste.

      Bestaldetik, M.-ren ukoopia hau, «self-defeating» deitzen diran igarpen hoietako bat dala esan beharko genuke.

      Â«Self-defeating» eta «self-fulfilling» hitzak aita Merton zanak asmatuak dira eta Aranguren jaunak ere bere «El marxismo como moral» liburuan erabiltzen ditu. (Self-defeating: «profecía que, en parte, no se ha cumplido precisamente porque ha sido formulada»). M.-k igarpen bat egin du, gizarterik aurreratuenetan dialektika hilko dala esanaz. Eta hain zuzen ere, igarpen hori egina danez gero, dialektika ez da hilko ote. «Contestation» mugimendu dalakoak olatu berri bat sor-arazi du, gazteen artean, eta dialektika berriz ere agertu. Hori dala-ta, M.-ren ukoopia «self-defeating» dala diogu. M.-k ateka gorri batean gaudela esaten digu, dialektika gabeko Historiorik ez baiditeke izan. Eta esan horrekin protesta mugimenduari bultz handi bat egiten dio, egin ere.

      Baina horrelako atekatik zein moduz aterako geran ez dakiala aitortzen du berak. Hau da, noski M.-ren teoriaren akatsik handiena.

      Azterketa asko egin dira, aspaldi hontan, gizarte teknologikoaz.

      Hoien artean M.-na da, behar bada, sakonena eta zorrotzena.

      Gizarte teknologikoa ez da bakarrik gizarte kapitalista edo konsumoko gizartea. Nahiz eta gehienetan M.-ren kritika USA-ko gizarte kapitalistaren aurkakoa izan, bi aldetikako herri industrializatueri ezar ahal dakieke, bi gizarte hauek teknikaren antzaz eta itxuraz ukazinoa dalako.

      Â«One dimensional man» iduria oso egokia dirudi gizarte teknikako dalakoaren fenomenua azaltzeko.

      Gizarte industrializatuetan, nahiz eta sozialistak izan, alienazio berri bat agertzen da, M. jaunaren ustez, antzinakoak baino gogorragoa dana. Gaurko gizonaren zoriontasuna alienaziotzat ikusi behar dugu, nahi ta nahi ez, zibilizazio aurreratua gizon konkretuaren ukazinoa dalako.

      André Gorz jaunak argi ta garbi esan du: «La société d'accumulation socialiste a reproduit le divorce entre l'individu concret et l'individu social» Eta handia da marxista batek honako hau esatea. Baina nun arkitzen da ondamen horren zergatia? Dialektikaren heriotzean, erantzun genezake M.-ren ideiari jarraituaz.

      Mahatma Gandhi zanak, honako hau esan ohi zuen, bere herriaz mintzatzerakoan: «Nagusikeriari 'ez' esateko indarra galdu dugu». Eta berak, Genêve'ko interview famatu batean, beste hau esan zuan: «Kapitalismoak fusilak, ametrailak eta pozoineko gasak eskuetan izateak ez du batere axolik, langileek 'ez' esateko bortzari eutsi ezkero». Izan ere, horixe da gizarte industrializatuenetan gertatzen dana: dimensio bateko gizonak «ez» esateko kemena galdu. Galtze hau, ordea, ez da indarka, gogorka, bortxaz eta zigorrez egiten, baizikan, atseginaz, plazeraz, eta aisetasunez.

      Teknokrazia, Kalipso ninfaren antzekoa da, eta gaurko gizona beraren sareetan lotuta dagoan Ulises bat.

      Lotuta esan dugu, eta ondo esan gainera, zeren «feliz coincidencia» dalako bategatik, euskeraz «lotu» adjetiboak, «ensorcelé» eta «enchainé», biak batera, esan nahi ditualako. Eta hori da, hain zuzen ere, dimensio bateko gizonari gertatzen zaiona.

      Historiaren indarra, ukazinoa ukatzean dagoala esan ohi digute marxistek.

      Bortzaz eta zigorrez lotuta dagoan herri edo klase bat zapaltze horren kontra altzatzen da.

      Baina gaurko teknokrazia —utopia sailean irauten dugu beti— gizonaren behar guziak asetzeko eta kontradizino guziak integratzeko gauza omen da. Hortik dator, M.-ren iritziz, dialektikaren akabantza eta Historioaren fina.

      Nahi ta nahi ezkoa dugu, beraz, une hontan dialektikarik gabeko eta ukatzerik gabeko gizartea. Eskapatzerik gabeko gizartea.

      Dimensio bateko gizarteak, gizonaren beharrak maneatzen ditu, bere itxurara ta gisara. Hoietako behar batzuk betetzen ditu. Beste batzuk, berriz, baztertu eta ahantzi arazi.

      Gizona, beharrez jositako izaki bat da, alegia, «un ser de necesidades». Marx-ek argi ikusi zuen hau, eta «beharraren dialektikaz» mintzatu zan. «Le besoin est à la base de l'histoire et de la société. Supprimer les besoins de l'homme, ce serait correlativemente supprimer sa culture, à la fois comme culture de lui-même et comme monde cultivé et humanisé par lui»[6].

      Baina beharra ez da bakarrik fisikaren aldetik ikusi behar. Simone Weil andre idazleak, agirian ipini zuen bere «L'enracinement» liburuaren asieran, beharraren dialektikaz mintzatzean: «Parmi ces besoins —Weil andreak zion— certains sont physiques, comme la faim elle même [...] D'autres n'ont pas rapport avec la vie physique, mais avec la vie morale [...] Ce sont, comme les besoins physiques, des nécessités de la vie d'ici bas. C'est à dire que, s'ils ne sont pas satisfaits, l'homme tombe peu à peu dans un état plus ou moins analogue à la mort, plus ou moins proche à la vie végétative».

      Benetan, gizonak, gizon danez, eta gizartean dagoanez, behar asko ditu, fisikoak ez direnak: erresponsabilidadea, askatasuna, ohorea, partizipazioa, kultura... Behar hauek ez bazaizkio asebetetzen, heriotzaren antzeko egoera batean erortzen da gizona. Ez da gehiago gizonik, gauza edo animalia baizik.

      Beharra da, beraz, kontradizino ta ukazino guzien iturburua. Beharraren dialektika garbi ta naturalki jokatzen baldin bada, gizartea gizatartuko da, eta gizona gizartetu. Historioa aurrera egiteko, nahi ta nahi ezkoa da beharraren dialektika. Hori dala-ta Marx-en beraren iritzian, gizarte komunistetan ere jarraitu behar litzake joku hori.

      Baina zer gertatu da, eta zer gertatzen?

      Lehengo kapitalismoa, gizonaren premiak bete ordean, premia hauetaz baliatu egiten zan gizona maneatu ta menderatzeko[7]. Lehengo gizarte industrialetan, langileek bere behar premiatsuenak ere, ezin bete zitzaketen, eta hortik miseria ta zapaltzea.

      Gaurko egunean, berriz, teknika aurreratuari esker, gizarte aberatsak erreztasun ta aisetasun guziak eskeintzen omen dizkio jendeari. (Ukoopiaren erreinuan gaudela ez ahantzi).

      Baina gizarterik aurreratuenek behar batzuk betetzen badituzte ere, beste batzuk, batez ere sistemaren kontra izan ditezkeanak, ito arazten dituzte.

      M.-k dionez[8] fenomenu hau, alegia, «askatzea» eskatzen duten beharrak itotzea ta gordetzea, guztiz berezikoa da gizarte teknolojikoan. «C'est caracteristique de la société industrielle avancée la façon dont elle étouffe ces besoins qui demandent libération, y compris le besoin de se libérer de ce qui est supportable, avantageux et confortable».

      Azkeneko oharpen honek oso inportantzi handia du, M.-ren ideiak ulertzeko.

      Gaurko gizarteak bere atsegin ta erreztasunak harrarazi nahi dizkigu. Ez digu lajatzen abantail hoien loturaz libra gaitezela.

      Berriz ere Ojijia ugartearen izena gogoratzen zaigu, Kalypso ninfak lotutako Ulises gozo ta atseginez josirik zegoan ugartea[9].

      Askatasuna da, hain zuzen ere, gizonaren behar handienetako bat, baita zapaltzeak gozo-itxura hartzen duanean ere.

      Askatasun beharra ito eta gordetzeko beste gezurrezko oharrak asmatzen ditu dimensio bateko gizarteak. Gezurreko libertadeak. Adibidez, USA-n gertatzen omen dan bezala, «la liberté d'une presse qui se censure elle même», «la liberté de concurrence de prix preablement arrangés», etab.

      Esandako hau ez da oraindik handiena. Handiena da, M.-ren iritziz, dimensio bateko gizartean askatasun ideia bera falsifikaturik egoten, benetako zapaltzea dana jendeak libertadetzat hartzen dualako.

      Aipatutako falsifikatzea lan fina izan ohi da. Zearo egiztatua, teknika ta zientziazko legeen aldetik. Nor ausartuko da aurrerapenak emandako abantail eta atseginak salatzen?

      Antzinako gizarteetan, premia ta behar gorriak ageri ziran, eta hortik etortzen zan kontradizinoa ta ukazinoa. Baina orain, M.-ren ukoopian, ez da deus ikusten, mundu onen-onenean bizitzea iduritzen baizaio gaurko gizonari.

      Ikusi dugunez dimensio gabeko gizartea eta dialektika gabeko gizartea gauza bera dira M.-ren pentsaeran.

      Ideia hau zearo eta sakonki erakusten du M. jaunak bere «One dimensionel man» liburuan. Adibide batzuk besterik ez ditugu emango entsaio hontan.

      Lehenengoa, trajeria. Trajeria zan, antzinakoan, dialektikaren forma bat, nahiz ta idealista izan. Giza-errealitatearen kontradizinoak azaltzen zituen. Ukatze-indar bat zan. Lurreko botereen kontra jokatzen zuelako, misteriozko trazendenzia baten izenez.

      Erlijio-itxura zuen, benetan, eta erlijioak berak bezala dialektika bat sar-arazten zuen giza-munduan. Eta gaur zer gertatzen da?

      Psikiatria ta trankilizanteak asmatu ziranez geroztik, trajerian nork sinistuko du? Gizarte hunek —dio M.-k—[10] trazendenziaren irudipenik maiteenak ezeztatzen ditu. Aterik gabeko zorigaitzak arrunteko eginkizun biurtzen ditu. Kontradizino guziak maneagarriak direla erakusten du. «La tragedie, le roman, les anxiétés et les rêves primitifs sont susceptibles d'une solution technique ou d'une 'disolution'. Le psyquiatre prend soin des Don Juan, des Roméo, des Hamlet, des Faust, comme il prend soin d'Oedipe. Il les soigne!».

      Ez dago, beraz, gehiago trajeriarik, ez pekaturik, ez halabeharrik. Mirikuntza besterik ez.

      Ez gaitezen mintza arimaren ixilpeko trajeriaz. Inkesta ta estadistika-makina bat berehala egingo ligukete teknologoek, eta izkutua guziz suntsituko litzake.

      Trajeriari buruz esan duguna poesiari ere ezar lekioke. Poesiak trazendenzia behar du, nahi ta nahi ez. Danaren eta ez danaren artean dialektika bat sor-arazten du. M.-k berak, Paul Valéry olerkariaren esanbide bat ekartzen du arira, «la langage poétique ne parle jamais que de choses ahentes» esaten duana.

      Olertiak, egiazkoa izateko, «la marca de lo insólito» ezarri behar du gauza guzietan, Bertold Brecht-ek esaten zuen bezala. Baina, nun izango ote da, gure gizarte mekanizatuan «insólito» hori?

      Â«Insólito» konzetua publizitaterako hitz bat biurtu da.

      Kontradizino ta trazendenzia gabeko poesia sistimaren morroia da, besterik ez. Izen soila bilakatu da, izen utsa, batere kontenidurik gabe gelditu dan.

      Antzinako gizarteetan, poesia eta trajeria errealitatearen ukoa ta erreusa ziran. Orain berriz «le refus est refusé», M.-k dionez. Eta bi horieri buruz esan duguna beste erti guzietaz esan diteke. Eta filosofiari, eta erlijioari buruz. Are gehiago politika integratuari buruz, Amerikako sindikato integratueri buruz, etab.

      Analisa hau zearo egiten du M. jaunak. Oso interesgarria izango litzake bere pausuak jarraitzea, batez ere filosofia alorrean. Baina irakurleak berez egingo du, M.-ren obra, behar dan arretaz, aztertuz ta egiztatuz gero.

 

 

[Oharrak]

 

[1] Orain ere, kristau asko asmo sinple hortan bertan daude setaturik.

[2] Paralelismoren bat ba dago, dudarik gabe, gaurko protestako ekitearen eta ziniko mugimenduaren artean. Antistenes eta Diojenes-en filosofia errebisatu eta ber-baliorazi beharko litzake gizon modernuaren aldetik.

[3] M. burges txikia dala irakurria dugu, aspaldi ez dala, prosa-paper batean. Hala izanen da jakintsu hoiek diotelako. Dana dala, bera marxistatzat askok hartzen dute, nahiz eta bere marxismoa mekanizista ez izan.

[4] François Chirpaz. «Aliénation et Utopie», «Esprit», 1969-1-ean.

[5] Henri Desroche «Viajes por ucoopías». Rev. «Comunidades», Madrid. Mayo-Agosto 1966.

[6] Ik. J. Y. Calvez «La pensée de Marx», 388, 389 horrietan.

[7] «On se sert des besoins de l'homme pour l'asservir». J. Y. Calvez, aipatutako liburua, 387-an.

[8] «L'homme unidimensionel». Ed. de Minuit, 32 hor.

[9] Antzinako «Nouveau Dictionnaire historique» (Caen 1786) liburuan, honako hau irakurtzen dut: «Elle (Kalipso) habitoit l'isle d'Ogygie, que l'on presume être l'isle Goxo». Azkeneko hitz hau, berriz ere euskera Paradisuan mintzatzen zanaren froga irrekusablea da.

[10] Liburu aipatua, 95-ean.

 

            |            
  • Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).

  • Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).

  • Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).

  • Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es