Karlos Santamaria eta haren idazlanak
Gaurko gai bat
Jakin, 34 zk., 1969
Jesukristo ez zan politikan sartzen. Apolitikoa zan. «Indiferentista» zan, politika sailean.
Horixe esan zaigu amaika bider.
Baina ez da egia. Iritzi hori oso okerra dala uste dut, eta kalte handia egiten diola Kristoren mandatuari.
Israel teokrazia bat zan, mundu guziak dakianez. Teokrazia batean ezina da erlijioko postura ausart bat hartzea, politika sailean ondore astunak erakarri gabe.
Gure egunetan, esate baterako, Rusia teokrazia bat da, nahiz ta Jainko gabeko teokrazia izan. Hori dala-ta ezina da gaurko Rusian filosofia, zientzia, kultura edo erlijio sailean postura ausart bat hartzea politika sailean ondorioa sorrerazi gabe. Arrazoia dute, beraz, beren aldetik, hango agintariek, inteletualak estu hartzen dituztenean. Oroi dezagun Lysenko biologozailearen afera famatua. Lysenko bera, bere biologiako teoriak gatik kondenatua izan zan, Estaduaren erlijioaren kontrako ziralako.
Eta, nork ukatuko du Kristoren postura ausarta zanik?
Garai hartan erromarrek Israel guzia okupatuta zeukaten, Judea ta Samaria zuzenki, Galilea ta Perea berriz, Herodes Antipas erregearen manuz. Judeotarrentzat erromarrak ez ziran bakarrik politikako etsai, baizik Jainkoaren etsai, erlijioko etsai. Bata eta bestea gauza bera zan, hain zuzen, beren errealitatean.
Pilatosen gobernuari buruz pasadizo batzuk kondatzen dizkigute Flavius Josefus eta Filon historizaileak. Kasu guzietan —nahiz Kaisaren idurien aferan; nahiz «Korbanas» zeritzan tesoro sakratuaren lapurtzean, Pilatosek berak hartutako, «acueducto» bat eraikitzeko; nahiz Garizim zalako mendian konzentrazioaren kontrako zigor izugarrian, edota galileotarren masakratzen bertan— kaso guzietan, politika ta erlijio arazoak guztiz nahastuta zeudela ikusten dugu.
Gauza bera gertatzen zan alderdi edo partiduetan. Politikako alderdiek erlijioko sekta itxura zuten, bata eta bestea berdinak ziralako. Alderdi bakoitzak erromarren alde edo erromarren kontrako postura hartzen zuen, eta hartze honek bi arpegi zituen batean, erlijio aldetikakoa eta politika aldetikakoa, guztiz berezigaitzak.
Saduzeoak, esate baterako, erromarren adiskideak izan ohi ziran, Israel herriaren personalitateak bost axoi zien, Bibliako fedea galdua zuten eta helenismo-zaleak ziralako.
Herodetarrek ere, erromarren joku politikoa egiten zuten, abantaila, ohore eta ogibide onenak lortzeko. Ez pratikatu, baina erlijioaz baliatu, bai, beren xede ta helburuak lortzeko. Azeriak bezala ibiltzen ziran beti, deus ateratzeko modua bilatzen.
Saduzeoak eta herodetarrak kolaborazionistatzat har ditzakegu.
Fariseoek, berriz, erromarrak ezin zituzten ikusi. Hauen kontra azpi jokoa egiten zuten gehienetan. Baina beti legezko bideetatik, arpegirik eman gabe, eta arriskurik ez. Reformistak ziran eta garbizaleak.
Azkenik, zeloteak, aberatsen eta erromarren etsai amorratuak izan ohi ziran. Aberri-zale amorratuak, eta iraultzegileak. Erromarren kontraz istilu ikaragarriak antolatzen zituzten, biolentzia ta harmak erabiliaz.
Ikusten dezutenez, sasitarte hartan, politika gabeko erlijioko postura uts bat hartzea ez zan posible. Nola izan liteke Jesukristo ertzean gelditzea? Nola izan liteke Berak: «Erromarrak? Ni ez naiz sartzen prolema hortan, neri ez zait beatzen...» esatea? Beraren irakaspenak ondore politikoak izan behar zituen, nahi-ta-nahiez. Berak ondo zekien, baina momentu guzietan postura hartzen zuen, zuzenbidearen alde, batere beldurrik gabe.
Gaurko esejetak «Kaisari Kaisarena eman eta Jainkoari Jainkoarena» esan famatuari interpretazino berri bat eman beharko liokete. Baldin, Frantziko okupazio garaiean alemanek moneda kuinatu izan balute, eta Maixu bati norbaitek «alemaneri zerga pagatu behar al zaie?» galdera egin izan balio, zer erantzungo zion Maixuak? «Diru hori alemanek berek egin dute, ez da gurea, naska egiten digu. Emaiezute beraz ekarri duten bereri».
Agiria da pasadizo hori bi botereen arteko har-emanerako eredutzat hartzea zuzenik ez dala, Kaisera okupantea zalako eta judeotarrak arrotza bezala nahi-ta-nahiez ikusi behar bait zuten.
Jesukristo hitz guziek politikako oiartzun bat izan behar zuten, bortzaz. Adibidez, Berak «zoritxarrekoak zuek aberatsak!» esaten zuenean, ez zan aberats abstratu batzuetaz mintzatzen. Berak salatutako aberatsak bere aurrean zeuden, herodetarrak, saduzeoak eta, batzuetan, fariseoak ziran. Jende konkretu ta jakin bat eta ondo instalatua gainera. Hori esatea ez ote zan politikarik izango? Madarikazio hoiek botatzea ez ote zan politikatzat hartuko?
Argi berri batez begira behar da Jesukristoren ekitea. Ez zan, ez, estratosferan. Eta horregatik il zuten.
Jesukristo politika gatik salatua izan zan eta kondenatua, judeotarren erregea izan nahi zuen salaketagatik. Egia zan gainera, garai batean, gutxienez, errege egin nahi zutela. Orduko politakalariek Jesukristoren hitzak eta obrak zentzu politikoa zutela soberaz zekiten. Zeren Jesukristo ez bait zan «neutralistaren bat», hainbeste bider esan diguten bezala. Politika sailean postura garbi bat hartzen zuen, nahiz ta askok, «distingo» ta ezberdin asko sartuaz, ezagutu nahi ez izan gure egunetan.
Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).
Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).
Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).
Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).