Karlos Santamaria eta haren idazlanak
Fedearen inguruko eztabaida
Zeruko Argia, 300 zk., 1968-12-01
Gaurko egunean, euskal idazle gaztetan, Rikardo Arregi dugu, dudarik gabe, argienetako bat. Idazle ez ezik, baita hizlari ta irakasletzat arras ezaguna da ere. Langile arrastaria, beti, euskal lanetan.
Arregi adizkideak «Jakin» aldizkarian artikulu bat argitaratu zuen, «Euskaltzaleen Jainkoa hil behar dugu» zeritzaiona.
Titulu benetan nabarmena, ta zaratatsua, Unamunori atsegin zitzaizkionen antzekoa. Arregin tituloak «La agonÃa del cristianismo» izenburua oroi arazi zidan, ageri zanean.
Hitz-truke, besterik ez? Ez dut uste, ideia ta gertaera berriak hitz berriak ta estrainak eskatzen bai dituzte. Gure kinkazko egunetan, tituloak zenbat eta nabarmenagoak izan, ainbat obeak.
Horaindik horain Lasa kalonje jakintsuak astekari hontan bertan, erantzuna eman dio Arregi jaunari, gogor xamarra irudi zaidana.
Pozik nago, elkarrizketa hau euskeraz izateko, horrelakoak, erderaz ere, noizean-behin bakarrik ikusten ditugun ezkero.
Arregik dio: «Gizatasun aldetik eta kristautasunen aldetik ere bai, komeni da, fede batzuek galtzea». Eta Lasa jaunak: «Fedea galtzea gaitza da, beti, noiz eta nun nahi».
Hau egia da, zeren Jainkoak emandako doia gal ta ondatzea ona dala esan, nola esan litekelako?
Bainan, bestaldetik, Agustin Sainduak berak ez ahal zuen esan: «Komeni da herejeak egotea»?
Agiriz, Hiponako gotzaiak ez zuen esan nahi hereje izatea berez onuragarria izan zedila baizikan Jainkoak lerro okerrekin zuzen idazten duala eta Kristautasuna irabazirik ateratzen dala maiz herejeen bultzadagatik.
Jainkoaren izkutuko bideak inork ez ditu ezagutzen.
Nere iritzi apalaz, Rikardok egindako afirmazioa ain urrun ez dago Agustin sainduarengandik. Besteak beste, bi esanen artean ezberdintasun handia ez dago: «Gizarte ta Kristautasun aldetik komeni ta egoki da, gaurko egunean ere bai, herejeak izatea».
Eman dezagun, nolanai ere, Lasa kalonje jaunak beste saietsetik jotzen dula gaia.
Historiaren interpretazioa ez, baizik moral indibidualaren joera begiratzen du Lasa Jaunak, uste dudanez. Bildurrik dago, fedea nolanahiko jostailutzat hartzen dugula, eta arrazoiz.
Oroi arazi dezagun Lenengo Vatikanoak esan zuena, hau da, fedearen uztea beti erruduna dala, erabaki hortarako egiazko motiborik inork ezin izan dezaken geroz.
Bainan, dana esateko, teologoak argi pixka bat gehiago ezarri diote puntu horri, batez ere, mende hasieratik.
Lenengo Vatikanoak berak, fedea galtzea berez eta materialki obena bada ere, gizaki batek, egoera batzuetan, bere aldetikako erru formalarik gabe fedea gal dezakela adiarazten du.
Apostatak gaiztoak ta jende «perversa» zirela erakutsi ohi zitzaigun lehengo aroan, eta horaindik bustana ikusten zaio, behin baino gehiagotan, iritzi horri.
Oraingo egunetan horrelako iritzia gezurrezkotzat salatu behar da, nahiz ta honek ez du esan nahi —«vade retro»— fedea galtzen dutenak beti jenderik onena izan dezatela.
Eta zer esango genuke, baldin galdutako sinismena egiazko federik ez, baizikan sasi-fede bat, idolokeri bat besterik izan ez balitz?
Baliteke persona bat itxurazko fede bat utzita gero, Jainkoaren urbilago izan zitzakeala!
Gizonok adi-oro idolo-sortzaile izan ohi gera. Egiazko fedean gabiltzala sinistuarren, askotan egiazko fedean ez, «gure» fedean bizi gera, guk asmatutako fedean besterik.
Bainan, iñoiz edo berriz, gure idolokeria —handia nahiz txikia— egiztatzen dugunean, Jainko izkutuari berriro jo behar diogu. Utsatik hasi behar gera ta nekez eta lanaz, misteriozko bidean berriz ere abiatu behar gera.
Antzinako fedea kondizionatuta zegoela dio Arregi adixkideak. Eta Lasa Kalonjeak gizon guztiok kondizionatuak gerala Rikardori oroi arazten dio. Nik, beste gauza bat gaineratu nahi nuke hontaz.
Gizon guztiak, baita gizarte guztiak ere, kondizionatuta egon ohi dira beti. Bainan beren loturak bi motakoak izan ditezke, ezagunak eta ez-ezagunak, alegia. Bigarrenak, ezagutu ez ditugunez gero, gure ondorekoak juzgatuko dituzte. Lenengoak, berriz, ezagutzen asi geranetik, nahi ta nahiez kontuan izan behar ditugu.
Aldakuntza garai hontan, antziñako gizarteen loturak susmatzen ditugu-ta, nola jarraituko giñake lehen bezela bizitzen? Fedearen prolema beste modu berri batean agertzen zaigu. Gaurko gizon ikasidun baten fedea, antzinakoaz oso ezberdina izan behar dala nork ukatuko du? Nola beraz jokabide berdinekin jokatu nahi?
Nere aurtzaroan, inguru batzuetan behintzat, Vatikano Estaduen galderaz asko mintzatzen zan horaindik eta Aita Saindua giltzapean zala amaika bider entzuna dut. Liberalismoa ta progresoa ziran fedearen etsairik handienak. Tronu ta aldarearen teoria jaiki haundia zuen katolikuetan. Debozioak ta erlijioko teoriak mitoloji itxura izaten zuten. Jainkoaren iduriaz, zer esan? Orduko apolojetikak ezertako ez dute gehiago balio, guztiz joko-kanpoan gelditu bai dira. Orduko problematika erabat desfasatuta da.
Ikonoklastak izan behar gera, beraz, beste fede berri bat sor dedin. Eta hontaz Rikardok irikitako bidea ona iruditzen zait. Test bat egitea erreza da. Gaurko erlijioko kinka gaitz bat bezela soilik ikusten dute batzuek.
Beste batzuek erdiko posizio epel bat artzen dute, amaika ingurumari eginik, zezena adarretatik ez artzeko. Auek gure denbora zaila dala ta antzinako fede ta erlijioko oiturak galtzea penagarria dala diote. Aldakuntza, jaso ta eraman egiten dute, besterik ez.
Besteok ba gaude, gaurko erlijioko kinka ederra baino ederragoa iruditzen zaigunok ta antzinako fedearen batere itzul-miñarik ez dugunok. Uste dudanez Lasa kalonjea bera, hauen artean bertan arkitzen da.
Dana dala, esana dudanez, ni hor nauzute. Izan ere, apur bat fede horaindik gordetzen dudalako, gure gazte batzuek «fedea» galtzea egiazko kristautasunaren alde azkenik jokatuko duala sinisten dut.
Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).
Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).
Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).
Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).