Karlos Santamaria eta haren idazlanak

 

Eliza ta biolentzia

 

Jakin, 30 zk., 1968

 

      Peguy famatuak «ordena» dalakoaren gogorkeria, desordenakoarena baiño bildurgarriagoa ta txarragoa dala esan ohi zuen.

      Biolentzia zera da, alegia, gizon bati edo gizarte bati, zuzenbidearen, borondatearen, arrazoiaren, moralaren ta eskubidearen bitartez eskatu beharko litzaiokena, bortxaz, gogorkeriz, bildurraren ta gezurraren bitartez bertatik ateratzea. Pertsona bat edo komunidade bat gauzatzat edo animalitzat erabilli eta hartaz baliatzea da biolentzia.

      Gure gizartetan biolentzirik handiena ta astunena, herriari goitik behera egiten zaiona izan ohi da gehienetan. Alegia, zuzengabeko legeak, estrutura okerrak eta ahal-gehiegikeriak eragiten diotena. Opresioa eta bildur-araztea edo intimidazioa, esate baterako, izugarrizko gogorkeriak dira, berauek ixuritako odola askotan ikusten ez bada ere. Kaleetako biolentzia ez da txarrena, baizik politika ta sozial egiturak jende apal ta pobreari, edo menpeko arrazari, egiten dietena.

      Hau ikusi, ez da garbi ikusten, edo hobe esateko, askok ez dute ikusi nahi. Menpekoek egindako gogorkeria besterik ez dute ikusi nahi.

      Elizak gogortasun guztiak batean salatzea, gizarte bakoitzean gogorkeri nagusia nundik datorren azaldu gabe, askatze erreza, areago errezegia, dirudi. Jokaera honek «status quo» dalakoaren alde jokatzen du, pobreak eta mirabeak ahaldunen eskuetan jartzen ditu-ta.

      Elizak gizonaren errealitatea ezagutzen du. Horregatik gogortasuna biotzez iguindu arren, ateak ez dizkio ixten biolentziari. Guztiok dakigunez, kristau-moralistak guda zuzena ta matxinada zuzena haintzat artzen dituzte, baita gogorrezko bide hauek noiz ta nola erabilli behar diran esan ere.

      Ez da egia, beraz, Elizak beti ta nunai gogortasuna kondenatzen duanik.

      Hortaz oso jakinduri handia erakusten du, gogorkeri batetik iges egiten saiatzen, beste biolentzi handiago batean erori ditekealako. Zazpi begiekin ibilli behar da, izan ere, sail hontan; gauza bakoitzari bere egiazko izena ezarri behar zaio.

      Bestela, ahaldunak Elizaren hitzetaz baliatuko dira beren azpiko lana egiteko. «Zuek, menpekuok, geldi zaitezte, Elizak biolentzi guztiak gaiztoak direla diolako».

 

  • Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).

  • Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).

  • Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).

  • Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es