Karlos Santamaria eta haren idazlanak

 

Jesu-lagun bati

 

Zeruko Argia, 210 zk., 1967-03-05

 

      [...] Gañerako gaiak alde batera utzita (oietaz aritzeko aukera izango degu, noski) Arrupe'k jesulagun ameriketarreri egindako idazkiak aipamen berezi bat merezi du, nere ustez.

      Jesus'en Konpañian gauza arrigarriak gertatzen ari dira aspaldi ontan, nik baiño zuk obe dakizunez. Baldin, antziñako aita zorrotz agurgarriak, guk ezagutu ditugunak, esnatu balitez, beren familia guztiz aldatua arkitu ta arriturik geldituko ziran!

      Aize berriak nundik ematen duten jakiteko, aizeorratz ederra izan zerate beti jesulagunak. Habilidade ori guztiok ematen dizutegu, ta ala izan da, beti ere, Iñazio'k Lagundia sortu ezkeroz. Orrengatik, zuen gaurko aldakuntzak arretarik andienaz ikusten dute, mundu guztian, fededunak naiz siñezgaitzak.

      Aita Arrupe'k gauza oso garrantzidunak esan ditu bere idazkian. Oiek berak Amerikako probintzi-aitaentzat esanak dira, jakiña, baiña beste errien jesulaguneri ere bai ezarri al dizkiegu, noski, besteak beste... Neri, jakingarrienak irudi zaizkidanak esango dizkizut bereala.

      Idazki onen ateratzen det, Konpañiaren goiko mailletan buru batzuek direla, prolema sozialaren inportantzi izugarria oraindik aditu eztutenak eta ori oso tamalgarria dala, Aita Arrupe'n iritziaz. Bestalde, klasismoa ta andiki-mentalidadea, oso sartuta direla oraindik zuen eskoletan, batzutan beintzat, eta ori len-bailen bukatu bear dala. Azkenean, jesulagunak nai-ta-naiezkoa dezutela zuen eginbideak berriz pentsatzea, abek, zuzentasunak eskatzen dunari erantzuten dioten ala ez, jakin dezazuten.

      Egia esan, kalte ta kezka oiek konpañian ez ezik, Eliza guztian arkitzen ditugu.

      Klaseko mentalidadeak galera ikaragarria egin dio Elizari, eta egiten jarraitzen dio ere, gure egunetan.

      Nere gaztearoan «minorías selectas» ziralako oietaz asko mintzatzen zan katolikuen barrutian. Jesulagunak, batez ere, jokaera ori oso zale ziran.

      Politika orren ondore txarrak gero agertu ziran. Gaurko gazteak elizatik aldegiten dira, gero ta geiago. Erlijiozko sendimenduak eztiete ezer esaten. Zuzenbidea ta aurrerapena, beste bidetatik iritxi nai dituzte. Materialismoak bereganatzen ditu. Batzuek, inteletualak batez ere, materialismo dialetikoari eta enpirismoari jotzen diote. Besteek, «dolce vita» ta atsegiñaren materialismoarengana aiertzen dira.

      Kristau askok eztute au sinistu nai. Lo daude edo ez ikusi egiten dute. Begiak zabaltzeko, oso komeni litzaieke Aita Arrupe'n idazkia irakurtzea. Baldin kristau oiek nai duten bidetik jarraitzen bagera, bost atso eliz-zulo, besterik ez dira geldituko elizetan, urte gutxi barru.

      Gaurko prolemeri arpegi emateko ideoloji modernu ta sendo bat bear degu. Naiz politikan, naiz pentsaera saillean lan izugarria degu kristauok, gure aurrean, egitekoa.

      Pesimista enaiz ni iñolaz ere. Gaurko materialismoak aterik eztu. Andienaz aurrera dijoa, gainbera dijoa, nere ustez. Gaurko olatuari, beste olatu berriak jarraituko diote. Ispiritu ta Misterioak, beren lekua berriz ere artuko dute gizonen artean. Bañan ortarako aldatze izugarri bat egin bear da.

      Nerekin bat etorriko zerala uste det. Agur aundi batekin.

 

  • Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).

  • Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).

  • Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).

  • Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es