Karlos Santamaria eta haren idazlanak

 

Marxista itxurazko inteletual bati

 

Zeruko Argia, 204 zk., 1967-01-22

 

      Zure artikuloa, Madrileko aldizkari batean atera dezuna, etzait guztiz ondo erori. Barka zaidazu orrelako kirtenkeria, baiñan eskutitz au irakurtzen jarraitzen badezu, ez ondo erortze onen zergatia laster jakingo dezu.

      Idazlearen legerik nagusienetako bat argitasuna izan bear dalakoan nago. Idazle batek, irakurleak ulertu dezan gisaz iskribatu bear du beti. Ez ikusi-makusitan ibilli.

      Badakit, sail ta mail asko direla idazkietan, eta, nik esan bear berria dedana, kasu bakoitzari dagokion neurrian, ezarri bear zaio.

      Zure pentsaera-egitura, zure arrazoiak erabiltzeko era, marxista da, agiriz. Bestalde, zure burua marxistatzat artzen dezun ala ez, nik jakin eztakit; orrek eztu ajolik, ordea. Marxista izateko eskubide osoa dezu. «Zuk zure lekuan egizu lo, nik neure lekuan egingo det-eta». Ontan ez datza nere koxka.

      Egia esan, zure izkerak aljebra berria dirudi; erdia, gutxienez, ulerturik gabe gelditu naiz, zure artikuloan. Zu ere teologua biurtu al zaitugu, edo?

      Zure idazkia irakurtzean, Elizaren izkerari buruz nik amaika bidez esandakoa bururatu zait. Baldin, gaurko munduari mintzatzeko ezin-ulertuzko izkuntz bat erabiltzen jarraitzen badu, zer egiñik bat ere eztu Elizak.

      Beste izkuntza, eskolastikakoa baiño ulergarriagoa, adi-errezagoa, erabilli bear dute Eliza-jendeak, oraingo guda ez badute galdu nai. Alaxe pentsatu det, aspaldidanik, eta, amabost urte da, ori esan nuala, «Centre Catholique des Intellectuels Français» agiriko batzar batean, «La Mutualité» «salle» dalakoan.

      Gero batzuek «batzar-nagusia», eta besteek «konzilioa» deitzen dutena, etorri zan, ta bai zorionez etorri ere. Eta, begira nun, batzar onen jo-mugarik andienetako bat orixe izan da, ain zuzen ere: Elizaren izkuntza aldatzea, moldatzea, egokitzea, gaurko munduak Elizaren irakaskintzak ulertu ahal dezan. (Sinistu edo ez sinistu, ori beste lelo bat da).

      Zuek, marxista itxurazko inteletualak, erabiltzen dezuten izkuntza, gero ta ulertzaillagoa da, berriz, eta au oso señale txarra da, nere iritzi apalean, egiazko erriaren gero ta urruñagoak zeratela adierazten dulako. «Círculo de iniciados» batentzat bakarrik idazten al dezute?

      Zenbat eta argiagoa izkuntza, ainbat eta garbiagoak marxista-kristauon arteko artu-emanak.

      Eta ez naiz ni bakarra ori pentsatzen duna.

      Marxista teorikoen izkuntzari buruz, au esaten zuen, izan ere, oraindik orain, Georges Lavau idazlariak, «Esprit» aldizkarian: «C'est un idiome très rigoureux, difficile, logique, qui place très vite le non-marxiste, esseyant de dialoguer avec le communiste, dans une situation presque sans issue».

      Orregatik, esan dizudan guzti orregatik, etzait ondo erori zure artikuloa. Utzi zazu, otoi, aljebra berri ori eta mintza zaitez... «kristaueraz».

      Espero det, eztezula nik esandakoa alde txarretik artuko, ni obe bearrez bait nabilkizu ta. Agur.

 

  • Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).

  • Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).

  • Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).

  • Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es