Karlos Santamaria eta haren idazlanak

 

Demokrazia

 

Zeruko Argia, 173 zk., 1966-06-19

 

      Gazte euskeldun batzuek etorri zaizkit, demokrazia dalako hori, zertan datzan galdezka.

      Egia esateko demokrazia nolakoa dan jakitea ez da erreza, gaurko egunean mota guzietako gobernuek bere buruak demokrazitzat agertzen bait dituzte. Hor daude, esate baterako, «demokrazi gidatua» ta «demokrazi herrikoa» deritzatenak.

      Gobernu-molde hoiek, demokrazi izena erabilli arren, bestelako iduria dute.

      Napoleon enperadorea izugarrizko demokrata zala esan dute batzuek. Herritik sortuta, herrian ezartzen zuen bere itxaropen ta maitasun guzia. Baita herriak ere, berari jarraitzen zion, gogo beroz, Prantziren handitasunez zoraturik zeudelako. Matxinada handiaren dotriña bereganatu zuen ta Europa guzian sartu nai ere. Bere burua jarri zuen giza-eskubideen zaiñ.

      Bañan nik ez det uste, gizon hura egiazko demokrata izan zedilla.

      Hitler'ek eta Mussolini'k sortutako gobernu-moldeak, demokratatzat agertzen ziran beti, bañan nik ezin sinistu dezaket jaun aiek benetako demokratak ziranik.

      Gaurko Nasser ta Bumedien'en gobernuak, demokratatzat artu bear al ditugu? Eta De Gaulle'n jeneralena? Eta Tito'rena? Eta Castro'rena? Auskalo!

      Komeni zaigu arau batzuek ematea, benetako demokraziak ezagutzeko.

      Lincoln Amerikako lendakariak, gobernu-molde bat demokrazi dan ala ez jakiteko, bi gauzei begiratu bear zaiela esaten zuen: agintariek, noren alde jokatu ta gobernu bera zeñen eskuetan dagonari.

      Â«Demokrazia da, herria, herriaren onez, herriak berak maneatzea». Olakoa zan Lincoln'ek esandakoa.

      Ba daude antziñako ta gaurko gobernuak, herri guziaren alde jokatzen ez dutenak. Agintariek bere xede ta aburu bereziei jotzen diete. Herriaren onura lortzen saiatu bearrean, klase, talde edo «klan» bereziaren alde bakarrik egiten dute bere lana. Honelako gobernuak tirania dirudite ta agiri dago demokraziak ez direla.

      Beste gobernuek, herriaren onura billatzen dute benetan, bañan herriak berak ez du agintaritzan parterik izaten. Hori da «despotismo ilustrado» zeritzaiona. Jauntxokeri argitsua, gure egunetan «aitakeria» deitzen dana da. Teknokrata deritzanek ala esan oi dute sarritan, berriz: «herritarrei baldin eskuratzen ba diegu zoriontasuna, zer eskatuko dute geiagokorik?». Hau sofisma izugarrizkoa da; gizonari dagokion libertadea kentzen baldin ba zaio, ezin ditzaioke eman egiazko zoriontasunik.

      Egia da, herri askok berekautz beren arazoei arpegi emateko, naiko kultura ta indarrik ez dutela ta, umeei gertatzen zaien bezela, gurasoen laguntza bear dutela. Hortik datozte «paternalismo» ta «proteccionismo» diralako hoiek. Bañan honelako gobernu-moldeak, igarokorrak ez izanik, argarritzat ezin euki ditzazkegu.

      Nik ez dakit Nasser, Castro ta beste horrelakoen asmoak zein diran. Bañan, zillegiak izateko, kondizio bat bete bearko luteke: herria, demokrazi jokuerako prestatzeko ta azitzeko al-egin guziak egitea.

      Hontaz aita Calvez'ek, bere «Démocratie et Participation» ensaioan, argi ta garbi esaten du herria bere etorkizunaren jabea izatea dala demokrazi baten zergatia ta oñarririk nagusiena.

      Eta Lincoln'ek berak: «Nola neri esklaboa izatea ez litzaidake atsegin izango, ala neroni esklabuen nagusia izatea ez nuke naiko iñolaz ere».

      Ori da, ustez, demokraziaren mamia.

 

  • Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).

  • Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).

  • Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).

  • Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es