Karlos Santamaria eta haren idazlanak

 

Egunetik egunera

 

Zeruko Argia, 156 zk., 1966-02-20

 

Otsaillak' 1. Europa ta gu

 

      De Gaulle lendakariari aserre-aldia igarota gero, badirudi berriro Europa bakuntzagana dijoala. Ez da gaur goizekoa bereganako amets hori, ordea, batasunaren bidea luzetxoa da oraindik, itxura duanez. Europa bakuntzatik zer uste dugu euskaldunok? Euskaldun geran aldetik begiratu bear dugu Europa arazoa, nai ta naiez. Orixe saiatu dira egiten amar euskal idazle, Jakin taldekoak, oraindik orain argitaratutako liburu batean. Gutun onek «Europa» du izena, ta oso dotore agertzen zaigu, gañera, azalaz ta guztiz. Tamala da, ordea, berandu xamar sortua izatea, egilleek idatzi zuten ezkeroztik aldatze asko izan bait dira Europa saillean. Nolanai ere, Jakin-tarren lana uts bat betetzera dator. Baita espero degu ere, gaurkoa asiera besterik ez dala izango ta, Europari buruzko, beste saio geiago emango dizkigutela, ugari ta laster. Beste gaurko eginkizun ta arazoei baño bost aldiz geiago begiratuko nioke nik Europa batasunari, gure auziak erabakitzeko ta korapillatzeko bide oberik ez bait dago noski. Nai bezain astiro, bañan bide horri jarrai bear diogu, gure nortasuna salbatu nai badugu beintzat.

 

Otsaillak' 5. Korapilloa

 

      Ederra da, baita sakona ere, Lachelier filosofoak esandako solas au: «Le monde est une pensée qui ne se pense pas, suspendue à une pensée qui se pense». Edo, euskeraz nolabait esateko: «Izadia da, bere baita gogoratzen ez dun gogo bat, beste gogotik, bere baita gogoratzen dunatik, zinzilik dagona». Ulertu al duzu, irakurle adixkidea? Aokorapillo bat dirudi, bai erderaz, bai euskeraz. Bañan, mundu au izugarrizko korapillo bat dalako, ortaz mintzatzeko, aokorapilloak erabilli bear izatea, ez da arritzekoa. Gauza ikaragarria da, benetan, ta guztiz neketsua, gizonontzat, jaiotzetik eriotzera, bizi guziaren zear, ainbeste korapillo desegin bearrak!

 

Otsaillak' 11. Politika ta matematiketak

 

      Kalkulari talde bat eratu omen da Paris'en, politikarekiko matematiketaz jardutzeko. Aita Dubarle jakintsua gai ontaz mintzatu zait oraintsu, baita neroni ere asmo hori oso garrantziduna irudi. Gerla ondoan sortu dan aljebra berriaren bitartez, kalkulo arrigarriak egin ditezke politika saillean. Adibidez, erri-iritzi, aukeratu-bosketa, diputaduen jokera ta agintasun antolamenduari buruz, «grafos» deritzan teoriak, amaika ondoren interesdun atera dezake. Bestaldetik «Estadistika matematika» izendako jakintzak, ezin sinistu ahal aurrerapen egin ditu ere, sail ortan bertan. Gallup ameriketar zientifikoa zalakoak, lenengo entseguak egin zituen, urte batzuek direla, Roosvelt orduko lendakari-gaia zanak, zenbat boza aterako zuen, alderatze handiakin sumaturik. Nolabait esaten duguna erakusteko, esango dugu ere, milloi batzuek biztanle ditun herri batean, jendearen bai-ala-ezko iritzia, gai jakin bati buruz, zearo ezagutu nai izan ezkero, milla terdi persona soilki dala bearrezko galdekatzea. Ortarako nolako moduz erantzuleak aukeratu bear diran jakitea ez da zallegia. Zoritxarrez politika maneatzen dutenak ez dituzte geienetan erriaren gura egiazkoak ezagutu nai izaten, ezaguntza horrek makiña bat buru-auste ekarriko liekelako. Matematiketak prest daude, ez baño borondateak.

 

  • Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).

  • Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).

  • Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).

  • Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es