Karlos Santamaria eta haren idazlanak
Ez erori diru-tentazioan
Zeruko Argia, 143 zk., 1965-11-21
Simone Weil «L'enracinement» izeneko liburua berriro irakurtzeko asmoa nuen aspaldi ontan. Atsegin da, noski, noizean bein bide ezagunen barrena berriz ibiltzea. Idazti zaharra, lagun jatorra.
Liburu argitsu au eskuetan artu ta neronek ipiñitako makiña bat oarketa ta azpi-marra arkitzen det bere orrietan:
«Gaurko gizonak erroztapena du premiarik nagusiena» —dio Simone Weil'ek.
Eta beste tokian: «Lurraren berotasuna galtzea gaxotasunik andiena da, oraingo jendetan».
«Déracinement» deritzaion politika Europa'ko gobernuen politika izan da luzaro. «Zuri kolorezko gizonak sustraiak iltzen eta joandako atzak ezeztatzen jardun dira, zozoki, itsutuki, beren errietan bezela bestetan ere».
Gure errian, ere bai, badira asko giza-erroztapenari garrantzi andirik ematen ez diotenak.
Beren ustez, gaurko egunean arazorik nagusiena ekonomi-aurrerapena da.
Industria jasotzeko, jendeak beren jatorrizko lurretatik atera ta gizakiak molekulen antzera maneatu bear ba dira ere, bost ajola zaie. Biziera-mailla geitu ezkero ez diote errien nortasunari begiratzen.
Ekonomi-zale oiek gure jakintzaren alde ezer egiten saiatu oi geranok, kijote edo zozotzat artzen gaituzte.
Beren ustez, euskera galtzea ez da kaltegarri, oso oneratsua baizik. Euskera piztutzeko lan egitea ez da zentzu-lana, izkuntza zarra illa dagolako, ta ondo illa gañera.
Euskaldunok unibersalak izan bear degu. «Ciudadanos del mundo tenemos que ser». Ortarako euskera eragozpen andia da. Gaztelera ondo erabiltzeko euskera ahaztu ta baztertzea degu jokabiderik onena.
Gero, bear bada, gaztelera utzi ta ingelera, esperantoa, txinoera edo egokiena irudiko zaigun izkera artuko degu. Zein da izkuntzarik egokiena? Diru geiago irabazteko balio duana.
Izkuntza bakoitzak bere arima berezia daukala ez dakite-ta, bata edo bestea aukeratzea berdin zaie gizajoei.
Izkuntza, oiturak, erri baten baloreak, ta guzi ori, «folk-lore» edo «polÃtica» besterik ez dala pentsatzen dute. Eta badakizute orrelako jendek «politika» itza erabiltzen dutenean gauza txarra ta iguingarria esan nai dutela.
Berak esaten dutenez, ekonomia'k bere legeak izan eta lege auek nai ta naiez bete bear dira. «Sentimentalismo» guziak alde batera utzita, dagokion neurriak artu bear dira, planifikazio-teñikak agintzen dun bezela, gure erria geroago baño geiago aurrerapenari jarraitu dakion.
Adibidez, Euskal-erriaren nekazaritza orain baño produtiboagoa egiteko, bost baserrietatik lau kendu ta gañerako geienetan beste lurretatik ekarritako sendiak jarri bear dirala esaten dute. Au, baserriaren salbazioa deitzen dute jakintsu auek. Nik ez nuke ori salbazioa deituko, betiko madarikazio ta kondenazioa baño.
Onela pentsatzen dutenak ez dira, ez, materialistak, ez marxistak, ezta ere kapitalista porrokatuak, baño gidari kooperatibista diralako kristau zintzo batzuek.
Errorik gabeko gizona, «l'homme déracine», oso txoragarriko gizona dala-ta errotik ateratzean kalte izugarri bat egiten zaio gizonari. Nik esaten dizutena au da, idei oiekin marxistak erortzen diran tentazioan bertan erortzeko arriskuan zeratela.
Ekonomiak oso garrantzi andia dauka, ezin duda. Fabrika ta kooperatiba sortzea ederki iduritzen zait. Bañan biziaren mamia erroztapena ta nortasuna dana, lenengoa zaindu bear degu. Erriaren baloreak gorde ta ugaldu bear ditugu, dirurik ematen ez badute ere. Eta gizon ikasiarentzat au da, nere uztez, lenengoetako eginkizun bat, emen eta Pekiñen.
Ez zaitezte izan marxistak eta kapitalista porrokatuak bezelakoak, diru ta ekonomiaren morroiak; baizik izpirituaren serbitzari azkatuak.
«L'argent détruit les racines partout où il pénètre», dio Simone Weil'ek.
Kontu gero, adixkideok!
Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).
Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).
Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).
Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).