Karlos Santamaria eta haren idazlanak

 

Odol kolorezko planeta

 

Zeruko Argia, 100 zk., 1965-01-24

 

      Omen txarra izan du, bai, astrologoen artean, Marte izarbel gorriak. Berari ezarri zaizkio antziñatik Lurrean sortzen diran zorigaitz, guda ta diabrukeri guzien errua, gure eguneon atomo-bonbaz gertatzen dan bezelaxe.

      Oraindik orain «Almanaque Hachette'k» Paris'etik esaten digu aurten ere kontuz ibilli bear degula, batez ere loreilleko sasoian, orduezkero Marte ta Uranok gure kontraz beren indarrak bildu egingo dituztelako.

      Begi zorrotz, gero!!

      Bai, jende sinplearentzat edozein gisako arazoetan, erruduna arkitzea bere lenengo lanbidea izan oi da. Arkitzea, madarikatzea... ta kito! Ala da munduko martxa!

      Dana dala, astrologokeri guzi oiek alde batera utzita baliteke urte berri ontan, Marte planeta guztiz nabaria izatea mundu-iritziaren aurrean.

      Uztaillaren 5'en inguruan Mariner IV satelitea Marte'ri alboratuko zaiola badakizute. Azaroaren azkeneko egunetan Cap-Kennedy'n tresnatu ta abiatuta izanik, oker xamar ibilli zan asieran, bañan orain, dirudienez, injinadorek bere dagokion noruntzkora biurtu dute eta Marte'n zazpi milla kilometru urren igaroko da bere sasoian.

      Marte'ko izkutuak baliteke garai ontan argi ta garbi azaltzea.

      Gure mutil denboran Marte urbideen korapilloak naiko zer esanik ematen zigun noski. Zenbaitek urbide oiek biztanle argiek egiñakoak zirela siñestatzen zuten.

      Ni bezelakoa, alegia, Jules Verne ta Flammarion'en irakurle porrokatuak giñan ikasle gazteoi, lillura ta amets miragarrietaz betetzen ziguten idurimena horrelako buruausteak.

      Ez dut sekula ahaztuko, ez noski, «La pluralité des mondes habités» eskuetara etorri zitzaidan lenengo aldia, Liburutegi munizipala zaharrean. D. Praxedes Diego Altuna Liburutegiaren zuzendaria geneukan, denbora artan, beintzat, errepublikano zintzo ta jatorra, eta gurentzat, orduan ikasle mutiltxo giñanok, gizon bakarra ta jakintsuenetakoa.

      Orain «egia» jakingo dugu, apika, izarbel ortaz. Urbide famatu oiek zenbat kilometru izan ta zer otz-berotan egoten diran, Mariñel laugarrenak esango digu bear bada datorren udan.

      Bañan hori jakiteak gure gaztearoko mixterioaren gozorik ez digu senditu araziko. Orain baidakigu, planeta bat, odol kolorezko izan arren, planeta besterik ez dala.

 

  • Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).

  • Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).

  • Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).

  • Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es