Karlos Santamaria eta haren idazlanak

            | hurrengoa

 

Gaurko arazo ederra

 

Jakin, 19 zk., 1965

 

      Gregorio XVI'ak «Mirari vos» izeneko enziklikan; Pio IX'ak «Quipluribus» ta «Quanta cura» famatuetan eta, batez ere, «Syllabus» izena dun agerian; Leon XIII'ak «Diuturnum», «Inmortale Dei» eta «Libertas»-en; Pio X'ak, «Lamentabilis sane exitu», «Pascendi» ta «Dominici gregis» enzikliketan —beste idazki asko aitatu gabe— gai berari buruzko Elizaren pentsaera ao batez zabaldu ta erakutsi dute.

      Baditugu gero Pio XI eta Pio XII'ren irakasketa ugari ta argaiak beren aurrekoen dotriñak egietsi ta indartu egiten dituztenak.

      Urteak zear emandako idazki guzi oietan Elizaren pentsaera argi ta garbi ikusten da. Laizismoa, liberalismoa, konzientzi ta kultoen askatasuna ta beste orrelako jokabide ta irakaskintza, katoliko pentsaerak ezin egosi ta kondenatu bear ditu nai ta naiez. Ontaz, guziak bat datozte, bestela egunari gaua deitzea izango litzakela-ta.

      Bañan kondaira ez da ontaz bukatzen, eta gauzak ez dira orren sinple ta errezak ere.

 

* * *

 

      Naiz ta iraunkorra ta betikoa izan, Elizak, Edestian egon bear duan ezkero, mundu aldakor ta mugikor ontatik aterako ekaiekin, alegia, ludi ontatikako jende, izkuntza, era ta ideiekin egin bear du bere eginkizuna. Errietako gogoak ta ideolojiak, oiturak ta arazoak aldatu egiten diran aranaz, Elizak ere Edestiari jo bear dio, bere mixioari ez utsegitearren.

      XIX'garren mende ezkero ere gauzak asko aldatu dira munduan. Gaurko gizadiaren arriskorik andiena liberalismoa ez da, ez baizik materialismoa ta totalitarismoa.

      Badaude ahal ta indar larriak personaren eskurik ezagutu nai ez dutenak, ezta ere izpiritu ta erlijioren egipideak. Baliteke biar edo etzi Hitler berri bat sortzea giza ta mundu guzia menperatu nairik. Noraño eldu ahal litzaken, bide ortatik, giza-libertadearen etsaiak, ez dakigu, gaurko teknikaren ahalak izugarri andiak bai dira.

      Gaurko demokraziak arrisku orri gogor-egin nai diote-ta agerian dago oraingo demokrazi oiek, ez antziñako liberalismoari baizik beste joku berriari ekiten diotela.

      Politiko-iztegi bera guziz aldatu da-ta ezin aspaldiko itz berak erabiltzen jarraitu diteke. Gure jende geienak ezin ulertu lezakete Pio IX'ak ospatutako dotriñaren esanai egiazkoa, 1840'garren urteko itzak sentsurik ere ez dutelako gaurko gizon-emakumentzat.

      Lenengo liberalen ustez erlijio libertadeak indiferentismo, siniste-ajolagabetasun ta sinisgabekotasunean zeukan oñarri nagusia. Ori egiazko ereji bat izan-ta Elizak kondenatu bear zuen, nai ta naiez. Eguneon berriz, gaiari beste aldetik begiratzen zaio. Gizona, nai duna sinisteko edo ez sinisteko Jainkoaren aurrean libre ez badago ere (Egia bakarra dala-ta) iñork ez du eskubiderik giza barreneko itzaldi ta artu-eman ontan sartzeko. Au ez daukagu erejitzat, ez baizik itxasoa bezain andiko egitzat.

      Gaurko arazoa au da. Bi aldetako ideolojiak —gauzak errazteko «espiritualismoa» ta «materialismoa» izendatu ditzakegunak— buruz buru arkitzen dira-ta batek edo besteak garaille ateratzeak, biarko munduari oso ezberdiñeko abiadura eman lezaioke.

      Elizak egokera oni arpegi eman bear dio eta ontarako beste erlijioekin batasun andi osatu bear du len bai len. Onelako jokuaren arau ta lege nagusia elkarrekiko leialtasuna ta erlijioko pluralismoaren jokabidea izan bear du. Ezin lezateke ordu ontan jende erlijiodunak elkarri burruka egin.

 

* * *

 

      Mugimendu ta aurrerapen bear ori bi iturburuetatik datorkio Elizari.

      Lenbizi, Edestiarengandik, arestian ikusi degunez. Eliza bere muiñean beti berbera dala ere, Edestiko leku-denbora igeskorran barrena bizi da ta inguruetako elementoak artu ta erabilli bear.

      Bañan bear orrek beste jatorri nagusi bat badu, bere barnean bertan datzan indarra dana. Barneko indar ta abiadura onek ez dio Elizari beñere egonaldirik laketzen.

      Aro guzietan, Jainkoak maixu ta santu berriak, bakoitza bere jatorrizko berritasunarekin, sortu arazi ditu Eliza barruan, bere sasoian. Kristau espiritualidadeak orrelako bideen bitartez amaika arpegi berri azaldu ditu, geroago baño ugariagoak, Kristo-etorkiaren aberastasuna erakusten digutenak.

      Â«Eliza ezta sekula arriztuta gelditzen —esaten zuen Pio XII'ak, 1946'en urtean— Aro eta mendekotako bideari jotzen dio etengabe, baita aldi ta ordu bakoitzari egokitu ere. Au da bere egokierazko lege sakona, batzuek oportunismotzat jotzen dutena, ain asmo ederra susmatzeko gai ez diralako».

      Egokierazki lege au oso gauza garrantziduna da, Eliza biziaren gaurko gertaerak ulertzeko.

      Oraingo ordua ekumenismoaren ordua degu. Makiña bat teologo asi da gure munduko baloreak saiets guzietatik begiratzen, naiz ta balore oien arteko batzuek katolikoak ez izan ere, estima andia merezi dutelakoan.

      Lan orri jarraitzeko bearra baño bearrago da erlijioko libertadearen problema argiratzea.

      Gizon-Egia elkarrekiko artu-emanen Teolojia, osatu ta sakondu bear da oraingoan. Ori da gaurko arazo ederra; ta ziur gaude Batzar nagusiak ez diola ontan biotz oneko jendeen usteari utsik egingo.

 

            | hurrengoa
  • Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).

  • Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).

  • Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).

  • Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es