Carlos Santamaría y su obra escrita

Índice

Aitzin-oharra

1. Matematikagintza Hego Euskal Herrian. Unibertsitatearen beharra

1.1. Espainiako agintea Euskal Unibertsitatearen aurka

1.2. Euskal Unibertsitaterantz lehen urratsa: Centro de Estudios Científicos

1.3. Mende hasierako matematikagintza Espainiako Estatuan

2. Matematika modernoaz. Santamariaren matematikarekiko ikusmoldea

2.1. Matematika puristari eta formalistari kritika

2.2. Geometriaren eta analisiaren bateratzea eta 'ezagutzaren matematizatzea'

2.3. Matematikaren didaktika

— 2.3.1. Adar matematikoen arteko lotura matematikaren irakaskuntzan

— 2.3.2. Matematika elementala/goi-mailako matematika bereizketaren erlatibizatzea

— 2.3.3. Arazo matematikoa: matematikaren irakaskuntzaren muina

3. Santamariaren ekarpen matematikoak

3.1. Plano proiektiboen propietate topologikoak

3.2. Bigarren doktore-tesia: espazio abstraktuaren axiomatika

3.3. Beste zenbait ekarpen matematikari gisa

3.4. Matematika oinarri kultural gisa

4. Matematikaz haraindi: zientzia eta giza fenomenoaren ikerkuntza

4.1. Natur zientzia vs giza zientzia

4.2. Giza espirituaren murrizgaiztasuna

4.3. Jakituriaren beharra zientziagintzan

4.4. Zientziaren krisia. Zientzialaria, aditua ala jakituna?

5. Aldakuntza zientifiko eta teknikoaren pentsamendua

5.1. Zientzia, teknika eta gizartea: inplikazio etiko eta sozialak

— 5.1.1. Teknikaren onurak eta gaitzak: 50eko hamarkadako krisia

— 5.1.2. Eraginkortasuna, balio nagusia: gizatasunik eza

— 5.1.3. Humanismo teknologikoaren aldarrikapena

5.2. Zientzia, teknika eta ingurumena: energia nuklearraren kasua

— 5.2.1. Bonba atomikoaren eragina

— 5.2.2. Energia nuklearraren erabilera 'baketsuaz'

5.3. Zientzia, teknika eta espiritualtasuna: kristaua eta teknika aurrez aurre

 

    Zientzia, teknika eta gizartearen arteko elkarrekintzari buruzko Santamariaren gogoeta aztertzeak badu berebiziko esanahia. Batetik, gogoeta horrek islatzen duen pentsamendu-gorputz bortitzagatik, urte asko eman baitzuen Santamariak gaia jorratzen, garaiak ezagutzen zuen zientziaren eta teknikaren garapen azkarrari begirada ezin ukatuz. Bestetik, Santamariak parada ezin hobea ematen digulako gerra aurreko-osteko Hego Euskal Herrian eta Espainian zientzia-elkartearen eta zientziaren beraren ezagutzarako azterketa soziologikoa egin ahal izateko, zientzia ez baita, sarritan pentsatu ohi denaren aurka, kultura-, gizarte-, politika- eta ekonomia-baldintzetatik at bilbatzen den giza jarduera. Eta ez soilik, beste askori legez, Santamariari ere gerrak erabat aldarazi ziolako bizibidea, matematikariarena alegia, Santamariak bere sinuan inork gutxik legez agertzen dituelako baino dagozkion gizartearen baldintzapenak eta, oroz gainetik, bere errotiko era askotako menpekotasuna.

    Atal honetan bi aldeok aztertuko ditugu: Santamariaren matematika, eta haren hausnarketa zientziaren, teknikaren eta gizartearen arteko elkarrekintzaz. Lehenari gagozkiola, Santamariaren uzta intelektualean bere matematika-lana gutxiagotuko duenik ez da faltako. Izan ere, arlo horretan jorratutakoak haren bizitzaren urte bakan batzuk besterik ez baititu hartu, errepublikaren urteak hain zuzen, tesia gerra ostean irakurri bazuen ere. Eta kointzidentzia horrek badu esangura sakonik arestian adierazitako zerbaiten ildotik. Jakina denez, frankismoaren lehen garaiak agortu egin baitzuen Espainia osoan ingurune intelektual eta unibertsitarioa pizteko eta garatzeko ezinbesteko ezein baldintzapen material eta kulturalik. Are gehiago Hego Euskal Herrian, non agorpen hori bertako hizkuntza eta kultura itoarazteraino iritsi baitzen. Hein batean, 1936ko Altxamenduak eman zion amaiera Santamaria gaztearen ikerkuntza matematiko aktiboari. Frankismoak ezarritako sisteman ez baitzegoen tokirik ikerkuntzarako, diskurtso erretorikoan eta autolaudatorioan ez bazen. Ez gara esaten ari sistema totalitarioak eta zientziagintza berez elkartezinak direnik. Hamaika adibide aipa genitzake. Esaten duguna da, Merton-ekin batera, zientzia-elkarteak artikulatzen dituzten balioek —ez guztiak epistemikoak, praktikoak ere bai[1]—, eta gizarte erakundeen balioekin potentzialki kontrajarriak direnak, gordinago erakusten dutela kontrajartze hori, erakundeok sistema totalitarioari dagozkionean. Frankismoaren sistemaren balioak nekez zetozkeen bat aspaldi Mertonek bere «Zientziaren egitura arauemailea» artikuluan zientziaren balio nagusitzat identifikatzen dituen —era idealean ez bazen ere eta beste garai batean— unibertsalismoarekin (vs nazio-bereizkeria), komunismoarekin (vs jakintza zientifikoaren jabetza pribatua), interesik ezarekin (vs aplikagarritasunari eta etekinari lehentasuna ematen dien ideia) eta eszeptizismo sistematikoarekin (vs ortodoxia)[2]. Sistema totalitarioek biziki areagotzen dituzte balio horien kontrako jokamoldeak, zientzia nazionalak sortuz (Fisika germaniarra, Biologia proletarioa...), epe motzeko erabilgarritasunari erabateko lehentasuna emanez, ikerkuntza teoriko 'hutsarena' zokoratuz Alemania nazian legez[3], etab.

    Egoera horrekin egingo du talka Santamaria matematikariak. Hor amaitzen dira haren matematikako sorkuntza-lanak, eta epe luzez apaldu jarduera teorikoarekin Santamariaren egitasmoaren baitan bat zihoazen Euskal Herrian zientzia-ikasketak unibertsitate-mailan instituzionalizatzeko ahaleginak. Ezen Santamariaren lan matematikoa ahalegin horiek sorturiko esparruan emana baita; eta, alderantziz, instituzionalizazio-ahalegin hori piztu eta indartzeko egina.

    Ildo horretatik, lan honen lehenengo atalean, XX. mendearen lehen herenean matematikagintzak Hego Euskal Herrian eta Espainian bizi zuen egoera aztertuko dugu, Santamariaren ikerketa-jardueraren testuingurua kokatzearren. Espainiako Estatuko erregimen totalitarioak Euskal Herrian Unibertsitatea eraikitzeko jartzen dituen oztopoen aurrean, Santamariak Centro de Estudios Científicos elkartea sortuko du, herri honetako matematikagintzari eta, oro har, zientziagintzari bultzada berri bat eman asmoz. Bigarren atalean, Santamariak (Klein, Enriques eta Rey Pastor irakaslearen ildotik) matematika formalista hilbertiarrari eta bourbakismoari egiten dion kritika aztertuko dugu. Horren ondoren, matematikaren ikusmolde berri bat gauzatzen da, adar matematiko anitz bateratzen saiatzen dena, arazo matematikoei eta beste zientzia alorrekiko aplikazioei lehentasuna ematen diena. Ikusmolde berri horrek, jakina, Santamariarentzat berebiziko garrantzia duen matematikaren didaktikaren eredu berri bat ekarriko du. Hirugarren atalean, Santamariak 30eko hamarkadan burututako ekarpen matematikoak aztertuko ditugu. Batik bat haren bi ikerlan landuko ditugu: lehena plano proiektiboen propietate topologikoei buruzkoa eta bigarrena espazio abstraktuaren axiomatikari buruzkoa. Santamaria matematikariaren jarduna, ordea, moztu egiten da urte horietan, eta beste maila anitzetako alorretara bideratzen da. Ikusiko dugunez, ezin da Santamaria matematikaria Santamaria zientzia, teknika eta gizartearen arteko elkarrekintzen pentsalaritik bereizi. Laugarren atalean, beraz, zientziak, jarduera eta gorputz legez, giza fenomenoarekin duen harreman estuaz Santamariak duen ikusmoldeaz arituko gara. Gizakiaren espezifikotasuna eta giza espirituaren murrizgaiztasuna aldarrikatu ondoren, Santamariak filosofia pertsonalistan oinarritutako jakituria baten beharra aitortzen dio zientziari. Hots, balio moral gorenak irizpide gisa biltzen dituen ikusmoldeak gidatu beharko luke zientzia. Izan ere, bosgarren eta azken atalean ikusiko dugunez, Santamariaren aburuz mende honetako zientziak eta teknikak inplikazio etiko eta sozial ekidinezinak ditu. XX. mendeko bigarren erdiko zientzia krisian dago (energia nuklearraren kasuak, esate baterako, argi uzten duenez); horri aurre egiteko, Santamariak proposatzen duenez, giza espirituak balio moraletan oinarritutako gorengo jakintza bat sortu behar du, zientzia eta teknika helburu gizatiarretara gidatuko dituen humanismo teknologikoa, alegia. Beraren ustez, teknikaren eta espiritualtasunaren batasuna ekarriko lukeen egitasmo horren erantzukizuna pentsamendu kristau-pertsonalistari dagokio, hain zuzen ere.

 

[1] Ikus balioen tipologia baterako, Echeverría, J.: 1995, Filosofía de la ciencia, Madril, Akal, IV. atala.

[2] Merton, R.: 1973, The Sociology of Science, New York, The Free Press (gazt. La sociología de la ciencia, Madril, Alianza, 1977).

[3] Horrela, Bieberbach-en eta matematikari nazien programak matematika formalista, 'abstraktuegia' eta 'hutsegia' zena, baztertzen zuen iraultza nazional-sozialista, matematika alemaniarraren mesedetan, intuitiboagoa eta arazo 'errealei' zein irudi geometrikoei lotuta zegoena. Ikus honetaz, Mehrtens, H.: 1987, «The Social System of Mathematics and National Socialism: A Survey», Sociological Inquiry 57, 159-182; 1987, «Ludwig Bieberbach and Deutsche Mathematiker», in E.R. Phillips (arg.): Studies in the History of Mathematics, MAA Studies in Mathematics 26, The Mathematical Association of America, 195-241.

 

  • El sistema de búsqueda busca una sucesión de letras dada (no funciona con lematizador y no realiza análisis lingüístico).

  • Busca las formas que comienzan con la sucesión de letras dada, y no contempla dicha búsqueda en interior de palabra (el resultado de la búsqueda barc será barca, barcos, Barcala, Barcelona, barcelonesa..., pero no embarcación, embarcarse...).

  • Se pueden buscar sucesiones de palabras (pacifismo cristiano, por ejemplo, o partido comunista francés).

  • Es posible especificar el corpus: solo en textos en castellano / solo en textos en euskera / en todos los idiomas (euskera, castellano y francés).

Nodo: liferay2.lgp.ehu.es