Carlos Santamaría y su obra escrita

anterior |            

 

Prentsa

 

     Prentsari buruz Karlos Santamariak ez du asko idatzi. Idatzi duena, oker ez banago, ia osoki euskal prentsa dela-eta egin du.

     Prentsan Karlos Santamariak asko idatzi du, mila bat idazlan plazaratu ditu han-hemengo halako eta holako komunikabideetan. Idazle profesional ez den batentzat asko da. Erdaraz idatzi du gehiena, baina mordoxka bat du euskaraz.

     Euskal komunikabideetan idatzi bai, baina ez hori bakarrik: bere jakituria, bere «izen ona» erabili du horiek sortzeko eta indartzeko, batez ere Zeruko Argia-n eta Jakin-en; eta, azken orduan, Euskaldunon Egunkaria-n. Eszeptiko, «fedegabe» eta ezkor guztiei parean fedea jarri die Karlos Santamariak. «Fedea eta obrak». «Fede gutxiko gizon aiek amaika eragozpen ikusi arazten ziguten», dio berak 1966an Zeruko Argia-ren 200. zenbakia ateratzean. Euskarazko komunikabideetan Karlos Santamaria ez da idazle soila, partaide ere bada.

 

Erdal prentsa eta aldizkariak

 

     Karlos Santamariak prentsan idatzi duenaren (ia) %90 erdaraz idatzi du, gaztelaniaz eta frantsesez. Liburu eta saioetan are handiagoa da erdal produkzioaren gehiengoa.

     Prentsan sistematikoki kolaboratzen La Voz de España Donostiako kazetan hasi zen, 1945 aldera. 7 urtean 30 bat artikulu idatzi ondoren, Ya egunkarian hasten da, 1953 aldetik 1958 aldera bitartean 30 artikulutik gora idatziz. Eta asteroko idazle gisa El Diario Vasco egunkarian finkatzen da «Aspectos» sailarekin: 550 lankidetza eta gehiago ditu hemen, 1956-1968 bitartean %70 eta 1980tik (Eusko Kontseilu Nagusia utzi ondoren) 1983ra bitartean %30. Geroztik, 1985etik aurrera, «Puntos de vista» sailean ere makina bat artikulu idatzi ditu. Ez da dudarik: «Aspectos» sailak markatzen du Karlos Santamariaren estiloa: maisuki menderatzen du artikulu mota hori, labur, bizi, iradokizunez betea, kritikak esan baina tentuz adierazi , neurriz, erabilera fina, kritika estalia aiseago eginez.

     Aipaturiko organoetan ez da agortzen, hala ere, Karlos Santamariaren artikulugintza. Frantziako eta Espainiako komunikabide gehiagotan ere bere lanak argitara eman ditu, hala nola, El Ciervo-n, La Croix-en, Semaine des Intellectuels Catholiques, Criterio, Documentos, Pax Christi eta beste 50 bat aldizkaritan, denetara. Lan-barreiaketak badu esplikazio bat, erraza: Donostiako Solasaldiak tarteko eta Pax Christi-ko idazkari internazionala izanik, organo ugarik haren lankidetza eskatu ohi zuten. Nazioartean ez zen nornahi Karlos Santamaria, bistan da.

 

Euskal komunikabideak

 

     Karlos Santamariaren kazetari-ekoizpenaren %10 bat izan da euskaraz. Bestalde, nahikoa berandu hasi zen euskaraz, 50 urtetik gora zeuzkalarik. Konpentsazio gisa esan behar da, ordea, sartzen denean buru-belarri sartzen dela. Alegia, idazten eta kazetari-proiektuok bultzatzen, sustatzen.

     Karlos Santamaria 60ko hamarkadan hasten da euskaraz idazten. Zeruko Argia-ren deiari erantzunez bai, baina batez ere barruak agintzen ziolako. Bere lehen artikuluan ongi adierazten ditu erabakiak zekarzkion gainditu beharreko traba ugariak: lasaitasunari eta alferkeriari uko, euskaraz idazteko zailtasunari beste hainbeste eta ustezko irakurle-faltari jaramonik ez. Egoera horren aurrean, idazteari ekiteko bi gauza behar dira: Maitasuna eta Fedea.

     Esan bezala, Zeruko Argia-ko zuzendariak deituta hasten da Karlos Santamaria lanean.

 

Ni, bada, egunkarietako lana utzita oso trankil nintzan eta ez nuen usterik joku berari berriz ekiteko. Bitartean, burutik oñetara euskera liraiñaz asteroko maitagarri au ustekabez ageri zitzaigun. Zuzenlaria, jakiña, batetik bestera laguntzaren eske ibilli bear eta zirikatzera etorri zitzaidan ea nik ere artikulotxo bat edo beste egingo nion. Au ateka! Lenengo lana gaitza izan bazan oraingoa gaitz t'erdi[114].

 

     Lur onean erortzen da Agustin Ezeiza zuzendariaren hazia, Karlos Santamariak berak aurretiaz baitzuen alor horretan sartzeko gogoa. Nekeak ditu euskaraz idazteak, ordea, eta «geroko gerotan» atzeratzea da beti ere tentazio. Heldu egin behar, baina, halako batean.

 

Egiaz, euskal literaturari jotzeko usteak aspalditik lilluratzen ninduen eta saiatu naiean nintzan. «Au da abiatzeko garaia, gizon»? danok gure barruan eramaten degun etsaiak esan zidan. Eta alperkeriaren soinuari jaramonik egin gabe, prailleari baietz erantzun eta egingo nituela esan nion. Ongi edo gaizki egin nuen eztakit. Euskeraz izkiratzea neke gorria da neretzako eta baliteke Aitorren izkuntza agurgarria nik gurutzefikatzea. Nolanai ere, euskerak «gurutzefikazaille» naiko baditu eta geiagoko bat eukitzeak ajolarik eztiola pentsatu det[115].

 

     Erabakia hartu eta arazoak ez dira bukatzen, ezta hurrik eman ere. Arazotan latzenak zutik dirau: zergatik eta zertarako euskaraz idatzi, baina? Horixe da, izan ere, nagikeria, ezkorkeria, uko eta atzerapen gehientxoenen atzean dagoen «aitzakia». «Fededun» baten erantzuna du hor Karlos Santamariak.

 

Euskeraz izkiriatzea zertarako balio digun galdetuko du batek baño gehiagok.

       Or bertan dezute gai ontako abantailla aundiena, bere ezereztasun agerian, alegia. Iñora eramaten ez duten bidea, ezer balio ez duten lanak, onenak eta ederrenak dira sarritan, batez ere maitasunez egiten badira.

       Eztakik zeñek esana eta Salbatore Mitxelenak bere Unamunori buruzko liburuan berresana, 350'txo euskal irakurle besterik ez izatea egia izan diteke, eta apika zenbaki ori aundiegi iruditzen zait.

       Bañan orrek zer ajola digu? Platon eta beste jakintsuak zenbat irakurlentzat idatzi zuten beren denboran?

       Bizi osoan letore bakar batentzat maitasunez idaztea, etzan denbora galdurik izango beintzat.

       Fedea, Fedea ta Mandatua bear dira eta irakurleak, ugarituko dira. Euskal iturburura edatera millaka etorriko dirala esaten dizutet[116].

 

     Horrela, bada, hona non datorren «umil eta apal» ofizio berriarekin euskal letren plazara Karlos Santamaria, 54 urteko gizona, Donostiako Solasaldien «alma mater» izan berria, Pax Christi-ko Idazkari Internazionala zena, irakasle famatua Donostian. «Emen umil eta apal asiberritzat nauzute bada. Euskal-idazle guzien artean azken-azkenekoa izanakin ofizio berri ontan ez dakit nola konponduko naizen»[117].

 

Zeruko Argia

 

     Esan bezala, Zeruko Argia-n hasi zen euskaraz idazten Karlos Santamaria. Ehun artikulu eskas idatzi ditu, denetara. Horietatik gehienak «Dizdirak» sailean eman zituen 1963tik 1967ra. Urte horietan «Eskutitzak» sailari heldu zion eta 1969an «Kezkak» izenekoari, baina hartan ez zen horren luze ihardun.

     Kultura, ideiak, politika, erlijioa, gizarte-gaia, euskara... era guztietako arazoak izan ohi zituen idazgai. «Gauzak» esatera etorri zen euskarara Karlos Santamaria, eta ez «euskara lantzeko». Bi eratako euskal idazleak bereizten ditu berak Zeruko Argia-n idazten hasi eta handik gutxira: idazgaitzat euskara daukatenak eta zerbait esateko daukatenak. Bigarren idazle mota horren aldekoa dela Karlos Santamaria zertan esanik ez da:

 

Or datza, bai euskeraz bai erderaz, literatura baten neurri nagusia: gauza mamitsuak ta garrantzidunak esateko nor izatean. [...] Naiz euskeraz naiz txinaeraz, auxe izan behar du idazlearen jokabideak: «gauzak» esatea[118].

 

     1963an, Zeruko Argia asteroko «berriaren» lehen lantaldean sartzen da Karlos Santamaria.

     Agustin Ezeizak jarri zuen martxan astekaria, traba ekonomiko, juridiko, erlijioso eta sozial guztien gainetik. Babesle, kontseilari eta lankide batzuk behar zituen inguruan. Zenbait euskaltzalerengana jo zuen. Hasierako lantalde horretan zeuden, adibidez, Karlos Santamaria, Jose Migel Zumalabe, Gurutz Ansola, Jose Salegi, Jose Mari Lasarte, Pedro Arregi, Aingeru Irigaray eta beste. Karlos Santamaria eta beste zenbait astero bildu ohi ziren astekaria kritikatzeko, antolatzeko, etab. Hortik gorako lana zuzendariarentzat gelditu ohi zen. Aktiboenetakoa, Karlos Santamaria zen, bera eta Rikardo Arregi. Jakin-en bezala hemen elkarri eskua emanda zihoazen Karlos Santamaria eta Rikardo Arregi.

     Kaputxinoen menpeko aldizkari erlijiosoa zenez, Karlos Santamaria intelektual katoliko ezagunaren presentzia hutsak babes handia eskaintzen zion urte horietan. Barrura begira egin zuen lana baino gehiago azpimarratu nahi dugu kanpora begira egindakoa, arrazoi sinple bategatik: frankismo garaian aldizkari hauek hari mehe batetik zintzilik zeuden beti, zentsura zela eta ez zela. Zentsura arruntaz gainera, euskal aldizkariok bazuten beste eta bestelako muga: gaiarena. Ezin zen euskaraz edozein gai erabili, erlijiozkoa eta lokalaz aparte. Euskaldungoak, aldiz, horrez gainera beste asko eta bestelakoak eskatu ohi zituen. Gaiaren muga estu horietatik ateratzea eguneroko ogia zen. «Transgresio» horiek konpontzeko orduan Karlos Santamariaren itzala, agintari erlijioso eta politikoen aurrean, itzal handia zen.

     1963ko Zeruko Argia apustu eta desafio moduko zerbait zen, Karlos Santamariaren hitzetan. Sinesgogor asko zegoen euskaldunen artean, etsitakoak ez gutxiago. Astekari batek erronka zirudien, eta ez desafio (erronkaren konnotazio negatiboak azpimarratuz). Dena zen gaindiezineko arazo: dirua, euskara, zentsura, idazleak eta gaiak. «Nork sinistuko zuen, urte gutxi dala, euskal-astekari bat sortzeko posibilidadean?», idazten zuen 1966an, Zeruko Argia-k 200. zenbakia kaleratzean.

 

Berreuneko muga au, gauza arrigarritzat artuko dute batzuek noski. Emen ezta batere mirarik, alajaña, fedez eta maitasunez egindako lanaren ondorea baizik.

       Orain bai, orain guztiok ikusten degu, orduan amets bat zirudiena, guztiz eginkorra zala. Baiñan asieran ikusi baiño len sinistu, gutxi izan ziran sinistu zutenak.

       Baziran orduan, erri batzutan, euskaltzale jator zarrak begiratze ta irripar errukitsu batekin artzen ginduztenak, gure asmoz mintzatzera joan gintzaizkielarik.

       — «Gizarajoak, alperrik zabiltzate —esaten ziguten—. Dana galdua dago, euskera salbatzeko ez da ezer egitegorik». Besteek berriz, itxaropen gutxi ematen ziguten, etorkizunaren aldetik.

       — «Asi bai, asiko zerate, baiña aitu ere, bereala egingo zerate, muturrekoa ezarriko dizuete-ta».

       Fede gutxiko gizon aiek amaika eragozpen ikusi arazten ziguten. Ia nola konponduko giñan diru, ta izkuntza ta politikaren aldetik; eta idazleak eta gaiak, astekari batean bear diran neurrian, nundik aterako genituen galdezka zebilzkigun bein ta berriz.

       Burutik-burura euskeraz egindako berri-paper bat astero astero ateratzeko «ez gera kapabliak» esaten zidan adixkide jakintsu ta jator dedan batek.

       Â«Obe izango litzake artikuloren bat erderaz egin, edo illean bein bakarrik ateratzea»[119].

 

     Taldetxo baten fedeari zor zaio lorpen hori. Karlos Santamariak ulertzen duen fede hori, bihotzak eskatzen duena egitea da, eta justu horixe da euskarak behar duena, berau baita euskal kultura hondatzen ari diren sasi-zuhurtziaren, indibidualismoaren eta integrismoaren antidotoa.

 

Eta badakizute zergatik ekin genuen aurrera?

       Badakizute zergatik taldetxo onek, eta batez ere bere sortzaille jatorra dan Aita Agustinek, aurrera jarraitu zuten, ain beltza horizontea jartzen zieten arren?

       Fedea, fede pixka bat, zeukatelako.

       Utzi aitzakiak, utzi sasi-prudenziaren kontseju txarrak. Utzi, baitere, bakarkeria eta integrismoa, eta lanari ekin, bildurrik eta alperkerik gabe.

       Saiatu, beintzat, zure biotzak eskatzen dizutena egiten. Eta ikusiko dezute, biotzak, garbi danean beti arrazoia daukala[120].

 

     Urte horietako Karlos Santamariaren idazkietan era honetako aipamenak ugari agertzen dira, ausardia, fedea, maitasuna, adorea, apustua, bihotza. Gerra jasan duen euskaldun zaharraren etsipena gainditzeko Karlos Santamariak ez du profesionaltasuna aipatzen, boluntarismoa eta militantzia baizik. Euskal prentsak ere izpiritu horrixe zor dio iraupena zein arrakasta.

 

Jakin

 

     Ia 60 urterekin sartu zen Karlos Santamaria Jakin-en. Eta nola sartu ere. Elementu giltzarria gertatu zen, Rikardo Arregirekin batera.

     Urte zailak ziren haiek euskal kulturarentzat. Eta Jakin-entzat bereziki. Noraezean zegoen aldizkaria. Zuzendaritza, gainditua. 1967ko irailaren 10ean lankideak bildu zituen Zuzendaritzak Jakin birpentsatzeko gai monografikoarekin Oñatiko Bidaurretan. Esan bezala, Zuzendaritza amore emanda dago «entregismotik» ez urruti. Bestalde, zenbait talde politikok erakutsia zuen Jakin-ekiko interesa. Oñatiko bileran bertan antzeman zitekeenez, bat baino gehiago zebilen Jakin-ez jabetu nahian. Karlos Santamariak Zuzendaritzak baino hobeto zekien hori. Hark proposatuta, oker ez banago, irtenbide gisa azkenean hautatu zen bideak Zuzendaritza «kolektibo» baten antza hartzen du: Arantzazuko Zuzendaritzari Erredakzio-talde zabal eragile bat eransten zaio. Hona partaideak eta eginkizunak: Rikardo Arregi (politika orokorrerako). Karlos Santamaria (zientzia eta pentsamendurako), Andoni Lekuona (soziologiarako), Xabier Kintana (biologia eta eboluziorako), Ibon Sarasola (literatura, poesia, zinema eta teatrorako), Jose Antonio Arana Martija (euskal legedi eta kondairarako).

     Formula horrek ez du iraupenik. Bateko, Arantzazuko Zuzendaritza desegin egiten da: eta ondorioz, Jakin Arantzazuko menditik kalera jaisten da. Zarautzen bizi den Joan Mari Torrealdai da arduradun berria. Besteko, Erredakzio zabal hori ez da erabilgarri edo operatibo.

     1967ko udazkenean, Idazle Kontseilu koherente, langile eta ireki baten bila hasten da Zuzendaria, Karlos Santamaria eta Rikardo Arregiren laguntzarekin. Honela eratzen da Jakin talde berria: Zuzendari: Joan Mari Torrealdai; Erredakzio-buru: Karlos Santamaria; eta Erredakzio-lagun: Rikardo Arregi, Ibon Sarasola, Andoni Lekuona, Andoni Iturria, Ramuntxo Kanblong eta Piarres Xarriton. Laster ikusten da kontseilu zabal honen barruan, beste kontseilu txikiago, arinago eta biziagoa behar dela eta horrelaxe osatu zen zuzendariaren, Karlos Santamariaren eta Rikardo Arregiren artean.

     Etapa berri horretan, Karlos Santamariaren eragina sakon-sakona da. Berari esker, itxuraz eta egituraz Esprit txiki bat bilakatzen da Jakin. Argitara ematen diren gai monografikoen eskemak harenak dira. Jakin-en editorialetan bere eskua eta pentsamendua dago. 1968-1969 urteetan ia dozena bat idazlan publikatu du, horien artean «Aljebra berria» (29. zk.) eta «Dimentsio bateko gizona» (35. zk.).

     Etapa berri horrek ez du luze irauten, zoritxarrez. 1969ko abuztuan Gobernu frankistak erretiratu egiten dio Jakin-i kaleratzeko baimena. Ez da harritzekoa, aldizkariaren bide berria ez baitzen agintarien gustukoa. 1968ko uztailaren 1eko zentsura-txosten batean agertzen denez, honela kalifikatzen da Jakin-en bide berria:

 

La revista JAKIN, tanto en este número como en el anterior, ha dejado de ser una publicación para los teólogos de la Orden Franciscana. Parece más bien, por los temas que toca y por los artículos, un intento de convertir esta publicación en una revista para intelectuales, con tendencia socialista dentro de un vasquismo a ultranza.

 

     Debeku horren ondoren, Karlos Santamariaren beste lan-mota bat hasten da: bere izenaz eta adiskideez baliatuz Jakin-en argitaratze-baimena berreskuratzea.

     1970eko apirilaren 16an Valle de los Caídosko «Monasterio de la Cruz» delakoaren Abate Mitratua zen Dom Luis Lojendio donostiarrari idatzitako gutuna bidaltzen dit. Eranskin batean, bere laguntza-jarrera argi eta garbi azaltzen du: «Nik ez dakit zer erantzungo dun, baina prest nago beragana joateko, gai hau erabiltzeko».

     Aipaturiko gutun horretan, arazo honen konponbiderako laguntza eskatzen dio Dom Luis Lojendiori:

 

Querido Luis:

       Mis cosas van mucho mejor. Cualquier día, superando mi conocida alergia al Valle, te hago una visita, pues hay mucho que hablar.

       Por el momento te escribo en relación con la publicación «Jakin» de Aranzazu, que no se si conoces. Como creo que eres amigo de Sánchez Bella y aparte de esto tienes buenas relaciones en su Ministerio, tal vez puedas hacer algo para ayudar a la solución de este asunto.

       El caso es que «Jakin» fue suspendida —o mejor dicho no se hizo definitivo el permiso provisional que disfrutaba como otras muchas publicaciones— por estimar el Ministerio que se había salido de los límites para los cuales fue concedida la autorización. En efecto, parece que estimaba el Ministerio que en una Facultad de Teología no hay por qué ocuparse del Algebra moderna, del socialismo, etc. aunque sin citar casos concretos. El P. Provincial presentó un escrito dirigido al Consejo de Ministros en el que se razonaba explicando lo que es obvio, que en una Facultad de teología interesa todo lo divino y todo lo humano, porque si no no se puede formar a los estudiantes. Este escrito que data de ya hace varios meses no se ha contestado.

       [...].

       Pero si a la vista de estos datos crees que puedes hacer algo para que el escrito del Provincial sea contestado favorablemente puedo enviarte copia de algunos documentos y del mismo escrito para que estés en autos...móviles. Después podrías aconsejarnos, tú que conoces bien el paño, o incluso intervenir cerca del Ministro.

       En caso de que no te parezca oportuna ninguna intervención tuya dime una palabra. Vamos a movernos también por otros caminos.

 

     Lojendio jaunak bere gestioen berri maiatzean ematen dio Karlos Santamariari. Eta hark niri, bere balorazio eta guzti:

 

Lojendio adiskidearen eskutitz bat jaso dut, literalki hau diona: «Tengo una primera impresión del asunto que te interesa. La razón de la suspensión o de la no renovación de la licencia sería el haber salido fuera de la actividad religiosa señalada a la concesión. Del último escrito del 'pralle' no tenía noticia mi informador. Un nuevo planteamiento supondría la exigencia de director profesional». Nere ustez inpresio hau ona da, zuzendaritzat periodista bat jartzea erreza izango litzakelako. Zer da komeni, pralearen idazkiari jarraitzea ala bide berri bat hartu, lehengo idazkiaren kasurik egin gabe? Nik uste dut planteamendu berri bat egitea onena izango zala.

 

     Iradokitako bide horrek ere ezin du aurrera egin, egiazko orduan. Aldizkariak debekupean segitu zuen 1977 arte.

     Aldizkaria debekatzean, Jakin sortari ematen zaio hasiera. Formula horrek aldizkariaren espiritua gorde nahi du liburu gisa argitaraturik ere.

     Jakin sortaren sorreran ere Karlos Santamaria dago. Honela adierazten dio berak Aita Luis Villasanteri 1969ko azaroaren 25ean asmo horren berri:

 

Badakizu 'Jakin' aldizkarian gertatu zaiguna. Istilu hori konpontzea ez dugu espero, oraingoz behintzat. Beraz, ez aldizkaritzat, baizik liburu-kolekziotzat jarraitzeko asmoa dugu. Hori erreza izango dela esaten digute ikasiek. Liburu bakoitzean gai monografiko bat erabiliko da, nahiz erlijiosoa, nahiz zientziazkoa, soziologi gisakoa eta abar, eta inkesta bat agertuko da gainera, gai berari buruz. Gai gaurkoak eta interesgarriak, danak, Frantzian egiten dan bezala. Lan bakoitza idazle batzuen artean egingo da, jakina.

 

     Gaur arte Jakin-i lotua jarraitzen du Karlos Santamariak. 1977an agertu behar zuen Jakin berriaz galdezka ere berarengana jo zuen Jakin taldeak. Gaiaren tratamenduaz, artikuluen luzeraz, kultura-mailaz, dibulgazio-mailaz galdetzean, honela erantzun zuen:

 

Bigarren puntuari erantzunez, eskema bat egiten dizut.

       Aldizkariak bost zati, sail edo sektore izan dezake:

       I. Artikulu on bat, gai sakonekoa, eta ongi tratatua. Artikulu merezidun bat, gure denboraren nolanahiko problemari buruz. Artikulu hau, aldizkari guztiaren bostetik bat izango litzateke, gehienez.

       II. Hiru artikulu, bigarren mailakoak, lehenengoak baino arinagoak, nahiz gaiagatik, nahiz formagatik. Hiruen artean, lehenengoaren dimentsioa izan dezakete.

       III. Zerbait «Esprit» aldizkariaren «Journal à plusieurs voix» sailaren antzekoa.

       Nere ustez, garrantzi handi handia du sail hau ongi egiteak. Gutxienez, alearen luzeraren bostetik bat.

       IV. Kronikak: zientziazkoa, erlijiokoa, etab. etab. (Kronika hitzak ez du esan nahi hemen, informazioa, baizik artikulu mota berezi bat informazioa eta reflexioaren arteko dagoena).

       V. Informaziokoak. (Sail txiki bat, berri berezi batzukin, edo arreta berezi bat merezi dutenak, baina oso gutxi).

 

     Adierazitakoaren arabera, atalka bada ere nabarmendurik gelditzen da Karlos Santamariaren lan modua. Lankidetza idatzien gainetik azpimarratu behar da haren lan isila, ideiak proposatuz, alternatibak sortuz, behar diren laguntzak bilatuz eta eskatuz, bide berrietara gazte-jendea bultzatuz, etab.

 

Euskaldunon Egunkaria

 

     Jadanik 1979an, kontseilari zela gainera, euskarazko egunkaria errebindikatu zuen Karlos Santamariak:

 

Egiazko herri zibilizatu batean garen erakutsi nahi badugu, Euskal Gizartearen martxa bultzatu nahi badugu, euskal egunkariaren konbatea irabazi behar dugu euskaldunok: Bi konbate batera: euskal egunkaria eta euskal eskola. Bi konbate hoik irabazteko kapableak garela frogatu arte, burua jasotzeko ere ez dugu deretxorik izango[121].

 

     Hitz gogorrak, baina zein argiak eta mamitsuak. Euskaldunen artean gutxi ziren, artean, egunkariaren aldarrikapena egiten zutenak. Beti bezala, aurreratu egin zen Karlos Santamaria.

     Goraxeago erakutsia zuen Karlos Santamariak egunkariaren garrantzia zein handia zen euskararentzat:

 

Egiazko euskal egunkari batzuk lortu arte, desdiglosiaren bidean ezer ez dugula egin esan daiteke.

       Egunkaria da, hain zuzen, gaurko euskara diglosiko eta flakatuarentzat demarik handiena eta beharrezkoena[122].

 

     1979an, garrantzizko bezain berde ikusten zuen egunkaria. Zergatik berde? Kazetaririk ez zegoelako? Ez. Diru faltagatik? Ez nahitaez. Irakurlerik eza da egiazko problema.

 

Nere ustez euskal prentsaren egiazko problema gure herriaren kultura eskastasunean dago besteak beste. Lau euskaldunetik batek bakarrik dauka euskaraz irakurtzeko behar den erreztasuna.

       Beraz prentsa eta eskolaren problemak guztiz loturik daude elkarrekin. Euskal prentsa eta euskal eskola batera hazi behar dira[123].

 

     Hamaika urte geroago, euskal egunkaria mamitzen hasten da: Euskaldunon Egunkaria.

     Karlos Santamaria proiektu horren partaide da. «Egunkaria Sortzen» talde eragileko lehen izena zein izango eta Karlos Santamaria da, laurogei urteko gizon gaztea. Laguntza moral handia eman dio Karlos Santamariak Euskaldunon Egunkaria-ri. Egunkariaren proiektuaren aurkezpen ofiziala Joseba Arregi Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuari egiteko orduan han da Karlos Santamaria, Joxemi Zumalabe eta Joan Mari Torrealdairekin batera.

     Egunkaria martxan hasi eta handik hilabete batera artikulu esanguratsua idazten du Karlos Santamariak bere egunkarian. Egunkariarekin, egunkariak erakutsi duen jokamoldearekin-eta, Euskadi euskaldun bat posibletzat jotzen du Karlos Santamariak.

 

Onar dezagun gaurko egoeran Euskadi euskaldun bat eraiki nahi izatea gauza kasik ezinezkoa dela. Dena dela, hortarako bide egokiak jartzen baldin badira, ondore harrigarriak lor daitezke euskararentzat.

       Baiezpen ausart hau egiaztatzeko nahikoa izango litzateke iraganaren gainean begiraldi bat botatzea. Euskaltzale gazte nintzen urrutiko urte haietan, nork sinestuko zituzkeen ordutik euskal baratzean egin diren aparteko aurrerapenak?

       Honi buruzko exenplu bat egunkari honetan bertan daukagu. XIX mendearen erdian agertu ziren lehenengo periodikoak, hitz honen esanahi modernuaz behintzat. Mende bat t'erdi behar izan da euskaraz ere gure lehenengo egunkaria izan dezagun. Mirari bat dirudi, baina hemen daukagu, euskal periodikoa, bizi bizirik, guztion eskuetan.

       Beste pausu asko egin behar da oraindik, egin ere, euskara plazara ateratzeko, baina orain arte lortutako arrakastek itxaropen handia ematen digute etorkizunerako.

       Bai, adiskideok, konfidantza eta adimenakin jokatuz gero, Euskadi euskaldun bat ez da amets zoro bat, errealitate posible eta zentzudun bat baino[124].

 

 

[114] «Solas aurrearen gisa», Zeruko Argia, 1963.

[115] Ib.

[116] Ib.

[117] Ib.

[118] «'Gauzak' esatea», Zeruko Argia, 1964-01-05.

[119] «Fedea», Zeruko Argia, 1966-12-25.

[120] Ib.

[121] «Euskara eta prentsa», Egin, 1979-09-29.

[122] Ib.

[123] Ib.

[124] «Euskadi Euskaldun bat», Euskaldunon Egunkaria, 1991-01-12.

 

anterior |            
  • El sistema de búsqueda busca una sucesión de letras dada (no funciona con lematizador y no realiza análisis lingüístico).

  • Busca las formas que comienzan con la sucesión de letras dada, y no contempla dicha búsqueda en interior de palabra (el resultado de la búsqueda barc será barca, barcos, Barcala, Barcelona, barcelonesa..., pero no embarcación, embarcarse...).

  • Se pueden buscar sucesiones de palabras (pacifismo cristiano, por ejemplo, o partido comunista francés).

  • Es posible especificar el corpus: solo en textos en castellano / solo en textos en euskera / en todos los idiomas (euskera, castellano y francés).

Nodo: liferay2.lgp.ehu.es