Carlos Santamaría y su obra escrita

 

«Herrien Europa sortu beharra dago». Karlos Santamariari Urrezko Domina ezarri zion atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak

 

Euskaldunon Egunkaria, 1991-04-28

 

Juan Luis Zabala

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Domina eman zion atzo eguerdian Karlos Santamaria, matematiko, pentsalari eta idazle donostiarrari, eta Gipuzkoako Seme Kuttun izendatu zuen. Era honetan «gure herriko pentsamenduaren eta kulturaren alde egindako lana» eskertu nahi izan zaio.

    Aurtengo martxoaren 26an hartu zuen Karlos Santamariari ohore hauek eskaintzeko erabakia Gipuzkoako Foru Aldundiak. Legegintzaldi honetan eman den Urrezko Domina bakarra da Karlos Santamariak atzo jaso zuena. 1983an Joxemiel Barandiaran eta Manuel Lekuonak jaso zuten ohorezko sari hau.

    Gabidunek Gipuzkoako ereserkia jo zuten, gonbidatuak Aldundiko Jauregira sartzen ziren bitartean. Ondoren, Imanol Murua diputadu nagusiak Gipuzkoako Urrezko Domina ezarri zion Karlos Santamariari. Pedro Miguel Etxenike, Jesus Maria Larrazabal, Inaxio Oliveri eta Imanol Murua omenduari eta bere lanari buruz mintzatu ziren gero, eta Santamariaren esker oneko hitzekin amaitu zen omenezko ekitaldia.

    Ez da hau Karlos Santamariak aurten jasotzen duen lehen omenaldia. Urtarrilaren 11n, 'Jakin' aldizkariak omendu zuen Santamaria, aldizkari horretarako idazten hasi zela hogeitabost urte betetzen zirela eta. Aldizkariaren 61. zenbakian Santamariaren pentsaera aztertzen zuen artikulu luze bat argitaratu zen, Joxe Azurmendik idatzia.

    Eusko Ikaskuntzak ere Manuel Lekuona Saria eman zion Santamariari, hil honen 13an. Omenaldiko ekitaldian, Iñaki Barriola, Joxe Azurmendi eta Jose Luis Orellak Santamariari buruzko hitzaldi bana eman zuten.

 

    Azken aldi honetan omenaldi ugari egin dizute. Nola hartu dituzu?

    Zer esango duk nik bada? Ohore handi bat dira niretzat omenaldi hauek, eta poza ematen didate, dudarik gabe. Oso jende ona da niretzat, eta oso ondo portatu dira omenaldiak eskaini dizkidatenak.

 

    Abertzale eta euskaltzale agertu izan zara zu beti. Noiztik datorkizu joera hori?

    Txikia nintzela erdaraz bakarrik egiten ziguten. Eskolara joan arte, euskaraz egiten zidaten etxean, baina eskolan hasi nintzenean, nekien euskara guztia ahaztu zitzaidan. Gero, hogei urte nituela hasi nintzen berriz ere euskaraz ikasten. Don Toribio Alzagarekin hasi nintzen horretan. Gerra ondoren, Maria Dolores Agirrerekin jarraitu nuen. Eta gero bakarrik aritu izan naiz, neure kasa ikasten. Baina ez da erraza euskaraz ikastea. Beste gauza bat da, ez da gauza bera, eta euskaldunberriari beti antzeman egiten zaio. Badira oso ondo mintzatzen diren euskaldunberriak, baina hori ez da nire kasua. Baina, hala ere, asko irakurri dut euskaraz, eta idatzi ere bai. Niretzat, errazagoa da euskaraz idaztea mintzatzea baino. Dena dela, niretzat euskara gauza handia da. Nik espero dut biziko dela. Une batean zalantzan izan zen, baina gero ikastolak agertu ziren eta horrek oso laguntza handia eman zion. Nire ilobak euskaldunak dira guztiak. Nik uste dut euskara biziko dela.

 

    Nola ikusten duzu gaur egun euskararen alde egiten den lana?

    Nik uste dut ondo dagoela egiten dena. Batzuk protestatu egiten dute. «Zergatik ikasi behar dugu euskara?», esaten dute. Euskal Herriak euskara gorde eta garatu nahi du, eta mugimendu hori ez du inork geraraziko. Ezin da esan kontu politikoa denik erabat, arazo kulturala da. Ez dakiguna da noraino iritsi gaitezkeen. Baina nik uste dut urte batzuk barru jenderik gehienak euskaraz jakingo duela hemen. Eskolan erabiltzen baldin bada, jendeak ikasiko du. Gero mintzatuko den ala ez beste kontu bat da hala ere.

 

    Nola ikusten duzu Euskal Herria Europa barruan?

    Aurreko egun batean Mitterrand lehendakari frantziarrak esan zuen herri guztiek dutela beren nortasuna gordetzeko eskubidea. Eta gainera etnien mapak eta estatuen mapa ez datozela bat esan zuen baita ere. Gauza handia da politiko frantziar batek hori esatea. Horrek balio handia du. Frantziarrak oso zentralistak izan bait dira beti. Denbora baldin badut, beharbada artikulu bat egingo dut gai honetaz. Alde horretatik ikusten da Europa osoan gutxiengo asko daudela, eta ezinezkoa da gutxiengo bakoitzak estatu bat antolatzea. Horregatik, Herrien Europa sortu beharra dago, eta ez Estatuen Europa, frantziarrek nahi izaten duten bezala. Eta Herrien Europa horretan, Euskal Herriak toki on bat izango du. Hori da irtenbidea nire eritziz. Euskal Herriaren tokia Europan dago, baina ez nolanahiko Europan, Herrien Europan baizik. Nire ustez, Europa egiteko beste biderik ez dago gainera.

 

    Nola ikusten duzu Euskal Herrian sortu den unibertsitatea?

    Ni gaztea nintzenean, Bilboko Ingeniaritza Eskola eta Deustuko Unibertsitatea zeuden bakarrik hemen, eta Deustukoak Valladolidera joaten ziren azterketak egitera. Orduan hasi ginen gu zentru gehiago eskatzen. Gaur egun, ez dago Euskal Herriko Unibertsitaterik. Euskadiko Unibertsitatea dago bakarrik, baina Euskal Unibertsitatea beste gauza bat da. Etorriko da hori ere, baina oraindik ez dago. Dena dela, gaurko unibertsitatea ere ondo dago. Ikasle asko dago, eta fakultate onak. Jendeak protesta egiten du tarteka, baina nahiko ona dela uste dut hala ere.

 

    Erlijioa ere zure kezka nagusietako bat izan da beti. Nola ikusten duzu erlijioa gaurko munduan?

    Erlijioa krisian dago, baina ez bakarrik erlijioa. Filosofia, pentsaera, bizitzaren esanahia... denak daude krisian. Gaur egun ez dago filosoforik. Postmodernismoa delako hori nagusitu da, bizitza erosoa, ugaritasunaren eta teknikaren gizartea... Hori ez da batere interesgarria. Baina nik uste dut aldatu egingo dela. Gizateria era askotan bizi izan da, eta bere historia ez da lineala.

 

  • El sistema de búsqueda busca una sucesión de letras dada (no funciona con lematizador y no realiza análisis lingüístico).

  • Busca las formas que comienzan con la sucesión de letras dada, y no contempla dicha búsqueda en interior de palabra (el resultado de la búsqueda barc será barca, barcos, Barcala, Barcelona, barcelonesa..., pero no embarcación, embarcarse...).

  • Se pueden buscar sucesiones de palabras (pacifismo cristiano, por ejemplo, o partido comunista francés).

  • Es posible especificar el corpus: solo en textos en castellano / solo en textos en euskera / en todos los idiomas (euskera, castellano y francés).

Nodo: liferay2.lgp.ehu.es