Carlos Santamaría y su obra escrita

 

Urte berri bat munduko politikan

 

Euskaldunon Egunkaria, 1992-01-05

 

      SESB zelakoaren hondorapena XX mendearen gertakaririk handienetako bat izan da batere dudarik gabe. Zentzu honetan 1991 urtea Historiara pasatuko dela segurta dezakegu.

      Hala ere Ekialdeko aldakuntzak ez dira bukatu eta ez da oraindik jakiten zertan geldituko diren. Kritiko batzuek diotenez Estatu burujabe berrien arteko gatazka armatu bat sor daiteke edonoiz, munduko gerra baten hasiera izan litekeena.

      Oraingoz behintzat, egoera internazionala oso nahasia agertzen zaigu. Kondizio hauetan 1992 urterako politikako etorkizuna nonbait aurresan nahi izatea ia ezina iduritzen zait. Une honetan jende gehienak konfidantza handi bat jartzen du pakearen iraupenean. Pentsatzen dutenez gerra mundialen denbora guztiz gaindituta dago eta gainera gatazkak galerazteko nazioarteko erakundeak funtzionapen osoan ditugu.

      Hala ere, arma nuklearrak aurrean dauzkagu eta Estatu nagusietako militarrak prest daude berak erabiltzeko, beharrezko izanez gero.

      Dena dela oraingo pakearen etsairik handiena arma nuklearren proliferazioa omen da.

      Gaur egun, SESBen porrotoaren ondoren, Amerikako Estatu Batuak (AEB) superpotentzi bakar bezela geratu dira. Ordea, Estatu nukleardun bezela ez da bakarra. SESBek zituen 27.000 buru atomikoak sakabanatuak izan dira eta Errepublika burujabeen eskuetara igaro dira. Nork kontrolatuko du aurrerantzean arma hoien erabilpena?

      Estatu berri hauek, batzuek besteen kontra jartzen baldin badira, gerra nuklear baten leherdura oso posible da.

      Ba daiteke halaber, horrelako Estatu nukleardun zenbaitek bere arma atomikoak salgai jarri ditzala, mundu guztiaren pakerako oso perilotsua izango zena. Proliferazio bi kasu hauekin batera, beste arrisku bat badago, egon ere, jende askok ezagutzen ez duena. SESBko azkeneko aldakuntzarengatik tekniko, ikertzaile eta jakintsu nuklear asko libre gelditu da aurreko Estatu sobietikoaren lurraldean.

      Guztiz normala da orain aditu hauek armamendu atomikoa ukan nahi dezaten Estatuei beren informazio eta zerbitzu teknikoak eskain dezaietela. Bide honetik mundu guztiak izango du azkenik arma famatua!

      Problema honek politikoen ekintza garaitzen du. Oso luze izango da noski bere erabateko planteamendua iristea. Errealitate honetaz konturatu behar dugu, lilura faltsuetan ez erortzeko.

      Aipatu dugun arazoaz gainera beste problema handi bat agertzen da, gerorako utzi ezin dena, Europako batasunaren problema alegia. Orainarte eginkizun hau pixkanaka pixkanaka martxan omen zegoen, baina Ekialdeko gertaerek konplikatu eta atzeratu egin dute.

      Krisis honetatik atera diren Estatu berriak, Hungria, Rumania, Txekoslobakia etabar hor daude. Zer politika egingo du orain berekin Hamabien Komunitateak? Haiek ere europarrak dira eta mendebaldarrekin ukaezinezko erlazio bat dute. Mendebaleko Europan laster sartu beharko dira ala ez? Ezbai hau airean gelditzen da. Europako gobernuak ez dute oraindik politika irme bat izan puntu honi buruz. Maastritchen hartutako akordioak oso onak dirudite. Lehenengo pauso garrantzitsua izan dira Europako batasunerako baina orain praktikara eraman behar dira, dirudien bezain erreza ez dena.

      Britainia Handia, Frantzia, Alemania eta beste Estatu handien populazioak nahiko nazionalistak omen dira. Bakoitzak bere independentzia ekonomiko eta kulturala gorde nahi du eta gauza bera gertatzen da hizkuntzen alorrean. Kondizio hauetan oso zaila izango da Europako Estatuen arteko egiazko batasun bat lortzea. Beraz, politiko europarrek ba dute puntu honetan 1992 hurrengo urtean nahiko lana egiteko.

      Nazioarteko Ordenari begiratzen ba diogu horizontea ez da garbiagoa. SESBen desagertzeak Orden hau AEBen mandupean jarri du. Hauek dira oraingoan munduko politikaren gorengo arbitroa.

      Amerikarren paper dominatzaile hau ez da ordea egokiena mundu politikoaren martxarako. Beste Estatuek parte handiago bat hartu beharko lukete pakearen mantentzean. Hortarako NBEren (Nazio Batuen Erakundea) organizazioa aldatu behar da. Berezilari guztiak ados daude uste honetan.

      Bestaldetik Bushen ahulezia dugu. Beren posizioak ez dira sekula izan nahiko irmeak, adibidez juduen eta arabiarren arteko gatazkan. Amerikan bertan jende askok Bushen politika oso koherente ez dela uste dute. Prestigio galera hau, mundu politiko guztia gidatu behar duen gizon batean, oso kaltegarria da nere iritziz.

      Jakina, beste problema asko dago politika orokorrean. Espero dezagun hoietako batzuek behintzat ongi bilakatuko direla orain abiatzen den 1992 urte miragarri honetan.

 

  • El sistema de búsqueda busca una sucesión de letras dada (no funciona con lematizador y no realiza análisis lingüístico).

  • Busca las formas que comienzan con la sucesión de letras dada, y no contempla dicha búsqueda en interior de palabra (el resultado de la búsqueda barc será barca, barcos, Barcala, Barcelona, barcelonesa..., pero no embarcación, embarcarse...).

  • Se pueden buscar sucesiones de palabras (pacifismo cristiano, por ejemplo, o partido comunista francés).

  • Es posible especificar el corpus: solo en textos en castellano / solo en textos en euskera / en todos los idiomas (euskera, castellano y francés).

Nodo: liferay2.lgp.ehu.es