Carlos Santamaría y su obra escrita
Euskadi Euskaldun bat
Euskaldunon Egunkaria, 1991-01-12
Bi joera ezberdin ikus daitezke gure herriaren mugimendu abertzalean, bata politikoa, bestea kulturala.
Lehenengoak, Euskal Herria errealitate politiko bat bezala ikusten du batez ere. Jakina, herri hau ez da oraindik nazio oso bat, eginkizun dagoen proiektu bat baizik, denboraren zehar osatu eta finkatu behar dena. Hau da, izan ere, nazionalismo politiko delakoaren oinarrizko xedea.
Kulturazko xedeak, ordea, beste aldetik ikusten du problema. Bere jomuga nagusia herri honen nortasun etnikoa zaindu eta bizkortzea da. Alde honetatik euskararen aurrerapidea da bere asmorik garrantzitsuena.
Zoritxarrez, batzuentzat kultur arazo honek ez du batere inportantzirik eta abertzaletasuna gauza politikoa da, besterik ez. Jarrera benetan kaltegarria Euskal-Herriaren egiazko aurrerapenerako. Nere ustez —eta espero dut irakurlerik gehiena ados izango dela nerekin puntu honetan— hobe izango litzateke Euskal Herri guztiz euskaldun bat, nahiz eta askatuta ez izan, euskara betirako galdutako Euskadi independiente bat baino.
Onar dezagun gaurko egoeran Euskadi euskaldun bat eraiki nahi izatea gauza kasik ezinezkoa dela. Dena dela, hortarako bide egokiak jartzen baldin badira, ondore harrigarriak lor daitezke euskararentzat.
Baiezpen ausart hau egiaztatzeko nahikoa izango litzateke iraganaren gainean begiraldi bat botatzea. Euskaltzale gazte nintzen urrutiko urte haietan, nork sinestuko zituzkeen ordutik euskal baratzean egin diren aparteko aurrerapenak?
Honi buruzko exenplu bat egunkari honetan bertan daukagu. XIX mendearen erdian agertu ziren lehenengo periodikoak, hitz honen esanahi modernuaz behintzat. Mende bat t'erdi behar izan da euskaraz ere gure lehenengo egunkaria izan dezagun. Mirari bat dirudi, baina hemen daukagu, euskal periodikoa, bizi bizirik, guztion eskuetan.
Beste pausu asko egin behar da oraindik, egin ere, euskara plazara ateratzeko, baina orain arte lortutako arrakastek itxaropen handia ematen digute etorkizunerako.
Bai, adiskideok, konfidantza eta adimenakin jokatuz gero, Euskadi euskaldun bat ez da amets zoro bat, errealitate posible eta zentzudun bat baino.
El sistema de búsqueda busca una sucesión de letras dada (no funciona con lematizador y no realiza análisis lingüístico).
Busca las formas que comienzan con la sucesión de letras dada, y no contempla dicha búsqueda en interior de palabra (el resultado de la búsqueda barc será barca, barcos, Barcala, Barcelona, barcelonesa..., pero no embarcación, embarcarse...).
Se pueden buscar sucesiones de palabras (pacifismo cristiano, por ejemplo, o partido comunista francés).
Es posible especificar el corpus: solo en textos en castellano / solo en textos en euskera / en todos los idiomas (euskera, castellano y francés).