Carlos Santamaría y su obra escrita
Marxismoaz mahaingurua
Jakin, 30 zk., 1984
1. Esan bait da, Marxek gizarte-egiturak aztertu zituela bereziki, nola ikusi zuen Marxek gizakia, nola ikusi zuen pertsona bera?
Marxek gizarte-egituren aldakuntzari bakarrik begiratu al zion eta gizakia ahaztu? Nire ustez, hori ez da egia: Marxek ez zuen gizakia sekula ahaztu. Nire ustez, Marxen helburua, bizitza guztiko helburu esentziala, gizakia salbatzea izan zen, besteak beste: jende langilea, behartsua, zapaldua alienaziotik ateratzea. Marxen abiapuntua ez zen izan ez zientzia, ez teoria, ez ekonomia, ez pentsaera logikoa; baizik, langileen miseriarekiko haserrea eta samindura. Marxen helburu esentziala, Hegelen Zuzenbidearen Kritika liburuan aipatzen den inperatibo kategorikoa izan zen: alegia, gizakia arbuiatzen, gutxiesten, mespretxatzen eta zapaltzen duten kondizio sozial guztiak ezeztatzea. Hori zen inperatibo kategorikoa, eta hori zen Marxen helburu nagusia ere.
Gizarte burgesaren miseria sozialak zeharo aztertu zituen, hamaika bidetatik aztertu ere: langileen etxebizitzak bisitatuz, inspektore ofizialen txostenak irakurriz, estatistikak arakatuz, etab. Eta galdera hau egin zion bere buruari: nondik dator zabor guzti hau? Eta erantzun: gaitz guztion egiazko kausa ez da zenbait nagusi dominatzaileren gaiztakeria, baizik produkzio-moduak, lanaren zatiketa, klase-borroka, etab. Orduan Marxek zientzia berri bat asmatu zuen. Ez, ordea, nolanahiko zientzia neutrala, baizik zientzia suhar, lehiatsu, iraultzailea.
Nire ondorioa, hau da: Marxek ez du sekula ahaztu gizakia. Marxen egiazko asmoa, hori izan zen: gizartea aldatzea. Gizakia salbatzeko oker zebilen ala ez, hori beste gauza bat da; baina hori zuen helburu.
2. Marx bizi izan zen garai hartan, oso bizirik zeuden nazio-arazoak; gogoan dituzue Poloniako kasua, ekialdeko arazoa, Krimeakoa, Irlandakoa... Zer pentsatzen zuen Marxek nazio-arazoari buruz?
Gai nazionalari buruz, nire eritzia ez da hain optimista: argi eta garbi esango dut, Marxek nazio zapalduen berezko indarrik ez zuen ikusi. Ez zen konturatu nazio-borrokaren benetako garrantziaz, ez zen konturatu problema nazionalistez. Irlandako problema, Poloniako problema etab. klase-borrokari kontribuzio bezala ikusi zituen, besterik ez: laguntza bat, jakina, iraultza egiteko edo klase-borroka aurrera eramateko; ez zuten berezko garrantzirik.
Jakina, austro-marxistak aipatzea, Stalinen teoriak aipatzea, gaurreguneko nazio txikien zapalkuntza ikuspuntu marxistatik interpretatzea... hori beste gauza bat da. Gauza bat bait da Marx eta beste bat marxismoa. Niretzat, Marx oso atzeratua gelditu zen estatu gabeko nazioen egoera aztertzerakoan, ez zuen konprenitu problema hau (badira horretarako arrazoiak, jakina: denbora hartan problema hau ez zen hain ageria, etab.).
Euskadin zein eragin izan du guzti honek? Marxen pentsaerak eragin handia izan du mundu guztian, eta Euskadin ere, dudarik gabe. Baina nire eritzi apalean, Marxen beraren egiazko pentsaera ez da oso ezaguna izan, ez da Marx bera ondo ezagutzen. Marxismoak, bai, joko handia egin du; baina ez edozein marxismok, ez marxismo ortodoxoak. Nire ustez, marxismo ortodoxoa ez da sartu hemen. Marxismoaren ezkerreko zenbait desbiderapen bai, sartu dira (akrazia etab.) Marxismo ortodoxoak garrantzi gutxi du herri honetan.
3. Marxek zer nahi zuen, zer bilatzen zuen? Agian, gizarte osoaren barruan, iraultza handi bat? Gizarteaz pentsatu bakarrik ez, baizik gizartea bera eraldatu errotik?
Gizarte-egitura aldatzea... Mundu kapitalistan guztiz murgildurik dagoen herri txiki batean, gurea bezalako herri txiki batean, mundu kapitalistaren gizarte-egiturak aldatu nahi izatea, utopia hutsa iruditzen zait; bitarte honetan, esan nahi dut. Nik ez dut ikusten nola egingo litzatekeen aldakuntza hori, mundu honetan, behar den bezala; ez dut ikusten. Hau da behinik behin nire eritzia.
[...]
Eten epistemologikoa aipatu da... Jakina, Marx gazteak eta helduak ez zuten berdin-berdin pentsatzen normala denez; baina eten hori ez dago. Adibidez, Kapitala liburuan zortzi aldiz edo gehiagotan aipatzen du Marxek alienazioa: Marx gaztearen kontzeptua da hori: nola aipatzen du Kapitala-n? Edo erlea eta armiarmaren exenplua... Althusser-en eten epistemologikoa (hitza Bachelard-engandik hartu zuen) gaur ez du mundu guztiak onartzen. Kontuz ibiltzea komeni da Marx gazte eta Marx helduaren arteko diferentzia horrekin. Beste aldetik, Marx zientifikoa aipatu da hemen: Marx zientifikoa al zen? Ez da batere argia: sensu stricto, ez zen zientifikoa, matematikalari bat den bezala. Zientzia haserretu bat da harena; ez neutrala, baizik borrokalaria. Eta ez da komeni bi gauzak nahastea, nik uste.
Beltzaren tesiaren parte batekin ados nago: badago, nire ustez, inkonpatibilitateren bat marxista eta iraultzaile izatean. Eta, jakin, desbiderapenak sortzen dira. Zeinek du arrazoi, zeintzu dira egiazko marxista? Marxista ortodoxoak? Sobietarrak? Inork ez daki. Eta, bestalde, desbiderapenek ere badute beren arrazoia; horregatik agertu dira 68ko maiatza eta.
[...]
Proletalgoaren problema, nik ez dut oso ondo ikusten. Adibidez, Marx berpiztuko balitz eta Euskal Herrira etorri, eta galdetuko bagenio non dagoen hemen proletalgoa, agian tutik esan gabe geldituko litzateke. Oso zaila da gizarte honetan proletalgoa non dagoen ikustea. Baina badago munduan beste proletalgo bat: adibidez, nazio atzeratuen proletalgoa, nazio atzeratuak. Horiek proletalgoa dira. Kontzeptuak oraindik balio du eta, adibidez, gure hizkuntza, proletarioa da; guztiz alienatuak gaude. Marxen proletario kontzeptua erabil daiteke; baina berak agian ez luke onartuko aplikazio hori. Proletalgo kontzeptuak oraindik balio duela uste dut. Baina haren lekua aldatu egin da eta beste gauzei aplikatu behar zaie.
Marx zientifikoa zen ala ez? Nik ez dut esan Marx ez zela zientifikoa: Marxen zientzia, beste mota bateko zientzia zela esan dut, ez zela zientzia klasikoa bezalakoa; eta, niretzat, Galileoren exenpluak ez du balio: Galileo matematiko eta zientifiko klasikoa zen; borrokalaria ere bai, baina hori beste problema da. Nik ez dut ukatuko Marxek kontzeptu zientifiko berri bat sartu duela: zientzia neutrala ez, baizik zientzia borrokalaria. Esan behar dut, halere, zientifikoek behintzat nahita esan behar dugu hori, Marxen zientzia beste mota bateko zientzia dela; balio du, dudarik gabe; materialismo historikoa kontzeptu zientifikoa da, baina ez beste zientzien modura.
[...]
Jokinek esan du, eta arrazoiz, klase-borroka ez dela motore bakarra. Hemen eta gaur, nik bi motore ikusten ditut: klase-borroka eta nazio-borroka. Zein da bietan inportanteena? Batzuentzat klase-borroka da lehenengoa eta besteentzat nazio-borroka; problema horrek ez du soluziorik, aterabiderik, eta bakoitzak ikusiko du. Marxek ikusi ez zuena horixe da: klase-borroka ez dela motore bakarra, badirela besteak eta horietako bat, dudarik gabe, nazio-borroka da. Batzuek ez dute oraindik ikusi: hemengo jende asko, sozialista asko, ez da nazio-borrokaren inportantziaz oraindik konturatu.
El sistema de búsqueda busca una sucesión de letras dada (no funciona con lematizador y no realiza análisis lingüístico).
Busca las formas que comienzan con la sucesión de letras dada, y no contempla dicha búsqueda en interior de palabra (el resultado de la búsqueda barc será barca, barcos, Barcala, Barcelona, barcelonesa..., pero no embarcación, embarcarse...).
Se pueden buscar sucesiones de palabras (pacifismo cristiano, por ejemplo, o partido comunista francés).
Es posible especificar el corpus: solo en textos en castellano / solo en textos en euskera / en todos los idiomas (euskera, castellano y francés).