Carlos Santamaría y su obra escrita
Marx eta giza pertsonaren problematika
Jakin, 30 zk., 1984
1. Gizaki kolektiboa, gizaki banakoa
Emmanuel Mounier pentsalari pertsonalistak kritika esentzial bat egin zion marxismoari bere Manifeste au service du personnalisme-an (1936); hona haren hitzak:
la lacune essentielle du marxisme est d'avoir méconnu la réalité intime de l'homme, celle de la vie personnelle[1].
Alegia: «marxismoaren hutsune esentziala, gizakiaren barne-bizitza pertsonalaren errealitatea ez ezagutu izana da».
Ezagutu ere, gizaki kolektiboa ezagutzen du marxismoak, ez ordea gizabanakoa, gizaki banakoa, indibiduoa, pertsona —dio Mounier jaunak. Ez ezagutze honetatik ondorio bat dator, hain zuzen ere, Mounier-ek bere manifestuan esaten duenez: «Gizaki kolektiboarekiko marxismoaren baikortasunak, gizabanakoarekiko ezkortasun erradikal bat estaltzen du»:
L'optimisme que le marxisme professe sur l'avenir de l'homme, est un optimisme de l'homme collectif, recouvrant un pesimisme radical de la personne[2].
Hitz hauek nahiko ongi erakusten dute, pertsonalistek egiten duten kritika, gizakiarekiko Marxen pentsaerari buruz.
Beste pentsalari pertsonalista asko, Mounier-en gisara mintzatzen da puntu honetan. Jacques Maritain jaunak, adibidez, honela egiten du bere La personne et le bien commun izeneko liburutxoan[3]: Komunismoa, indibidualismoaren kontrako erreakzio bat da, eta gizakiaren liberazio absolutura jotzen du. Hau egia dela ezagutu beharra dago, dio Maritain jaunak. Baina, komunismoak gizakiaren barnekotasuna ezagutzen ez duenez, komunismotik etor litekeen liberazioa ez da gizabanakoaren liberaziorik izango, gizaki kolektiboaren liberazioa baizik.
Étienne Borne pertsonalista are urrutiago doa gai honen planteiamenduan. Honentzat, pertsonaren barnekotasuna ez ezagutzeak iraultzaren bidea ere hersten dio marxismoari, zeren Borne-ren eritziz, gizabanakoa helburutzat hartu gabe, ezina bait da egiazko iraultza egitea[4].
Baldin marxismoak, prejuizio materialistagatik, gizabanakoaren kontzeptua ezeztatzen badu —dio Borne jaunak—, Historia fisika bihurtzen da, eta ez dago egon, marxismoaren sailean, iraultzaren ustea oinarritzeko modurik.
Esan dezagun, pertsonalistek kritikatzen duten dikotomia hau —gizaki kolektiboaren eta gizaki banakoaren arteko bereizketa, alegia— Marxen beraren perpaus batzuk bermatzen bide dutela. Hona hemen, esate baterako, Marxen Plusbalioaren teoria liburuaren perpaus bat, nahiko adierazkorra:
el desarrollo de las capacidades de la especie Hombre [majuskulekin], a pesar de realizarse por de pronto a costa de la mayorÃa de los individuos humanos y de ciertas clases de hombres, rompe al final ese antagonismo y coincide con el desarrollo del individuo mismo, o sea que el desarrollo superior de la individualidad tiene que comprarse mediante un proceso histórico en el cual son sacrificados los individuos[5].
Marxen textu honen arabera, gizaki kolektiboaren hazkuntzak eta gizabanakoaren hazkuntzak, bat egingo dute azken finean. Baina, oraingoz behintzat, bizi garen gizarte alienatu honetan, bigarrena —gizabanakoa, indibiduoa, alegia— sakrifikatu beharra dago gizaki kolektiboaren alde.
Mounier-ek esandakoa Marxek berak bermatzen duela dirudi: gizaki kolektiboarekiko baikortasuna, gizabanakoarekiko ezkortasuna.
Baina arazoa ez da horren erraza. Eritziok guztiz bestelakoak agertzen bait dira Marxen idazkien beste pasarteei begiratzen bazaie. Izan ere, Marxen beste textu asko aztertu behar da, Mounier jaunak planteiaturiko gaiari erantzunen bat ematen saiatzeko.
Pentsalari pertsonalistek ez ezik, marxista ezagun batzuek ere kritika bera egiten diote marxismo ortodoxoari. Pertsonari buruzko teoria marxistarik eza kritikatzen dute, baita huts honetatik atera daitezkeen ondorio kaltegarriak azaltzen ere, argi eta garbi.
Marxisten artean kritika hau planteiatu duten lehenengoetako bat, Adam Schaff poloniarra izan da. Ez bakarrik lehenengoetako bat, sakonenetako bat ere baizik, nire ustez behinepehin. Marxismoa eta giza indibiduoa izeneko haren liburua, 1966 urtean argitara zen. Eztabaida asko harrotu zuen liburu honek Poloniako inguru intelektual batzutan. Poloniako gobernuak, haatik, ez zuen gaizki ikusi, liburuan agertutako Schaff-en ideiak nahiko heterodoxoak baziren ere.
Schaff jaunaren eritziz, gaurko marxismoaren egoeran, nahitaezkoa da pertsonaren teoria marxista bat eraikitzea. Horren arrazonamendua, gerla ondoko egoeratik abiatzen da. Gerla ondoan —dio Schaff-ek— problematika berri bat agertu zen Estatu sozialistetan. Ordurarte, gizarte sozialista bat eraikitzen saiatu zen jendea, begiak etorkizunean bakarrik jarrita. Gerla bukaeran, berriz, sozialismoa jadanik eraikia zegoen, jendearen eritziz. Sozialismoaren lehen urteetan baino galde askoz haundiagoak agertzen ditu gaurko jende komunistak.
Bestalde, gerla bitartean hainbeste sarraski, suntsidura, bonbardaketa, zapalketa, zigor eta oinaze nozitu ondoren, atsegin- eta zorion-desio bat esnatu zen, Polonian eta sortaldeko beste estatu sozialistetan.
Hori dela eta, jende askok, gazteek batez ere, jarrera kritikoa hartu dute indibiduoaren problematikari buruz. Adibidez —dio Schaff jaunak—, jendea konturatu da, jabego pribatua ezeztatzea ez dela nahikoa gizakiaren gaitz guztiak saihesteko. Konturatu da, indibiduoaren heriotza eta bizitzaren zentzuaren problemak iraun dirauela, sozialismoa ezarri ondoan ere: erlijio-senaren problemak, zorionaren problemak, libertatearen problemak, etab. Schaff-ek problema antropologiko deitzen dituenak bizi-bizirik daude gizarte sozialistetan, Schaff berak dioenez. Hitz batean —dio Schaff-ek—, problema antropologikoak, gerla ondoko urteez gero joka ari dira sozialismoaren ateetan, gero eta indar haundiagoz[6].
Batzuen eritziz, problema horiei erantzun marxista bat emateko, hor daude Marx gaztearen izkribuak, orain arte behar den bezala probetxatu gabeak. Baina Marx gaztearen idazkiak oso ilunak dira, eta, gainera, Hegelen idealismoak kutsatuak daude.
Marx usaba en su juventud —dio Schaff jaunak[7]— un estilo horriblemente ampuloso y prolijo. Las obras de esta época son —el mejor de los casos— difÃcilmente legibles para el lector contemporáneo no especializado en este perÃodo. Pero lo peor del caso es que el joven Marx es obscuro [...] es verdaderamente de una imprecisión 'a lo Hegel', lo que resultarÃa impensable en el Marx exacto, preciso, de la época siguiente.
Zer egin, bada, gaurko indibiduoaren problematikari marxismoaren arloan erantzun bat emateko? Erantzun honen zailtasuna, honako puntu hauetan azaltzen da, besteak beste.
Lehenengoa: Marxen pentsaeratik teoria antropologiko bat laster atera beharra dago gaurko bitartean.
Bigarrena: Horretarako iturririk onena Marx gaztearen izkribuak dirateke.
Baina —hirugarren— izkribu hauek agertzen zaizkigun gisan behintzat, ez dute marxismoaren hutsune antropologikoa betetzeko balio.
Konklusioa: oztopo hauek gainditzeko, honela jokatu behar da: Marx gaztearen eta Marx helduaren aztarna antropologikoak bildu, aztertu eta sakondu ondoan gizabanakoari buruzko teoria marxista guztiz errigoretsu bat eraiki behar da horien gainean. Zoritxarrez —dio Schaff-ek—, orain arte mundu sozialistan ez da ezer egin arlo honetan, eta hutsune honetatik gaitz asko etorri zaio marxismoari.
¿Puede uno extrañarse —dio Schaff-ek[8]— de que estos problemas haya hecho vÃctimas (en los medios comunistas) sobre todo entre la juventud, y de que se hayan realizado tentativas de existencializar a Marx e incluso de proclamar a Marx existencialista?
Hau da, izan ere, Schaff marxistaren salaketa, Mounier-en aipatutako kritikarekin nolabait ere bat datorrena. Schaff jaunak batez ere Poloniaren kasu berezia aipatzen duen arren, berehala ikusten da haren kritika guztiz orokorra dela.
Beste pentsalari marxista askok ere eskakizun bera egiten dute: antropologia marxista baten beharra, alegia.
Hor dugu, esate baterako, Lucien Sève marxista ortodoxo eta komunista leiala, bere Marxisme et Théorie de la personnalité izeneko liburuarekin. Aitortu beharra dago —dio Sève jaunak— guztiz beharrezkoa dela materialismo historikoaren sailean giza pertsonalitatearen teoria garbi eta eginkor bat. Gaurko marxismoaren hutsune esentziala, argi eta garbi kritikatzen du Lucien Sève jaunak, eta, salaketa hau egiteko, Mounier-en lacune hitz bera erabiltzen du, hain zuzen:
Il semble y avoir, pour le moment encore, une lacune réelle à l'endroit de la théorie de la personnalité.
Izan ere, Sève[9] jaunaren ustez, lacune hau, hutsune hau, objektiboki ukakortzat hartu behar da materialismo historikoaren eginkizunerako.
Le fait que le marxisme n'offre pas aujourd'hui de façon claire et coherente une théorie de l'individu concret [...] alimente les tentatives perpetuellement infécondes, mais sans cesse renaissantes, de croiser le marxisme avec des théories de l'individualité [...] completement étrangères au marxisme[10].
Beharbada, gurutzamendu hau izan da, hain zuzen ere, Frankfurt-eko Eskolaren kasuan gertatua. Frankfurt-eko Eskolaren historilari den Martin Jay jaunak dioenez, Eskola horretako lagunak laster konturatu ziren materialismo historikoan hutsen bat zegoenaz: «La lacune se trouvait —dio Martin Jay jaunak[11]— dans le domaine de la psychologie».
Fromm eta Maruse-k, batez ere psikoanalisiari eskatu zioten erantzuna. Korronte pseudo-marxista bat atera zen hemendik, Mark eta egiazko marxismoarekin zerikusirik gabea. Markusek, adibidez, explotazio ekonomikoaren lekuan, errepresio sexuala delakoa jarri omen zuen. Fromm-en teoriak, halaber, judeotasunaren, kristautasunaren, freudismoaren eta marxismoaren nahasketa dira.
Schaff, Sève eta beste pentsalari marxisten eritziz, ezaba liteke nahasketa eta desbiderapen hauen arriskua, antropologia marxista bat izanez gero. Eta eginkizun honen erroa Marxen pentsaeran aurkitzen da, dudarik gabe.
Baina nola berreskura sustrai horiek?
Sève jaunaren ustez, Marxen obra osoaren berrazterketa sakon bat eskatzen du lan honek.
Je pense en avoir assez dit —dio Sève jaunak[12]— pour faire apparaître la nécessité d'un réexamen systématique et rigoureux de ce que devient dans son ensemble la problématique de l'homme à l'intérieur du marxisme mûr, de l'Idéologie Allemande au Capital.
Gizabanakoaren gaia textuinguru marxiano batetan erabiltzeko, derrigorrezkoa da, izan ere, Althusser-en eten epistemologikoaren ideia gainditzea.
Marx helduaren planteiamenduak haren gaztaroko kezka antropologikoetatik zeharo aldendurik bazeuden ere, horrelako planteiamenduetan axola antropologikoek iraun dirautela, hamaika bider frogatua dago, Marx helduaren beraren textu ezagun askoren bitartez.
Jakina denez, Althusser-ek ez du onartzen teoria marxista delakoan gizaki kontzeptua sartzeko ustea ere. Alde honetatik, heterodoxotzat salatzen ditu Althusser jaunak Lukács eta Gramsci.
Althusser-en eritziz, gizaki kontzeptua defendatzen duten marxistak historizismo faltsu batean erori dira, non gizabanakoaren eginkizunari leku zentral bat ematen bait zaio Historiaren interpretazioan.
Althusser-en arabera, gizaki kontzeptua oztopo bat da Historiaren prozesua ulertzeko. Klase borrokan eta masa-mugimenduetan ez bestetan datza hau. gizakiak ez dira Historiaren subjektuak, ondorioak baizik. Materialismo historikoak ez du ezagutzen, ez gizakirik, ez Historiaren beste subjekturik. Jakina denez, subjekturik eta helbururik gabeko prozesu bat da Historia, Althusser-en ikuspuntutik[13].
Marx gaztearen ideietatik antropologia marxista bat atera nahi izatea, guztiz zentzugabekoa da Althusser-en eritziz. Marx gaztearen pentsaera antropologikoa, Feuerbach-en eraginaren ondorio da, besterik ez. Hortik egiazko marxismora igarotzerik ez dago egun ere, beti Althusser-en eritziz.
Baina gaurko munduaren desgizartetasun gero eta haundiagoa problema esentzial bat da marxista gehienentzat. Althusser-en subjekturik gabeko historiak ez omen du etorkizun haundirik.
Antonio Gramsci-ren ikuspuntu historikoa, Althusser-enaren guztiz bestelakoa da. Hau dio Gramsci-k:
Las fuerzas mecánicas no triunfarán en la historia sin los hombres, son las conciencias y el espÃritu los que modelan la realidad y acaban siempre por triunfar... A la ley natural, al curso fatal de las cosas que afirman los pseudo-sabios se ha sustituido la voluntad tenaz del hombre.
Feuerbach-en ideien oihartzuna entzuten da Gramsci-ren hitz hauetan.
Gramsci-k erabilitako gizakia, kontzientzia, izpiritua hitzek, zein esanahi izango lukete antropologia marxista batean, esanahirik izatekotan?
Orain arte esandakoa piska bat laburtuz, zera esango dugu jarraitu baino lehen: komunismoak gaurko problematika antropologikoari —libertatearen gaiari, zorionaren gaiari, eta abarri— erantzun bat eman ahal izateko, gizakiaren teoria marxista batetik abiatu beharko litzateke. Baina teoria hau ez dagoelako, nahitaezkoa da berriz ere iturrira, Marxen pentsaerara, itzultzea. Ikus dezagun, beraz, zeintzuk izango liratekeen Marxen idazkietan, antropologia marxiano baten aztarna eta hatz nagusiak.
Hor ditugu, esate baterako: Marxek erabilitako alienazio kontzeptua; Feuerbach-en gaineko Marxen seigarren tesia, gizakiaren esentziari buruz; gizakiaren eta animaliaren arteko diferentziak, Marxek aurkeztu bezala; kontzientzia pertsonalaren eta gizartearen arteko erlazioa; gizakiak, gizakiaren kreazio edo autokreazioa, etab.
Oso ezagunak dira Marxen ideia guzti hauek. Horietako batzuek Feuerbach-i hartuak badira ere, ez du inork ukatuko Marxek orijinaltasun haundiz erabiltzen dituena. Marxek iraulketa bat egiten du kontzeptu guzti horiekin, idealismo hegelianotik materialismo historikora bihurtuz, segidan ikusiko dugunez.
Baina, aldez aurretik, zerbait esan beharra dago Marxen pentsaera antropologikoaz, hots: Marxek, bere idazki guztietan eragotzi duela gizaki abstraktuaren ideia. Gizaki konkretuak, hezur eta mamizkoak ezagutu nahi ditu Marxek batere abstrakziorik onartu gabe.
Hegel eta Feuerbach kritikatzen ditu alde honetatik, batez ere Ideologia alemana liburuan. Hegelek, gizaki errealaren lekuan, nor bere buruaren kontzientzia [la conciencia de sà mismo] jartzen du abstrakzio gisara. Feuerbach-ek gizaki teoriko bat ezagutzen du, Marxek dioenez, gizaki errealarekin zerikusirik ez duena. Feuerbach-ek, genero nagusi gisa darabil gizakia, ezin konta ala gizon eta emakume dohakabe, miserable, goseti eta gangaildunen ikaragarrizko errealitatea alde batera utzita. Fuerbach-en gizakiaren faltseapen hau gogorki gaiztesten du Marxek Ideologia alemana obraren pasarte askotan.
Ohartaraz dezagun, pertsonalismo kristaua bat datorrela puntu honetan Marxekin. Izan ere, pertsonaren errealitatea nolanahiko abstrakzioren bidez mugatu nahi izatea, kontraesan bat da. Hori dela eta, pertsonalisten ikuspuntutik ez dago pertsonaren zientziarik, ez ideologiarik ere. Pertsonalismoa, hain zuzen, anti-ideologia bezala aurkezten du Jean Lacroix jaunak bere Le personnalisme comme anti-idéologie izeneko liburuan[14].
Marx, ordea, materialista da, duda gabe, nahiz eta honen materialismoa aitzinako materialismoaren aldean guztiz diferentea izan. Beraz, gizakiari buruzko Marxen usteak materialista izan behar, ezinbestean. Biologismo eta fisiologismo arruntak, gizakia molekula eta zeluletatik explikatu nahi duten teoriak baztertu egiten ditu Marxek, zalantzarik gabe. Baina, honekin batera, transzendentzia oro gaitzesten du.
Pertsonalista kristauek defendatzen duten pertsonaren ulerpena, berriz, transzendentea da. Sineste bat, fede bat eskatzen du pertsonalismoak, pertsonaren errealitatea ezagutzeko. Indibiduo biologikoa, fisikoa, guztiz ikusgarri eta ukigarria da. Haatik pertsonaren existentzia ezin froga dezake inork, errealitate transzendente bat delako.
Marxek, aldiz, pertsonaren transzendentzia fantasmagoriatzat hartzen du; hau dela eta, pertsonalistok ez dugu inolako deretxorik lilura faltsuak bizkortzeko puntu honetan. Nire ustez behintzat, ez dago inolako sinkretismorik pertsonalismo kristauaren eta marxismoaren artean.
2. Gizakia eta animalia
Hau esanda, esan beharra dago halaber, gizakiaren eta animaliaren artean erabateko diferentziak daudela Marxentzat. Ideia hau bazegoen, egon, Feuerbach-en idazki filosofikoetan, fraseologia ponposo batean. Baina Marxek giro berria ematen dio ideia berari. Feuerbach-ek, kontzientzia eta erlijioa direla medio bereizten zituen gizakiak eta animaliak —dio Marxek—. Horien arteko lehen diferentzia, ordea, gizakiak bere bizitzaren medioak eta bideak eraikitzen ditueneko gertaeran datza.
Kapitala liburuaren hirugarren sailean puntu honi dagokion exenplu argia ematen du Marxek, armiarma eta erlearen exenplu ezaguna, alegia. Honela dio textu horrek:
Una araña realiza operaciones que se parecen a las del tejedor; la abeja confunde, por la estructura de sus celdillas de cera, la habilidad de más de un arquitecto. Pero lo que distingue desde un principio al peor arquitecto de la abeja más experta es que aquel ha construido la celdilla en su cabeza antes de construirla en la colmena. El resultado al que llega el trabajo (humano), pre-existe idealmente en la imaginación del trabajador. No es sólo que opere un cambio de forma en las materias naturales sino que realiza al mismo tiempo su propio objetivo, del cual tiene conciencia, el cual determina como ley su propio modo de acción y al cual debe subordinar su voluntad[15].
Beraz, guztiz desberdinak dira gizakiaren eta animaliaren lanak. Gizakiaren lana, bermadura kontziente eta borondatezko baten ondorioa da, ez animaliaren lana bezala, instintu hutsaren ondorioa.
Marxen eritziz, gizakiek, beren lana dela medio, beren burua kreatzen dute. Pariseko eskuizkribuak-etan, ideia bera aurkezten du Marxek[16]:
El animal se identifica inmediatamente con su actividad vital. No se distingue de esta [...] El hombre [en cambio] hace de su propia actividad vital el objeto de su voluntad y de su conciencia.
Ohartaraz dezagun bidenabar, Marxek borondatea eta kontzientzia aipatzen dituela textu honetan. Kapitala liburuan bezala. Eta jarraitzen du:
[El hombre] tiene una actividad consciente [...] La actividad vital consciente distingue inmediatamente al hombre de la actividad vital del animal [...] [El hombre] es un ser consciente y su propia vida es para él un objeto precisamente porque es un ser genérico. Esta es la causa de que su actividad sea una actividad libre». «Es cierto que el animal también produce [dio Marxek pixka bat aurrerago]. Construye su nido, su habitación, como lo hacen la abeja, el castor, la hormiga, etc. Pero construye solamente lo que le es necesario para él y para su progenitura. Produce de un modo parcial mientras que el hombre produce de un modo universal. El animal sólo produce bajo el imperio de la necesidad fÃsica inmediata mientras que el hombre sigue produciendo incluso cuando se halla liberado de su necesidad fÃsica. Y, en realidad, sólo produce verdaderamente cuando está liberado de esta.
Esan guzti hauek, ilun eta nahasiak badira ere, zerbait adierazten digute Marxen pentsaera antropologikoari buruz. Ez bakarrik Marx gaztearen pentsaera, baita Marx helduaren pentsaera ere, lehen aipaturiko textua Kapitala liburuan agertzen denez gero.
3. Giza kontzientzia
Baina zertan datza Marxentzat giza kontzientzia delako hori?
Puntu honetan guztiz urrun daude elkarrengandik pertsonalista kristauon ideiak eta Marxenak. Pertsonalista kristauen ustez, kontzientzia da pertsonalitatearen mamia eta muina. Gizakiaren barne-barnekoa, ezkutuena, sakonena, non beste inork ez bait du sartzeko deretxorik.
Marxen eritziz, ordea, gizakiaren kontzientzia gertaera sozial bat besterik ez da, berak Ideologia Alemana liburuan dionez.
La conscience est d'emblée un produit social et le demeure aussi longtemps qu'il existe des hommes[17].
Mundu guztiak ezagutzen du 1859 urteko Grundrisse direlakoetako Marxen perpaus famatua:
Ez da gizakien kontzientzia gizakien existentzia determinatzen duena, aitzitik, existentzia soziala da gizakien kontzientzia determinatzen duena[18].
Karl Marx eta Friedrich Engels-ek gauza bera esaten dute, besteak beste, Ideologia alemana liburuan:
Ez da kontzientzia bizitza determinatzen duena, bizitza da kontzientzia determinatzen duena[19].
Merezi du puntu honetan Marxen pentsaera materialista ongi ulertzeko perpaus honen textuingurua ezagutzeak:
No se parte aquà de lo que los hombres dicen, se imaginan o representan sobre sà mismos. Se parte de su proceso de vida real. Incluso las fantasmagorÃas en el cerebro humano son sublimaciones que resultan necesariamente del proceso de su vida material, el cual puede ser constatado empÃricamente y reposa sobre bases materiales. Por esta razón, la moral, la religión, la metafÃsica y todo el resto de la ideologÃa, asà como las formas de conciencia que les corresponden, pierden inmediatamente toda apariencia de autonomÃa. No tienen historia, no tienen desarrollo: son, al contrario, los hombres los que, desarrollando su producción material y sus relaciones materiales, transforman, al mismo tiempo que esta realidad que les pertenece, su propio pensamiento y los productos de su pensamiento. No es la conciencia lo que determina la vida sino la vida lo que determina la conciencia[20].
Maximiliano Rubel jaunak dionez, kontzientziaren autonomiaren ukazio hau da, hain zuzen, Marxen materialismoari zentzu guztia ematen diona.
Pertsonalista kristauontzat gizakiaren kontzientzia autonomoa da, beregainekoa da. Marxentzat, berriz, kontzientzia guztiz mugatua eta lotua dago gizartearen errealitate materialarekin. Honen arabera —kontzientzia produktu sozial denez, alegia—, gizartea aldatu arte ez da gaurko gizakien «zoritxarreko kontzientzia» aldatuko. Izan ere, gaurko gizartean gizakia alienaturik dagoelako, ez da agertzen haren egiazko izatea.
4. Alienazioa
Alienazio kontzeptua da antropologia marxianoaren aztarnarik ezagunenetako bat.
Esan dezagun, alienazio kontzeptua ez dela bakarrik Marxen gaztaroko uste bat. Aitzitik, Marxen obra osoa zehar ageri da. Gauza frogatua da, izan ere, alienazio kontzeptuak Pariseko eskuizkribauak-etatik Kapitala libururaino, Marxen obra osoan irauten duela.
Baina Marxentzat, alienazioa ez da gertaera abstraktu bat. Gaurko egoeran, dio Marxek Pariseko eskuizkribuak-etan, indibiduoak alienatuta daude, giza komunitatea ez da komunitate errealaren karikatura bat besterik.
Marxek, Familia Saindua liburuan, gizakiaren eta honen errealitatearen arteko banaketa bezala definitzen du alienazioa. Alegia: «un estado de separación total entre el hombre y su realidad objetiva».
Arrazoi du, beraz, Adam Schaff jaunak, hau esatean: «Marxentzat, gizaki egiazkoaren eta gizaki errealaren arteko gatazka bat da alienazioa». Gizaki egiazkoa eta gizaki erreala; gizaki erreala, gaurko gizarte alienatuan bizi den gizakia da, noski.
5. Gizakia: «erlazio sozialen osotasuna»
Baina zein da Marxentzat gizaki egiazkoa delakoa? Galdera honek gizakiaren esentziaren gaira garamatza derrigorrez.
Marxek problematika antropologikoari ematen dion erantzuna ulertzeko, beharrezkoa da, Feuerbach-en aurkako Marxen seigarren tesia kontuan izatea. Aitortu behar dugu puntu horretan ezberdintasun handia dagoela Marxen eta pertsonalista kristauen artean, segidan ikusiko dugunez. Guztiok ezagutzen dugu Marxen seigarren tesiaren textu famatua:
La esencia humana no es una abstracción inherente al individuo humano. En su realidad es el conjunto de las relaciones sociales.
Alegia, gizakiaren esentzia ez da abstrakzioren bat, erlazio sozialen totaltasuna baizik.
Ideia hauen interpretazioak makina bat eztabaida biztu du pentsalari marxisten eta ez marxisten inguruetan.
Ohar bat egin beharra daukagu aurretik, nahasketatik itzurtzeko. Marx jaunarentzat, edozein gauzaren esentzia ez da zerbait abstraktu izaten; ez da kontzeptu edo ideia abstraktu bat, zerbait konkretu eta erreala baizik. Idealistengandik iheska, edozein sailetako abstrakzioaren lekuan, abstrakzio konkretua jartzen du Marxek, «abstrakzio konkretu» esaera honi kontraesana baderitzogu ere.
Feuerbach-en gizaki abstraktutik gizaki errealera igarotzerik ez dago, dio Marxek. Beraz, gizakiaren esentzia konkretua erabili behar da.
Non dago, baina, esentzia konkretu hau? Ez dago gizabanakoan: indibiduoak ez du esentziarik izaten. Gizakiaren esentzia gizaki kolektiboan dago. Giza kolektibitatearen erlazioetan ez bestetan dago, esan du Marxek bere seigarren tesian.
Guzti hau dela eta, Marxen eritziz, gizakia zertan datzan jakin nahi dezanak, ez indibiduoari, baizik begien aurrean duen gizarte konkretuari begiratu beharko dio.
Alde honetatik, hasieran aipatu dugun Emmanuel Mounier-en eritzia bermatu egiten dela dirudi. Marxen antropologian, egiazko gizakia ez da gizabanakoa, gizaki kolektiboa baino. Hona hemen, berriro, lehen aipatutako marxismoaren hutsunea.
Hau esatea gehiegizkoa da beharbada. Marxen gizakiazko planteiamenduetan bai bait dago hori baino baikorragorik.
Marxen jarrerak badu, noski, bere logika eta arrazoia. Marxentzat indibiduo isolatua gizatasunaren eredutzat hartu nahi izatea, indibiduokeria da, guztiz onargaitza. Gizakia izaki soziala da, ez bakarrik azaletik, gertaera akzidental batzuengatik, bere esentzia eta mamiagatik baizik. Ez da bidezko Robinson Crusoeren gisako gizaki bakarti bat, bere intimitatean guztiz ezkutatua, eredutzat defendatzea.
Bada garaia, izan ere, errobinsada guzti horiek saihesteko.
Bat gatoz, beraz, Marxen perpaus batzurekin. Adibidez, hau esaten duenean: «la verdadera riqueza intelectual del individuo depende enteramente de sus relaciones reales»[21]. Edo beste hau dioenean: «las circunstancias hacen a los hombres más que los hombres a las circunstancias». Inork ez du ukatuko esaldion arrazoizkotasuna.
Seigarren tesia bururaino eramateak, ordea, gizabanakoaren erabateko ukapenera eraman lezake. Exenplu bat, Marxek Grundrisse direlakoetan esandakoa: «La sociedad no se compone de individuos; representa solamente la suma de las relaciones y de las condiciones en las cuales se encuentran entre sà los unos respecto a los otros»[22].
Aitortu beharra daukagu, nahiko gogorra dela textu hau, interpretazio estu bat egitekotan.
Hitzez hitz hartzen badugu, ez dago indibiduorik. Edo, behintzat, indibiduoak ez du batere garrantzi sozialik, batere eskurik gizartearen eraikuntzan. Ez da historiaren subjektu aktibo, subjektu pasiboa baizik.
Nik ez dut uste Marx gehiegikeria horiekin bat etor zitekeenik. Dena den, gure helburuari jarraitzeko, seigarren tesiaren beste ondorio garrantzizkoaz mintzatu behar dugu.
Marxen eritziz, gizakiaren esentzia erlazio sozialen totaltasuna delako, pentsatu ohi den baino askoz sakonagoak dira indibibuoen arteko eraginak. Erlazio sozialak direla medio, indibiduoek bere buruak kreatzen dituzte. Ez dira kanpoko botere baten ondorio. «Los individuos se crean entre sà los unos a los otros tanto en lo fÃsico como en lo moral» dio Marxek Ideologia alemana liburuan[23].
Hau da, baita, Marxen perpaus famatu batzuren esanahia: «nosotros somos nuestros propios forjadores», «los forjadores de nuestra vida, de nuestra mente».
Schaff jaunak oroitarazten duen bezala, Antonio Gramsci da ideia marxiano hauen profetarik handiena; Gramsci-rentzat, hau da gizakiaren definizioa: «El hombre es un proceso, el proceso de sus propios actos»[24]. «Bai esan zabal eta baikorra!», dio Schaff jaunak perpaus hauek aipatuz. Baliteke puntu honetan egotea antropologia marxianoaren mamia:
El concepto del individuo como parcela de la naturaleza, como parcela de la sociedad y producto de la autocreación, es decir como resultado práctico de los hombres creadores de la historia, estos son los fundamentos esenciales de la concepción marxiana del individuo.
Jean Lacroix pertsonalistak honela kritikatzen du gizakia autokreazioaren ondoriotzat agertzen duen kontzepzio hau:
Para el hombre socialista la historia universal no es nada más que la procreación del hombre por el trabajo humano.
Merezi du, ordea, Schaff-en ikuspuntua pixka bat aztertzeak, batez ere gizakiaren kontzeptua, gizakia gizartearen zati edo partzela bezala agertzen duena. Zer esan nahi du Schaff-ek, gizakia gizartearen «partzela» edo zatitxo bat dela esatean?
Schaff berak ohartarazten duen bezala, pentsaera pertsonalista kristaua eta pentsaera marxianoa zeharo desberdinak dira elkarrengandik.
6. Marx pertsonalista ote?
Pertsonalistek indibiduo eta pertsona kontzeptuen arteko bereizketa oinarrizko bat egiten dute. Indibiduoa, gizartearen zati bat da eta, alde honetatik, gizartearen errealitateak zeharo kondizionatua dago. Pertsona, berriz, ez da gizartearen zati bat, zeharo haundiagoa den zerbait baizik: izaki librea, bere buruaren jabea, transzendentea; pentsamendu, zientzia, teknika, ekintza eta abarren kreatzailea. Nahiz eta gauzarik txikienetan izan, kreatzailea da pertsona; gauza askoren sustrai eta hasiera; beti miragarri eta harrigarria. Pertsonagandik abiatzen bait dira historiaren bide guztiak.
Personaren barnean dago existentziaren enigmarik haundiena.
Hitz batean: pertsonalisten ikuspuntutik, pertsona ez da gizartearen zati bat, osotasun eta totaltasun bat baizik.
Ideia hauetatik dator, hain zuzen, pertsonalista batzuek maiz aipatzen duten slogan ezaguna: «el individuo para la sociedad, la sociedad para la persona».
Schaff-ek Marxen pentsaera antropologikoaz egiten duen interpretazioa, guztiz bestelakoa da. Interpretazio honen arabera, gizakia zati bat da beti eta alde guztietatik. Indibiduo biologiko bezala naturaren zati bat da. Pertsona bezala, gizarteko erlazioen totaltasunaren zati bat da halaber. Indibiduo biologiko baten gainean igarotzen diren erlazio sozialek haren pertsonalitatea eratzen dute.
Mapa batean gertatzen den bezala: mapa horretan erlazio-sistema bat agertzen da, totaltasun bezala. Hiri jakin batetik igarotzen diren bideek, berriz, sistema partzial bat eratzen dute. Besteak beste, hau da Marxen seigarren tesiaren interpretazioan, gizakiaren kontzeptu konkretua.
Hala eta guztiz ere, Schaff-ek ez du gizaki bakoitzaren originalitaterik ukatzen. «Todo individuo constituye un microcosmos particular y su muerte marca el fin de un mundo determinado».
Neri, pertsonalista kristaua naizen aldetik, Marxen pentsaera antropologikoaren interpretazio honek ez dit gauza haundirik esaten. Baina aitortu behar dut —berriro esango dut— pertsonalismoa ez dela zientzia bat, sistema bat, teoria bat, ideologia bat, baizik sinesmen bat, fede bat pertsonaren existentziaren gainean.
Lan honen konklusio gisa, honako hau esan genezake: batzuek Marx pertsonalistatzat aurkeztu badute ere, nik ez dut uste hau egia denik. Nire eritzi apalean, horregatik, ez dago batere sinkretismorik bi antropologia hauen artean.
[Oharrak]
[1] MOUNIER, Emmanuel: «Manifeste au service du personnalisme», in: Oeuvres, I, Edit. du Seuil 1961, 519 or.
[2] Ibid.
[3] MARITAIN, Jacques: La personne et le bien commun.
[4] BORNE, Étienne: «Mounier et le marxisme», in: Esprit, 1972, 217 or.
[5] MARX, Karl: Le Capital, IV, aip. in: SÈVE, Lucien: Marxisme et Théorie de la personnalité, Eds. Sociales 1969, 96 or.
[6] SCHAFF, Adam: Le marxisme et l'individu, Lib. Armand Colin 1968, 46 or.
[7] Idem, 57 or.
[8] Idem, 58 or.
[9] SÈVE, Lucien: aip. lib., 27 or.
[10] Idem, 28 or.
[11] JAY, Martin: L'imagination dialectique: Histoire de l'Ecole de Francfort, Payot 1977, 197 or.
[12] Aip. lib., 97 or.
[13] Ik., adibidez, ALTHUSSER, Louis: Réponse à John Lewis, Maspero 1973.
[14] P.V.F. 1972.
[15] MARX, Karl: Le Capital, I, 3, in: Oeuvres de Marx, I, Pléiade, 63 or.
[16] ID.: Les manuscrits de Paris (1844), in: Oeuvres de Marx, II, Pléiade, 63 or.
[17] MARX, Karl-ENGELS, Friedrich: L'idéologie allemande, Eds. Sociales 1968, 59 or.
[18] MARX, Karl: Critique de l'Economie Politique, in: Oeuvres I, Pléiade, 273 or.
[19] L'idéologie allemande, 51 or.
[20] Ibid.
[21] Idem, 67 or.
[22] MARX, Karl: Grundrisse, in: Oeuvres de Marx, II, Pléiade, 281 or.
[23] L'idéologie allemande, 67 or.
[24] SCHAFF, Adam: aip. lib., 85 or.
El sistema de búsqueda busca una sucesión de letras dada (no funciona con lematizador y no realiza análisis lingüístico).
Busca las formas que comienzan con la sucesión de letras dada, y no contempla dicha búsqueda en interior de palabra (el resultado de la búsqueda barc será barca, barcos, Barcala, Barcelona, barcelonesa..., pero no embarcación, embarcarse...).
Se pueden buscar sucesiones de palabras (pacifismo cristiano, por ejemplo, o partido comunista francés).
Es posible especificar el corpus: solo en textos en castellano / solo en textos en euskera / en todos los idiomas (euskera, castellano y francés).