Carlos Santamaría y su obra escrita
Euskal Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitatea ez dira bat
Zeruko Argia, 708 zk., 1976-10-17
Bi eginkizun diferente dago uste dudanez, gure Unibersitatearen alorrean. Batari «Euskal Unibersitatea» dei lekioke; besteari, berriz, «Euskal Herriko Unibersitatea» izena emango nioke nik, bion arteko desberdintasuna ongi azaltzeko.
Honekin ez dut esan nahi, inolaz ere, bi eginkizun horik elkarkontrakoak direnik. Bidea ez da, nere iritziz, bata ala bestea egitea, bata eta bestea egitea, baizik, biak erabat egin behar direlako.
Baldin «ez-euklideko» geometriaren hizkuntzaz baliatzen uzten bazait —non paralelak elkartzen baitira— nik bi bide horik paralelak direla esango nuke.
Halere, bi bideak, azken fina, helburu bakar batera jotzen badute ere, gure herriaren kultura hazi eta ugaritzea, alegia, bakoitzak bere eginkizun bereziari jarraitu behar dio, oraingoz behintzat.
Euskal Herrian dauden eta egongo diren unibersitate eta sasi-unibersitateen multzoari «Euskal Herriko Unibersitatea» izena emango diogu. Aldiz, uste honek utopia itxura badu ere, nere terminologiaz «Euskal Unibersitatea» euskal kultura eta hizkuntzaren «alma mater» izan beharko litzatekeen euskerazko unibersitatea da.
Bat nator, esan beharrik ez, Mitxelena jaunak «Punto y Hora» aldizkariaren 11. zenbakian esandakoaz. Zor zaigu, Unibertsitate ofiziala, berari dagozkion barrutiekin, eta ez nolanahiko unibertsitatea gainera, baizik medio guztiez hornitutako unibertsitate modernu bat edo batzuk.
Estatuaren Unibertsitatea ez da gure herrirako gaitz bat izango, on handi bat baizik, eta gurea izanen da unibertsitate hau, geuretzakotzen jakingo dugun neurrian berean hain zuzen. Baina, geuretzakotze hori erdiesteko, beharrezkoa izango da, gure irakasle gazte askoren Estatuaren zerbitzurako gogotxarra eta eznahia lehenbizi gainditzea. Besteak beste, gure gazteriaren aspaldiko joera honek ez omen du ondore onik izan gure herriaren bizitzarako. Unibertsitate pribatu batzuen interesak defendatzeko, gazteria Unibertsitate ofizialetik urrundu nahi izatea, ez dela joku garbia izaten ere garbia da.
Beste kontu bat da, ordea, «Euskal Unibertsitate» delakoari dagokiona.
Aipatutako artikuluan «gure gizartearen emasabelean jaioa eta gure gizarteari josia, ingurukoak eta ez hain ingurukoak ez bezala zikin mantxarik» gabeko iduripenezko unibersitate batez mintzatzen da. Antzinako jarrera jakin bat parragarritu nahi izatekotan ongi da, baina nik ez dut uste gaurko egunean inork holako izugarrikeria sostengatzen duenik. Dena den, nik artikulu honetan «Euskal Unibersitate» deitu diodanari, deskripzio hori ez dagokiola esan behar dut.
Ordea aipatuko «alma mater» delakoa, euskal kultura eta hizkuntzaren burua izango litzatekeen euskerazko unibersitatea, alegia, utopia huts bat ez ote da?
Hau da, nonbait, guztiok sumatzen duguna, nahiko federik ez dugu eta.
Inork ez ahal daki, oraingoz, utopia den ala ez. Euskal Herrian orain gertatzen ari den gauza asko utopiatzat hartuko zukeen Unamuno handiak. Eta mundu honetan egin diren gauzarik gehienak utopiatzat hartuak izan dira aurretik.
Nik beste hitz bat erabiliko nuke kasu honetan, «ukoopia» hitza, Henri Desroche pentsalariak asmatutako. Ukoopia, erdizka bada ere behin edo behin eginkatzen hasi den utopia bat da. Fourierismo zelakoa eta Israel Legerria, orain errealitatea bihurtu dena, ukoopia exenplo klasikoak ditugu.
Beraz, Euskal Unibersitatea ukoopia bat dela esan dezakegu, bera, nolabait ere, eginkatzen hasi delako. Uztarizko kaos txikia, esate baterako, zer da Euskal Unibersitatearen entsaio edo hastapen bat baizik?
Holako lana ez omen da inolako istituzio ofizialen bidez abiatuko, oraingoz behintzat. Bide luze horri jarraitzeko euskaldun kulturadun berek euskal hizkuntza landu eta leundu behar dute, gero eta gehiago, bera unibersitateko mailara heldu arte. Hor duzue «Elhuyar» taldea egiten ari den lan izugarria. Hori eta hori bezalako amaika lan da, gaurko Euskal Unibersitatea edo honen hazia eta hastapena izan litekeena.
Ortega y Gasset jaunak bere «Misión de la Universidad» hitzaldi famatuan Unibertsitatearen lehengo egitekoa kultura iraun eta jarrai araztea dela esan zuen.
«Euskal Herriko Unibertsitatea» da, hain zuzen ere, kultura orokorraren aldetik, lan hori gure herrian egingo duena. Nonbait erderaz egingo du.
Euskal kultura eta euskerari dagokiona erderaz ere egin nahi izateari kontradizio bat deritzat. Euskera diglosiaren purgatoriotik libratu nahi badugu, «Euskal Unibersitate» bat, edo zerbait holakorik, antolatu behar dugu nahi eta nahiez.
Noiz nola egingo da, zerbait hori? Hori da nere kezka. Benetan «Euskal Unibersitatea» lortzea zailagoa dirudi, «Euskal Herriko Unibersitatea» baino.
Bi lanak, bi bideak, paralelak direla esan dut lehen, eta berriz ere esaten dut. Baina komeni omen zen, hala eta guztiz ere, bi gauzak bereiztea, gero berriro elkartzeko. «Elkartzeko, berezi» Maritain jaunak esan ohi zuen bezala.
El sistema de búsqueda busca una sucesión de letras dada (no funciona con lematizador y no realiza análisis lingüístico).
Busca las formas que comienzan con la sucesión de letras dada, y no contempla dicha búsqueda en interior de palabra (el resultado de la búsqueda barc será barca, barcos, Barcala, Barcelona, barcelonesa..., pero no embarcación, embarcarse...).
Se pueden buscar sucesiones de palabras (pacifismo cristiano, por ejemplo, o partido comunista francés).
Es posible especificar el corpus: solo en textos en castellano / solo en textos en euskera / en todos los idiomas (euskera, castellano y francés).