Carlos Santamaría y su obra escrita
Kristogan sinestea
Anaitasuna, 219 zk., 1971-09-30
ANAITASUNAren zuzendari jaunak galdetegi bat bidaldu zeutan, bizpahiru hilabete direla, benetan garrantziduna eta interesgarria.
Galdera guziek giharrean jotzen zuten, zuzen zuzen. Eskoletan erlijioa erakatsi behar da? Euskal apaizen jokabideari zer deritzazu? Apaizek burgesia eta sinesmena ez ote dute batean defenditu nahi? Kristau demokraziari buruz zer uste duzu? Baldin, egunen batez, Aita Santu hautatua bazina, zer egingo zenuke, teorian behintzat? Eta abar.
Hamazazpi galdera ziren. Eta zer galderak? Erantzunak emanez gero, bakoitzeko liburu oso bat beharko litzateke. Esate baterako, honako hau zen lehenengoa: «Zer esan nahi du zuretzat 'Kristogan sinesten dut' esaerak»?
Aldizkari honen artikulu bakoitzak batez beste mila hitz baditu, hirurogei hitzetan eman behar zitzaion erantzuna galdera bakoitzari. Baina nola egin, Kristogan fedea hirurogei hitzetan erakusteko, neure pentsaera bera trahitu gabe? Eta ia gauza bera zen beste erantzunetaz.
Zuzendariak proposatutako lehenengo gaiak nahiko garrantzia duela pentsatu dut, artikulu oso bat berari ezartzeko. Gainerako galderak bana banaka erantzungo ditugu gero, Jainkoak eta zuzendariak nahi badute.
Eta goazen orain harira. «Kristogan sinesten dut» esanbidea erabiltzen dudanean, zer esan nahi dut?
Agiri da, norbaitek horrelako hitzak esan dituelarik, sinesmen sailean jartzen dela, ez zientzi sailean. Sinesmodu asko dira munduan, erlijiokoak nahiz erlijiogabekoak, eta guziek —zenbait saihetsetatik behintzat— dinamika bera dute.
Sinestea biziaren azkeneko hitza da. Apostu antzekoa da, sinestean geure bizi osoa bahitzen dugulako. Fede batek bereganatu egiten gaitu sinestean.
Baina bereganatze hori ez ote da desarrazoizkorik izango? Ez dut uste. Batere sinesterik gabe bizitzea, berriz, absurduan bizitzea delakoan nago.
Sinestea, absurdua ezeztatzea da, Jean Lacroix pentsalariak dioen bezala. Zorionekoak, beren bizirako, helburu erabateko bat aurkitzen dutenak!
Nik esandakoa alde zabal zabal batetik har ezazue, mesedez; lehen esan dudan bezala, sinesmolde asko bait dago munduan.
Adibide bat emateko, egiazko marxistak fede bat daduka, burrukara deitzen diona, eta haren biziari esannahiren bat ematen diona. Erabateko burrukalari bat den aldetik, sinesle bat da marxista hori. Ez da munduan zehar jomugarik gabe ibiltzen. Beretzat marxismoa ez da bakarrik historiaren zientzia bat, historiako sineste bat baizik. Zientzi itxura baino zerbait gehiago ba du marxismoak, jendeak milioika bereganatzen dituelako. Zerbait hau, sineste bat dela esan dezakegu.
Besteak, hots, batere federik gabe bizi direnak, helbururik gabe bizi omen dira, nahiz eta ahaldunak izan eta aberatsak. Pascal-en «divertissement» delakoan bizi dira.
Nik ez dut esango —inolaz ere— nire ustez fede edo sineste guziak berdinak direnik, gizonaren aldetik zerbait analogia dutela baizik.
Ikus dezagun orain, nire Kristogan sinestea nolakoa den.
Niretzat Kristogan sinestea, Kristogan beragan biziaren esannahi azkenekoa aurkitzea da. Heriotzearen absurdua ukatzea, berarekin. Beragan azkeneko apostua egitea.
Ba dakit, teologoek makina bat gauza idatzi dutela fedeari buruz. Ni, ordea, teologo edo «teometra» ez naizen aldetik, ez naiz sartuko sasitarte horretan. Neronen kristau esperientziaz mintzatzen naiz, besterik ez.
Izan ere, Kristogan fedea gauza guziz pertsonala da, Kristorekin berarekin topatze pertsonal bat delako. Hau ere hamaika bider esan da. Baina egia da. Nire ustez, kristau bakoitzaren fedea «species» bakarra da. Besteak ez dira ibili, nire ibili naizen bidetatik. Ez dituzte nozitu, nik nozitu ditudan minak. Ez dituzte ikusi, nik ikusi ditudan argiak. Ez dira bizi izan, ni bizi naizen ilunpetan. Nola jarriko nuke, beraz, neure fedea jenero edo kontzeptu baten pean, gauza guziz objetiboa balitz bezala?
Unamuno handiak, «ni, Miguel de Unamuno, espezie bakarra naiz» esan ohi zuen. «Thou art thyself, though not a Montagu». «Zu, zerori zara, eta ez Montesco bat», esaten dio Julietak Romeori, Shakespeare-ren antzerkian.
Eta marxista batek, Adam Schaff jaunak, honako hau idatzi du, bere «Marxismoa eta indibidua» liburuan: «Indibidua, estruktura osoa eta bakarra den aldetik, beregango mundu bat da, 'un monde en soi', heriotzearekin ezereztatzen dena».
Nik, biziaren ilunpe honetan murgildurik nagoen honek, Kristorekin espero dut neronen baitako mundu hau ez dela ezereztatuko heriotzean. Nik, neuregango mundu bat naizen aldetik, neure apostua egina dut, eta beste sinesterik, Kristogan dudanaren ordez, ez dut aurkitu, eta ez dut uste aurkituko dudanik.
Nire Kristogan fedea nirea da, eta ez diot utziko batere teometrari nire barnean, nire barneko eremuan sartzen. Baina honek ez du esan nahi, niretzat fedea zerbait guziz subjetiboa denik. Ni munduan bizi naiz eta nire fedea nirekin munduan dago. Nire besteekiko harremanak sakonagoak eta ugariagoak bihurtzen dira, fedeari esker. Niretzat fedeak ez du batere zerikusirik indibidualismoarekin. Neure lagunaren pertsonan sinesten laguntzen daut fedeak.
«Zeruetan dagoen» Aitaz oroitzeko agintzen daut Kristok, baina batean Zeruetako Erreinua gure artean dagoela erakusten. Beste bizian sinesteak, bizi honetan sakonagoki tinkatzen nau. Nire fedea guziz soziala da.
Egia da, Kristogan sinestea hamaika mitoz eta formulaz jazten dugula. Egiazko fedea, ordea, berez gorria eta soila da, gau izugarri bat bezalakoa. Fedea burruka bat da. Niretzat ez da posible fedean instalaturik egotea.
El sistema de búsqueda busca una sucesión de letras dada (no funciona con lematizador y no realiza análisis lingüístico).
Busca las formas que comienzan con la sucesión de letras dada, y no contempla dicha búsqueda en interior de palabra (el resultado de la búsqueda barc será barca, barcos, Barcala, Barcelona, barcelonesa..., pero no embarcación, embarcarse...).
Se pueden buscar sucesiones de palabras (pacifismo cristiano, por ejemplo, o partido comunista francés).
Es posible especificar el corpus: solo en textos en castellano / solo en textos en euskera / en todos los idiomas (euskera, castellano y francés).